Kirol estadio bilakatu da Lezo Herri Eskolako patio estalia
'Kirola' da gaurko mozorro eguneko gaia, eta deialdiari fin-fin erantzun diote lezoarrek. Txarangak lagunduta, denak elkartu dira eguraldi txarrari aurre egiteko.
Inauterietako Larunbatgorri eguna ari dira ospatzen gaur lezoarrak. Iragan ostegunetik hasita, dozenaka ekitaldiz gozatzeko aukera izan dute herritarrek, eta gaur ere ez da gutxiagorako izan. Egunari hasiera dantzan eman diote, Euskal Herriko zenbait txokotako inauterietako dantzak egin baitituzte, eta, gaurko bigarren hitzordua arratsaldean izan dute, Lezo Herri Eskolako patio estalian hurrenez hurren.
Jaixkipe Txarangak lagunduta, San Pedro auzoan hasi eta Gurutze Santuaren plazan zen amaitzekoa hasiera batean egin behar zuten kalejira, baina euria medio, eskolako patioan elkartu dira hamarnaka lezoar.
Jaixkipe txaranga zain zuten herritarrek arratsaldeko bostetan patio estalian, eta jendea agertzen joan orduko jarri dituzte dantzan. Alabaina, hori ez da gaurko egunean herrian izango duten hitzordu bakarra, egitaraua goizeko ordu txikiak arte luzatuko baita [ikusi jardueren zerrenda behealdean].
HITZA arratsaldeko mozorro topaketan izan da, eta zenbait irudi bildu ditu.
Egitaraua
- 19:00. Karro poteoa herrian zehar Karlos Saldise plazatik abiatuta. Jarraian, mozorro festaren aurkezpena eta talde argazkia Gurutze Santuaren plazan.
- 21:00. Mozorro afari herrikoia Koldobike Gezala pilotalekuan. Afaria bukatu ondoren, sari banaketa. Gaia: kirolak.
- 23:30. Poteo Txaranga Koldobike Gezala pilotalekutik abiatuta.
