Komunitate zaintza sarea indartzeko, BIBErlazioak
BIBE proiektuaren jarraipena izango da, eta bizitza betearen gainean hausnartzeko gunea. Lehen saioa ostegunean egingo dute.
BIBE egitasmoa Lezon aurkeztu zutenekoa da ondoko irudia, 2024ko otsailekoa. Tokiko zaintza eta harreman ekosistema komunitarioa indartzeko, BIBErlazioak egitasmoa abiarazi du Lezoko Udalak. Herrian BIBE (Bizitza Berria eta Betea) azken urtean egin den proiektuaren jarraipena izango da. “Proiektu horretan, udalerriko adineko pertsonekin egindako diagnostiko parte hartzaile batek erakutsi zuen harremanak funtsezkoak direla ongizaterako, zaintzarako eta bizitza zentzudun baterako, baita tokiko topaguneak eta parte hartzerako espazioak sortzearen garrantzia ere”, zehaztu du udalak. Beraz, BIBErlazioak-en barruan topaketak egingo dituzte hilabete guztietako hirugarren ostegunetan, 17:00etatik 19:00etara, Zubitxo kaleko BIBEtokian; lehena ostegun honetan izango da.
Lezoko herritar guztien inplikazioa sustatu nahi dute harreman ekosistema komunitarioa indartzeko topagune horiekin. Hala, herriko eragileek eta adin guztietako herritarrek erabaki ahal izango dute nola zaindu, edo nola elkar zaindu Lezon espazio ireki eta parte hartzaileen bidez: “BIBErlazioak udalaren apustu instituzionalaren parte da, zaintza eta harremanak bizitza komunitarioaren erdigunean jartzeko. Helburu horrekin, herritarren parte-hartzea eta udalerriko eragileen arteko lankidetza funtsezko tresnatzat jotzen dira, gaur egungo eta etorkizuneko erronka sozialei aurre egiteko”.
Programa adineko pertsonekin egindako aurreko lanetik abiatzen bada ere, helburua da BIBErlazioak adin guztietako pertsonek partekatutako espazioa izatea, “Lezon komunitate-sentimendua eta zaintzarekiko konpromiso kolektiboa indartuz”. Lezon, ikuspegi hori iaz BIBE egitasmoaren baitan egindako parte-hartze prozesuan jaso zen; “bertan argi geratu zen harremanek eta komunitate-loturek erdigunean egon behar dutela zaintza, ongizatea eta bizi-kalitatea sustatzeko”. Edozein zalantza argitzeko edo informazioa jasotzeko bideak jarri ditu udalak: 621 15 66 04 telefono zenbakira dei daiteke, baita posta elektronikora mezua bidali ere.
Programa hori hainbat politika publiko, programa eta jardunbide egokiren testuinguruan kokatzen da, hala nola Zaintza HerriLab, Zaintza eta Gizarte Politiketako Sailak eta Adinberri Fundazioak sustatua; Ekintza Komunitarioko Esparrua, Gobernantza Onaren eta Berrikuntza Politiko-Sozialaren Zuzendaritzak garatua; eta Erlauntza ekimena, Etorkizuna Eraikiz programaren barrukoa. “BIBErlazioak-ek erreferente horiek udalerrira ekartzen ditu, zerbitzuen, elkarte-sarearen, profesionalen eta herritarren arteko koordinazioa sustatuz”, zehaztu du udalak..
