"Herriko bertsolarientzat kabi moduko bat izan zen Bertso Astea"
1982an egin zen Oiartzunen lehenengoz Bertso Astea, baina ez zen bertso jaialdi bat antolatzen zen lehen aldia. Orduko irudi eta bideoak erabilita, dokumentala ondu dute Mitxelenak eta Kaxkak.
Karmele Mitxelena eta Joxe Kruz Ezeiza 'Kaxka', Oiartzunen.Imanol Saiz Gomez de Segura Karmele Mitxelenak eta Joxe Kruz Ezeiza Kaxka-k Bertso astea eta askoz gehiago dokumentala egin dute. Oiartzungo Bertso Astea du oinarri ikus-entzunezkoak, eta lana egiteko 4.000 argazki eta beste horrenbeste bideo digitalizatu dituzte.
Bertso astea eta askoz gehiago dokumentala egin duzue. Oiartzungo Bertso Astearen inguruan mintzo da lana, baina, zer zen egitasmo hori?
Joxe Kruz Ezeiza ‘Kaxka’: Giriziaren sorrerarekin sortu zen Bertso Astea. Girizia bilerak egiteko leku bezala sortu zen, baina bertako kide zen pertsona bakoitzak bere zaletasunak zituen: mendia, zikloturismoa… guk bertso saila esan daitekeena hartu genuen. Bertsoarekiko zaletasuna zegoen, eta, esaterako, ikastolaren aldeko jaialdiak-eta egiten zirenean esku bat botatzen genuen. Ez zegoen lekurik bertsotan aritzeko, eta jaialdiak egin nahi genituenean posteak sartu eta kableak tiratuta egiten genituen oholtzak. Oro har, asto lan handia egiten genuen.
Zailtasun horiek guztiek gainditu genituen Madalensoro frontoia egin zenean, egitura horri esker leku bat eskuratu baikenuen elkartzeko, eta bertso jaialdiak bertan antolatzen hasi ginen. Bertso Astea baino lehen Oiartzungo Bertso Txapelketa bat egin genuen, eta, gero, Mattinen omenaldia egin genuen Madalensoron. Bete egin genuen frontoia, eta horri nolabaiteko jarraipena eman nahi genion; hala otu zitzaigun Bertso Astea egitea. Tira, Errenterian Musika Astea egiten zen, eta gu musikariak ez izanagatik ere eta bertsoarekiko afizioa genuelarik, Bertso Astea antolatzea erabaki genuen.
Beraz, Bertso Astea izenarekin noiz izan zen lehen edizioa?
Kaxka: 1982an.
Hortaz, Bertso Astearen antolatzaileak bertsoen zaletu batzuk zineten.
Kaxka: Bai, hori da. Gero, esaterako, ikastolaren aldeko jaialdiak egiten zirenean gaiak jartzen ere ibili ginen, baina Juan Mari Lekuonak lagundu zigun denbora luzez horretan.
Zenbat urteko bizitza izan du Bertso Asteak?
Karmele Mitxelena: Ez dakit esaten azkena noiz izan zen, baina guk bideoak 1996 arte ditugu jasota, eta argazkiak, berriz, 2000. urtera arte. 2006-7 buelta horretan izango zen azken edizioa, baina azken urte horietan oso ezberdina zen Bertso Astearen formatua. Errelebo gisa batzuk sartu ginen eta hasiera batean heldu genion herriko txapelketa bat antolatzeari: bazkariak egiten ziren elkarteetan, eta gero egiten zen finala, baina konturatu ginen bazkariak ez zuela lehen bezala funtzionatzen, eta formatu aldaketa bat eskatzen zuela egoerak. Azkenek urte horiek hasierako Bertso Astearen egitarau oso horretatik gutxi zeukaten. Hiru ekintza edo pilatzen ziren aste batean edo asteburuan, baina ez gehiago.
Dokumental bat egitea izan da hasieratik ideia? Edo prozesu baten ondorio izan da?
