Nahikoa dantza eta bihurrikeria eginda, amaitu dira Ihoteak
'Hurrengo urtera arte!' esan dute arratsaldean Oiartzunen; Intxixu, Basandre eta Sorginek herria utzi dute gaur.
Arratsaldearen hasieran eguraldia lagun ez bazuten ere, dozenaka oiartzuar fin-fin zeuden Doneztebe plazan lekua hartzen. Plaza barandez inguratuta zegoen, eta hainbatek agur festa lehen lerrotik nahi nahi zutenez, han izan dira, lurrean eserita kartoi zati baten gainean. Euria ere egin du tarteka, baina aterkia lagun izanik han jarraitu dute arik eta plaza jendez bete den arte.
Ostiral iluntzean iritsi ziren herrira Intxixu, Basandre zein Sorginak, eta eurena izan da Oiartzun egunotan. Makina bat bihurrikeria egin dituzte; zirikatu dituzte herritarrak, eta dantzan ere aritu dira. Alabaina, festa orok du amaiera, eta gaurkoa egun tristea izan da oiartzuarrentzat, dagoeneko ospa egin baitute herria hankaz gora jarri dutenak. Herritar guztiak batu, eta musika lagun zutela agurtu dituzte Intxixu, Basandre eta Sorginak.
HITZA Oiartzunen izan da arratsaldean, eta zenbait irudi bildu ditu. Hala ere, bihar goizean Ihoteetako argazki eta bideo gehiago argitaratuko ditu.
