BIBE egitasmoari agur Gezalan
Bizitza betearen paradigman sakontzeko egitasmoak urtebeteko bidea egin du Lezon, BIBEtokia bizileku izan duelarik.
Gezalako ekitaldian parte hartu dutenen talde argazkia.Gipuzkoako Foru Aldundia Gaur egin dute Lezon garatu den BIBE (Bizitza Berria eta Betea) proiektuaren itxiera ekitaldia Gezala Auditoriumean. Proiektu horren xedea izan da Gipuzkoak ekarpen bat egitea bizitza-luzeraren eta bizitza betearen paradigma berriaren garapenari. Urtebetean, 1.000 pertsonak baino gehiagok gogoeta egin dute zahartzaroan zentzua eta esanahia duen bizitzari buruz, talde fokaletan, Lezoko BIBEtokian egindako dinamiketan edo galdetegien bidez. Ondorio nagusita bat atera dute: 57 urtetik gorakoen %70k ez diete eskatu nahi beren ondorengoei edo senideei beren zaintzaren ardura.
100 pertsona inguru izan dira goizean Gezalan egin den BIBEren itxiera ekitaldian. Mikel Arruti Lezoko alkatea; Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia; Marian Olabarrieta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Bizitza Osorako Laguntzen zuzendaria; Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua; Rakel San Sebastian Adinberriko zuzendaria izan dira, agintarien partetik, agertokian. “Javier Yanguas Aubixa Fundazioko proiektu-zuzendari eta BIBEko ikertzaile nagusiak hitzaldi bat eman du, eta elkarrizketa bat moderatu du Sacramento Pinazo-Hernandis eta Mercudo Perez Salanova adituekin.
“Era berean, herritarren dinamika bat egin da, Aptes buru zela, Lezoko bizilagunekin, BIBEren benetako protagonistekin”, jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. BIBE Eusko Jaurlaritzaren Berpiztu programaren barruan dago, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu du Adinberri Fundazioaren bidez. Programak urtebetetik gorako bidea egin du Lezon. Prozesuan zehar, Lezoko Udalaren, Aubixa Fundazioaren, Aptesen, Helduak Adiren, Aitona-Amonen Borda Erretiratuen Elkartearen eta Agijupensen laguntza izan du.
Eider Mendoza diputatu nagusiak parte hartu duten pertsona guztien ekarpena aitortu du. Bere iritziz, proiektua “erreferentziazkoa eta kontuan izatekoa” izango da, “eraldaketa demografikoaren ondorioz eta zaintzaren eta bizitza-luzeraren esparruan bizi ditugun aldaketa kultural eta sozialen ondorioz gizarte gisa aurre egin beharreko erronken aurrean”. Proiektu horrek ahalegin horretan jarraitzeko bide eman duela adierazi du Mendozak, “lankidetza eta komunitatearen aktibazioa indartuz, guztion artean, esparru honetako politika publikoei gero eta zentzu gizatiarragoa emateko eta behar izan dezaketen pertsona guztiei gaur eta bihar zaintzak bermatzeko “.
Mikel Arruti alkateak parte hartzaileek izan duten konpromisoa goretsi du, “BIBEtokitik harago iritsi dira zuen elkarrizketak, hausnarketak, zalantzak eta proposamenak. Emaitza emankorrak izan dituen prozesua izan da eta hori, hein handi batean, zuek egindako lanari esker da. Lezok asko du ikasteko eta asko dugu lantzeko, baina abiapuntu ona dugu”.
Gaurko jardueraren xehetasun gehiago izateko, baliatu esteka hau (egin klik hemen).
