Inauteriek eragina izango dute Pasaiako trafikoan
Larunbatean (hilaren 14an) Inauteriak ospatuko dira Antxon, Donibanen eta San Pedron.
Larunbatean (hilaren 14an) Inauteriak ospatuko dituzte Antxon, Donibanen eta San Pedron. Hiru barrutiak prest daude jada mozorroaren festaren zurrunbiloan murgiltzeko. Ospakizunek, ohi bezala, trafiko aldaketak eragingo dituzte hiru barruti horietan, eta horien guztien berri eman du Pasaiako Udalak.
Antxon aldizkako mozketak izango dira. 13:00etan karroza lehiaketa egingo da, Gure Zumarditik abiatuta. Axular plazatik pasa ondoren, Mimos tabernan bukatuko da ibilbidea. 17:30ean, aldiz, karropoteoa egingo dute, Ibaiondotik hasita. Honako ibilbidea osatuko dute: Mimos taberna, Hamarretxeta kalea, Blas de Lezo, Eskalantegi, Kamio taberna eta Axular plaza.
Donibanen Donibane kalea itxita egongo da 10:00etatik 19:00etara bitartean. Horrez gain, Lezobidea kalea ere itxiko dute, larunbateko 10:00etatik igandeko (hilaren 15a) 06:00etara. Hori dela eta, autobusek Meipiko biribilgunean egingo dute lehen eta azken geldialdia, oinezkoen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatu ahal izateko. San Roke 1eko eta Juan XXIIIko geltokiak zerbitzuz kanpo geratuko dira.
San Pedron Lamiak Dantza Taldeak kalejira egingo du 12:30etik 13:30era bitartean. Hori dela eta, aldizkako trafiko mozketak egongo dira Herriko plazan, Markina Ingeniariaren kalean eta Pasaman Alargunaren kalean. Honako ibilbidea osatuko du kalejirak: Frontoia, Arraunlari kalea, Torreatze, Kale zaharra eta frontoia. Arratsaldean, 19:30etik 20:30era, kalejira egingo dute txarangarekin, eta aldizkako trafiko mozketak egingo dituzte berriz. Ibilbidea goizekoaren berbera izango da.
