Dantza urbanoen batailak, Niessenen
U-Battle jardunaldia jasoko du Niessenek. Askotariko dantza urbanoak ezagutzeko aukera izanen da, baita dantzarien arteko batailak ikustekoa ere.
Dantza urbanoen epizentro izango da Niessen Kulturgunea larunbatean (hilaren 21ean). U-Battle jardunaldia antolatu du Unity proiektuak, Gipuzkoako Dantzagunearen eta Errenteriako Udalaren babespean. Hala, 15:30ean hasita, dantza urbanoen genero eta estilo ezberdinetan dabiltzan dantzarien arteko batailak egingo dituzte aretoan. “Ekitaldian popping, hip-hop, waacking, breaking, dancehall eta house dance estiloetako dantzariak ezagutzeko aukera izango dugu, bakoitzak bere estiloa eta energia eszenatokira eramanez”, azaldu Errenteriako Udaleko Kultura arloak. Inprobisazioa izango da dantzari guztien oinarrian, dantzariak askatasun osoz ariko dira lehia kutsuko batailetan.
Izena emana duten dantzariek, lehenik, jam saioa egingo dute; horretan denek dantza egiteko espazioa izango dute. Batailetan izango direnak, eta bestelako dantzariak izango dira bertan. Hori bitartean, epaileek batailetan izena emana dutenei (etiketa bereziak izango dituzte ikusgai) jarraipena egingo diete, eta erabakiko dute jarraian izango diren batailetan nork parte hartuko duen. Ondoren iritsiko dira batailak: lehenik banakoak, eta geroago binakakoak.
Izena emateko epea zabalik da, eta aurrez eman daiteke esteka hau baliatuz. Gipuzkoatik, Euskal Herritik, eta Espainiako Estaturik ere dantzariak etorriko direla jakinarazi dute antolatzaileek.
Sarreren prezioa 6 eurokoa da 13 urtetik gorakoentzat; 4-12 adin tartekoena 3,5 eurokoa; eta txikienek (0-3 urte) doan dute sarrera. Horiek aldez aurretik eros daitezke Errenteriako Udalaren Interneteko sarreren zerbitzuaren bitartez.
HITZA 2024an egin zen ekitaldian izan zen. Hemen klik egin, eta bertako argazki sorta handia eta bideoa ikusteko aukera dago.