Mitxelena: Prozesuaren ondorio izan da. Oso txikitik hasi ginen hasiera batean, ez baikenuen baliabiderik. Argi genuen ingurukoekin-eta hitz eginda lehenengo gauza zela argazki guzti horiek digitalizatu eta izen abizenak jartzea: momentu hori non zen, zein bertsolari zeuden irudian eta ea une edota istorio horrek zerbait berezirik bazuen, eta hori berak -Kaxkak- bakarrik egin zezakeen. Lehenengo lana hori izan zen, altxor hori digitalean izatea.
Lan horretan murgilduta geundela pixkanaka konturatu nintzen argazkiak garrantzitsuak zirela, baina Kaxkak argazki horien inguruan kontatzen zuen guztia ere nolabait jaso egin behar zela. Hori zen benetako altxorra. Beraz, behin argazkiak digitalizatuta genituenean bildu ginen. Ia 4.0000 argazki ziren eta bideoak ere bagenituen. Lehenbizi Girizian elkartu ginen telefono mugikorrarekin grabatzeko, eta hor jaso nituen berak esaten zituen istorio eta bestelakoak. Gero, saiatu ginen udalaren diru laguntza bat lortzen; hasierako asmoa zen Kaxkaren ahotsa ondo eta modu digital batean gordetzea, baina Gexan Mendizabal artistarekin jarri ginen harremanetan, eta lana modu sinplean egin beharrean zerbait txukuna egiten hasi ginen.
Dokumentalerako erabili dituzuen argazki eta bideo horiek nondik hartu dituzue?
Mitxelena: Udaletxearen azpian dago artxibo bat, eta material guztia han zegoen oso txukun jarrita.
Kaxka: Elkarteko lehendakari zenak urtero argazkiak albumetan izendatuta sartzearen lana hartu zen, eta horrek lana erraztu zuen, nik argazkia ikustearekin bakarrik oroitzen bainuen zer gertatzen zen irudi bakoitzean. Argazki albumez gain esku programak, kartelak, fakturak, bertso saioetako sarrerak… dena dago gordeta
Mitxelena: Dena oso txukun zegoen, eta albumak urtetik urtera zenbatuta egoteak erraztu egin digu horrek prozesua.
Kaxka, kontuan izanik Oiartzungo Bertso Astearen hasieratik ibili zarela antolakuntzan, zer suposatu du zuretzat argazki eta material guzti horien artean ibiltzeak?
Kaxka: 80ko hamarkadako album bat ireki nuenean, 1977 edo 1978koa, argazkiei begira jarri eta jabetu nintzen zenbat jende falta den. Publikoko jende asko falta da, baina baita oholtzan abesten ari diren asko ere. Horietatik ale batzuk baino ez gara geratzen. “Denbora zeinen azkar pasatzen den” izan da burutik pasa zaidana. Karmeleren aita ere bertsotan aritzen zen, eta hura ere agertzen zen irudietan.
Mitxelena: Nik neuk ere aurkitu dut zenbait jaialditako publikoan aita.
Kaxka: Sagardotegietako txapelketetan ere saltsa polita jartzen genuela oroitarazi didate argazkiek; herriko jendea joaten zen saioetara, eta bertsolariekin kupel artean egoten ginen. Orduko afizionatuak eta bertsotan aritzen zirenak biltzen genituen.
Esku artean material mordoa izan duzue, baina aukeraketa bat egin behar izan duzue dokumentalerako. Zeren arabera egin sailkapena?
Mitxelena: Nik entzunak nituen Kaxkaren istorio batzuk, eta egia esan horien arabera. Nik jasotzea nahi nituen horiekin lotuta zeuden argazki eta bideoak erabili ditugu batez ere, dokumentala ez baita horrenbeste dauden argazki eta bideo guztiak erakustea, Kaxkaren ahotsari leku bat ematea baizik.
Istorio oso bereziak dakizki, eta horiek hartu nituen, Mattinen omenaldia edota Uztapideren heriotza, kasu. Nahiko argi genuen zein aukeratuko genituen, eta gero horiek kronologikoki ordenatuta eman diogu hari bat lanari.
