Familia baten etxe kaleratzea, plenora
Errenteriako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) hasierako onespen dokumentua ere aztertuko du plenoak.
Mozioa bozkatzeko unea atzoko plenoan. Ohi moduan, hileko azken asteartearekin batera egingo du udalbatzak osoko bilkura. Hamar aztergai jarriko ditu mahai gainean saio horrek, horietako bi, mozioak. Kaleratzeak Stop Gipuzkoa plataformak eramango du mozioetako lehena eta etxebizitza legea aplikatzeko eskatuko dute. Lotuta dago mozio hori Errenteria-Oreretako familia batekin, eta horiek bizi diren etxebizitza martxoaren 5erako uzteko jasotako epailearen aginduarekin. Gaur bertan elkarretaratzea eta agerraldia egin du plataformak Donostian, Caixabanken bulego aurrean, etxe kaleratzea bertan behera uztea galdegiteko.
Familia, zaurgarria da.
Bigarren mozioa, PSE-EE alderdiak aurkeztua da eta ETSk Topoaren kotxetegi zaharren lursailean alokairuko etxebizitza babestuak eraikitzearen gainekoa da.
Pasa den abendu bukaeran oharra zabaldu zuen Gaztañoko Auzo Elkarteak proiektuaren bueltan balorazioa eginez, eta argi azaldu ez zutela kotxetegietako eremu hori egoki ikusten etxebizitzak eraikitzeko. Gogor salatu zuen gainera elkarte horrek Eusko Jaurlaritzak proiektua bizilagunak inondik inora ere kontuan hartu gabe egin duela. Kexu ere proiektua zabaltzeko Jaurlaritzak erabili duen moduagatik, “prentsa argitalpen bidez egin du eta erabat desegokia iruditzen zaigu. Ez Eusko Jaurlaritza ez herriko PSE-EE ere ez dira inongo momentuan auzo elkartearekin harremanetan jarri”.
Bi hilabete ez badira igaro ere, proiektu horrekin lotutako esku orriak jaso dituztela bizilagunek buzoietan azaldu du auzo elkarteak berriki. Berriro salatu du auzo elkarteak aste honetan bertan, PSE-EE ez dela eurekin harremanetan jarri proiektua aurkezteko, “ezta beste ezertarako ere”. Eskaera argia egin du, gainera, proiektua “benetakoa” bada auzoari azaltzea, “Gaztañon eragin bortitza izango baitu. Gaztañon, auzoan eragin zuzena duten gaiak batzarrean bozkatzen ditugu eta kotxetegien berrerabilera proiektuak ere. Garaia iristen denean, Gaztañoko batzarraren oniritzia beharko du”.
Joan den abenduaren 17an Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailak prentsa ohar bidez topoko kotxetegietan alokairuzko 170-200 etxebizitza babestu eraikitzeko proiektuaren berri eman zuen. Bi egun geroago, alokairuzko 500 etxebizitza babestu eraikitzeko lursailak eskaini zizkion Errenteriako Udalak Eusko Jaurlaritzari lur lagapen proposamena eginda. Eusko Jaurlaritzak Gaztañoko kotxeren eremurako proposatu duen garapenaren inguruan, udal ordezkariek adierazi zuten, udal teknikariekin batera, eremu horretan etxebizitzak eraikitzeko aukera aztertu zutela, eta emaitzak ikusita aukera hori baztertzea hobetsi zutela, etxebizitzak eraikitzeko ingurune egokia ez izategatik.
HAPOaren hasierako onespena
Beste gaien artean, udalerriaren etorkizuna marrazteko ezinbestekoa den HAPO Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren hasierako onespen dokumentua eramango dute plenora.
Saioa asteartean, hilak 24 izango da 18:30ean hasita. Zuzenean jarraitu ahalko da pleno aretoan bertan, edota streaming bidez (klik hemen).
