Eskola Kirola, mugikortasun iraunkorrean
2024-2025 ikasturtean egin ziren desplazamendu guztietatik %45,18 modu iraunkorrean egin ziren, 5.400 bidaia denera.
Eskola Kirolak 800 parte hartzaile ditu ikasturte honetan. Ikasturteko ia larunbat guztietan egitasmoaren barruko jardunaldiak egiten dituzte eskualdeko lau herrietako kirol zelai eta kantxetan, eta horri begira, horietara joateko desplazamenduak era iraunkorrean egiteko ahalegina garatzen ari dira proiektuaren barruan dauden eragileak, 2030eko Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) bat egiteko. Joan-etorri horien ingurumen inpaktua gutxitzea da helburua, bizikletaren erabilera, oinezko joan-etorriak, garraio publikoa eta partekatutako autoak sustatuz.
Oarsoaldeko Eskola Kiroleko Mahaia osatzen duten Kirolaisi XXIeko teknikariek, ikastetxeetako eskola kiroleko koordinatzaileek, Oarsoaldea Garapen Agentziako Eskola Kiroleko koordinatzaileak eta udaletako kirol teknikariek elkarrekin egindako lana dago larunbatetako joan-etorriek iraunkor egiteko egitasmoaren atzean. Datu bat eman dute: 2024-2025 ikasturtean, egin ziren desplazamendu guztietatik %45,18 modu iraunkorrean egin ziren, 5.400 bidaia denera. “Urrats, pedalkada eta bidaia partekatu bakoitzarekin, Oarsoaldeak mundu bidezkoago, jasangarriago, oparoago eta baketsuago batekiko konpromisoa indartzen du, kirola ekintza klimatikorako eta garapen komunitariorako tresna indartsua dela erakutsiz”, esan dute Oarsoaldeko Eskola Kirolaren arduradunek.
Aurten, gainera, Eskola Kirolaren balioak inoiz baino ageriago jarri dira erdigunean, eta parte hartze parekidea, elkarrenganako errespetua, jarduera hezigarriak, euskararen sustapena eta ingurumenaren jasangarritasuna oinarri dituzten egitasmoak babestu eta sustatzea lehentasunen artean ezarri dituzte. “Oarsoaldeko Eskola Kiroleko Mahaiak horretan dihardu. Finean, haurra erdigunean jartzeak adierazten baitu bidea zein den”, esan dute.
Ikasturtea bukatzean, desplazamendu iraunkor gehien egin dituztenak saritzen ditu Oarsoaldeko Eskola Kiroleko Mahaiak.
