Lagun asko ditu Trapujalek
Lezoarrek besoak zabalik jaso dute gaur Trapujale. Lagun asko ditu herrian. Horien artean, Trapujale Saria jaso duen Xanti Val.
Ilusio eta gogo berpiztuarekin iritsi da gaur arratsaldean Trapujale Lezora 38. aldiz. Desiatzen ari zen Jaizkibelgo Martizkone baserriko ate eta leiho guztiak itxi, eta herrira jaisteko. 360 egun pasa dira akusazio larri eta gezurrez betetakoekin erre zutela iaz; herritarrek haren alde egin zuten. Ez zuen ezertarako balio izan. Iaz, eta aurreko guztietan defendatzaile izan dituen lezoarrek harrera egin diote gaur arratsaldean lehenik Lezo Herri Eskolan, eta ondoren herri osoan. Gaurko Ostegunzuri izan da Lezoko inauterien lehen eguna. Beste egunetako ekitaldiak beheko koadro urdinean ikus daitezke.
Tomas Garbizu Musika Eskolako kideekin kalebuelta egin du lehenik Trapujalek herritik; Donostiako Alde Zaharreko joaldunen taldea fidel izan du ondoan. Segizio handia izan da, suzidun eta bandera zuridun herritarrekin eta guzti. Behin plazan, Trapujale Dantza egin dute han bildutakoek, Trapujalek berak haren hizketaldia egin ondoren: “Iritsi da egun handia”, esan du, “inauteriei hasiera ematekoa. Ostegunzuri. Jaizkibelgo zuloa utzi eta udaletxera etorri naiz, urte osoko legea betetzera. Oraingoan ere pozez gainezka etorri naiz”, esan du. Lagun asko izan baititu ondoan Trapujalek: “Negua badoa poliki-poliki, eta laster etorriko da udaberria. Eman diezaiogun beraz, ongietorria. Ospatu inauteri egun hauek merezi duten bezala”.
Trapujale Taldeak Xanti Val Zabaletari aitortza oroigarria eman dio. Valek beste era batera bizi izan du gaurkoan Trapujaleren etorrera. Udaleko Kultura teknikari izandakoa ez da arduratu ea megafonia ondo zebilen, hesiak bere tokian jarrita ote zeuden, edo ordutegia betetzen ari ote zen. Hura festaren zati izan da. Gaurko festa egin ahal izateko egin duen lana, nahiz herrian kulturaren alde gauzatutakoak aitortu dizkiote. Trapujale Saria edo oroigarria jaso du Mikel Arruti alkatearen eskutik. Alkate baino, ordea, herritar bezala hitz egin du Arrutik. “Lezo eta kultura esaten denean, gehienoi Xanti Valen irudia etortzen zaigu. Trapujale Taldeak berriz ere asmatu du: merezitako eskertza jasoko duzu Xanti. Zure ahotsa entzuten denean, Trapujaleren ahotsa dela dirudi. Lezoartasuna zure barruan dago. Gaurko omenaldia oso berezia da. Kultura komunitatearekin lotua dago, kultura herrigintza delako, eta kulturarik gabeko herririk ez delako. Zuk hori guztia landu duzu udalean izan zaren bitartean”.
Hunkituta jaso du oroigarria Valek. Arras eskertua azaldu da sariagatik, “Trapujale Taldea bereziki eskertu nahi dut nitaz oroitu direlako”. Pozarren zegoen Val, plaza bete-bete eta Trapujalez jantzita ikusi duelako. “Baina sari hau ez da niretzat pertsonalki. Lezoko kulturaren garai bati dagokio, zeregin honetan izan garen askori dagokigu, bereziki lanean bidelagun izan ditudanei eskaini nahi diet. Eta batez ere etxekoari [bikotekideari] , hark jasan baititu askotan nire hemengo ordu-sartzeak”. Inauteriak herri baten arkeologia direla esan du Valek, negurik udaberrirako jauzian taupaden azaleratzea. “Saria inauteriak dauden bezala ikustea da. Gaur plaza betea ikustea, hori benetako poza da. Saria gu guztiona da”.
Hizketaldiaren ondoren, Arranpuila egin dute. Bihartik aurrera, inauteri giro gehiago herrian.
Ondoko irudietan, arratseko harreraren irudi sorta eta bideoa.
2026ko Lezoko inauteriak. Egitaraua.
Otsailak 13, Ostiralori.
- 09:15. Lezo Herri Eskolako eta Lezo Institutuko ikasleen desfilea.
- 10:30. Lezo Herri Eskolako eta Lezo Institutuko ikasleen ikuskizuna Bekoerrota kiroldegian. Gaia: Joko Olinpikoak.
- 11:15. Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleen Trapujale Festa Gurutze Santuaren plazan.
- 17:30. Gurutze Santuaren plazan, Sorgin dantza eta Zirikuen kalejira.
- 18:15. Lezoko Dantzazaleen desfilea.
- 19:20. Gurutze Santuaren plazan, Lezoko Dantzazaleen eskutik Zuberoako dantzak.
- 21:30. Pasaia-Lezo Lizeoko jangelan, Trapudrama bertso afari tematikoa. Bertsolariak: Maddi Ane Txoperena, Igor Elortza, Maider arregi eta Andoni Rekondo. Trapujalez edo haren inguruko pertsonaiaren batez mozorrotu behar da. Txartelak Arrutin eta Tiñelun salgai.
Otsailak 14, Larunbatgorri.
- 11:30. Kale Nagusiko Murixka Dantza Taldearen egoitzatik abiatuta, Euskal Herriko hainbat inauteritako dantzekin kalejira Murixkaren eskutik. Gurutze Santuaren plazan bukatuko dute bidea.
- 17:00. San Pedro auzotik, herri desfilea Jaixkipe txarangak girotua. Gaia: Kirola.
- 19:00. Karlos Saldise plazatik abiatuta, karro-poteoa. Jarraian, mozorro festaren aurkezpena eta talde argazkia Gurutze Santuaren plazan.
- 21:00. Koldobike Gezala pilotalekuan, mozorroen herri afaria, eta sarien banaketa. Gaia: Kirola.
- 23:30. Koldobike Gezala pilotalekutik abiatuta, Poteo txarangarekin kalejira.
Otsailak 16, Astelehenarre.
- 17:30. Gurutze Santuaren plazan, Lezoaundi Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren aurkezpena. Ondoren, kalejira.
Otsailak 17, Asteartebeltz.
- 15:00. Lezo Herri Eskolan, Trapujaleren Epaiketa Txikia. Ondoren, txokolatada.
- 19:00. Gurutze Santuaren plazan, Trapujaleren Epaiketa eta ondoren Herio Bidaia.