Lehenengo aldiz artxibora joan zinetenetik dokumentala amaituta geratu den arte, zenbat denbora pasa da?
Mitxelena: 2021a izango zen honekin hasi ginenean. Gogoratzen dut ekainaren 7 batean joan ginela lehenengoz artxibora, albuma ireki genuela, eta Mattinen omenaldiaren eguna zen. Alegia, Mattinen omenaldiaren egun berean joan ginen lehenengoz artxibora. Eneko Salaberria etorri zen gurekin, eta hark esan zigun duela 40 urteko argazkia zela.
Zuen ustez Bertso Asteak zein ekarpen egin dio herriari?
Mitxelena: Nik uste dut herriko bertsolarientzat kabi moduko bat izen dela. Plazara ateratzen ez ziren bertsolari asko plazara ateratzea ausartu ziren Bertso Astearen aitzakiarekin, eta askoren lehen plaza Bertso Astean izan zen. Bestalde, bertso mugimenduaren barruan antolaketa bat ekarri zuen, eta horrek bertsolaritzari on asko egiten dio.
Nola ikusten duzue gaur egungo bertsolaritza?
Kaxka: Ezberdintasun asko daude esate baterako gaiak jartzeko garaian eta baita abesteko garaian ere. Garai batean bertsolariak bata bestea menderatzea joaten ziren, eta gaur egun ez da horrelakorik ikusten. Gauza asko aldatu dira; garai horietan ikusten genuen jendeak ze eskola zuen, 14 urtera arte eskolan ibilitako jendea ginen bai antolatzaileak eta baita bertsolariak zein ikusleak ere. Gero hasi ziren bertsolariak karreradunak izaten. Are, gaur egun oholtzan dauden gehienenak karreradunak izango dira. Entzuleen artean ere aldaketa izan da.
Garai horretakoak garenok ohitu egin behar dugu oraingo egoerara nahiz eta gauza guztiak ez ulertu. Nik uste dut gaurko bertsolaritza oso osasuntsu dagoela. Begira zenbat emakume atera diren oholtzara azken urteetan. Guk Bertso Astea egiten genuenean hona emakume bakar bat etortzen zen, gerora hasi ziren gehiago bertaratzen. Gaur egun edozein txapelketetara joaten dira; esaterako, begira Xilabako finala. Gizonezko bat bakarrik pasa da, eta hori da gaur egungo normaltasuna.
Mitxelena: Formatua bera ere asko aldatu da, batez ere azken urteetan. Garai batean argazkietan eta ikusten denez oso lotuta zegoen bertsogintza otorduari; ez zen soilik bertso saioa egiten, bazkaria edo otordu bat egoten zen tartean. Pentsatzen dut bertso saioaren aitzakian egun osoa joaten zitzaiela. Gaur egungo formatua ezberdina da; ordu eta erdiko saioak izaten dira gutxi gora behera; joan, ikusi eta buelta egiten dugu.
Kaxka: Hasteko, goizean gosaltzeko elkartzen ziren, eta kafea, kopa eta puruarekin bukatzen zuten bertsolari gehienek. Horiek ziren ohiturak. Gero, oholtzan, ardo botilak jartzen genituen aulkiaren ondoan. Ur botilaren bat ere bai norbaitek nahiko balu [barrez], baina normalena ez zen hori.
Dokumentala ikusteko aukerarik egongo da?
Mitxelenn: Ekainean Landetxen egin genuen proiekzioa, baina ez zen gehiegi zabaldu eta ez zen jende gehiegi hurbildu. Gerora, askoren belarrietara iritsi da proiektua eta jendeak proiektatzea nahi du. Are, alkateak berak esan zigun beste proiekzio bat egin nahi zuela. Azken boladan jende askok izan du dokumentalaren berri, eta ez dakit noiz eta nola, baina berriz proiektatzeko asmoa badago.
Kaxka: Ondo dago lana gordetzea etorkizun batean ere izan dezagun, baina ahal bada erakustea ere polita izango litzateke.
