Digitalizazio librea eta hezkuntza hizpide Torrekuan
Jardunaldia antolatu du TEKSek hezkuntza komunitateari begira; hilaren 25ean egingo du, Torrekuan.
Digitalizazio librea euskal hezkuntza askatzeko jardunaldia antolatu du TEKS Teknologia Libreak Sortu, Saretu eta Sustatzeko sareak. Hilaren 25ean izango da hori, asteazkenarekin, 10:00etan hasi eta 13:00ak arte. Bertan, Wikikasi eta beste esperientzia batzuk landuko dituzte. Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak, Talaios Kooperatibaren laguntzarekin, bigarren hezkuntzara bideratuta dauden ikas egoerak sortu ditu, Wikikasi. Wikimedia baliatzen duten ikas egoera libreak dira, eta LOMLOE legearen barruan kokatzen dira. Asmoa 9 ikas egoera sortzea da eta, orain arte sei argitaratu dituzte. Jardunaldian, proiektuaren nondik norakoa aurkeztuko dute.
Horrekin batera, Badalab eta Talaiosek elkarlanean sortutako Erronka digitala izena hartu duen azken ikas egoeraren aurkezpena egingo dute, eta xehetasun guztiak azaldu, ikasgeletan martxan jartzeko gidalerroak eskainiz. Helburua, ingurune digitala bere osotasunean kontuan hartuta hura ulertu eta ikuspegi kritiko batetik lantzea da, “gaur egun, paradigma digitalak aldaketa ugari eragin ditu, beraz, horren inguruko hausnarketa bultzatu nahi da ikas-egoera honen bitartez”.
Ginga jardunaldiari Nora Salbotxek jarriko dio, egingo duen hitzaldiarekin. Trebetasunak jakintza eta ezagutzak ekintza bilakatzen dituen hezkuntzaz hausnartuko dute Wikipediak proposatutako ikas egoera berrien bidetik, “curriculimeko edukiak sentitzera, pentsatzera eta egitera gonbidatuz”.
Hileko ekintzak
Ez da jardunaldia TEKsek antolatu duen hilabeterako jarduera bakarra. Hilaren 18an, asteazkenean, eguerdiko plana antolatu dute Oarsopedia ekimenaren baitan. 11:00etatik 13:00etara Wikihamaiketako bat egingo dute inguruko espazio, pertsonai, gertakari edo bestelako informazioak osatzeko Wikipedia tresnean. Oarsoaldeko jakintza era aske, burujabe eta kolektiboan jasotzea dute helburu.
Hurrengo egunean, 19an, 17:30etatik 19:30etara, auto-ostatze tailer bat (Selfhosting) antolatu du Talaios Kooperatibak. Bertan norbere internet propioa sortzeko aukera izango da. Tresna libreak domeinu propioan ostatu eta erabiltzeko gakoak ikasiz eta auto-ostatzearen kultura ezagutuz, Torrekuaren inguruan sortu nahi den komunitate horren lehen urratsak emango dira. Edozein informatika maila duen pertsonentzako dago bideratua. Nextcloud, Moodle, Pasahitz kudeatzaileak, argazki artxibategi propioa… tresna ezberdinak online jarri eta mantendu nahi duen orori zuzendua da.
Hilaren 23an, astelehena, UEUko lagunen bisita jasoko dute 3. solairuan. Artizarra sare sozial berritua aurkeztuko dute publikoki. Euskal komunitate zientifikoaren elkargune digitala berrikuntzekin dator eta Torrekuan informazio guztia jaso ahalko da 18:00etatik 19:30etan bitarte.
Hilaren 26an lehen kale tailerra antolatu dute. Hobetu zure kalea! Openstreetmap eta bestelako tresnekin jarduerarekin Orereta-Errenteria herriko kaleetan deskribapen zein mapeatze ohitura egokiak ikasten eta lantzen arituko dira. Ikasitakoa, beste herrietara aplikatu ahalko zaio, hori du helburu nagusi: “Mapa tresna hegemonikoak deseraikitzea, mapa tresna burujabeetan gure herriak eraikiz”. Torrekua eraikinaren atean elkartuko dira 17:00etan eta 19:00ak arte jardungo da iniziatiba.
Azkenik, hilabetea amaitzeko 27an ostiral arratsaldean Game Erauntsiako lagunak gerturatuko dira Torrekuara Bideojokoak euskaraz ekartzera. Bertan bideojoko batzuen itzulpenak zein Euskal Herrian sorturiko jokoak ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, 18:00etatik 20:00etara.
Ekitaldi guztiak doakoak izango dira eta euskararen erabilera lehenetsiko den arren, edozein pertsonak parte hartu dezake.
Programazioa
- 10:00-10:15: Aurkezpena Wikikasi
- 10:15-11:00: Erronka digitala ikas egoera
- 11:00-11:15: Galdera erronda
- 11:15-11:45: Atsedenaldia
- 11:45-12:30: Wikikas egoerak: elkarrentzako egiten jakin, hitzaldia Nora Salbotxekin
- 12:45-13:00: Itxiera
