Oarsoaldeko eta Bidasoko 10,7 milioi bidaiari izan ditu Lurraldebusek
E02 Oiartzun eta Donostia, E01 Pasai Donibane eta Donostia, eta E05 Beraun auzoa eta Donostia lotzen dituzten autobus lineek izan dituzte erabiltzailerik gehien.
Gaur egin du balantzea Azahara Dominguez diputatuak, eta pozik azaldu oso emaitzarekin.Gipuzkoako Foru Aldundia Inoizko erabiltzaile kopururik handiena izan du Lurraldebusek joan den urtean, eta Oarsoaldeko hiru linea izan ziren iaz erabiltzaile gehienak izan zituztenak. E02 Oiartzun eta Donostia lotzen dituen autobus zerbitzuak 1,6 milioi bidaiari izan zituen; E01 Pasai Donibane eta Donostia lotzen dituen Lurraldebusen zerbitzuak, 1,5 milioi bidaiari; eta E05 Beraun auzoa eta Donostia lotzen dituen zerbitzuak, berriz, 1,4 milioi bidaiari. Denera, 4,5 milioi bidaiarik erabili zituzten zerbitzu horiek iaz.
Bidasoari ere egin dio erreferentzia aldundiak. Joan den urtean abiatutako E29 linea berria aipatu du zehazki, Hondarribia eta Irun Donostiako ospitale eremuarekin eta Miramongo parke teknologikoarekin lotzen dituena, “ekainaren 20an martxan jarri zenetik abenduaren 31ra arte 56.511 bidaia erregistratu ditu. Halaber, E30 linea, Hondarribiko aireportua Donostiako erdigunearekin zuzenean udako hilabeteetan lotzen duena, 7.685 bidaiatik 2024an, 14.159 bidaiara pasa da 2025ean”.
Gaur eman ditu datu horiek Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa diputatuak Lurraldebus zerbitzuaren balantzea egiterakoan.
Iaz 31,2 milioi bidaiarik eraili zuten Lurraldebusen zerbitzuren bat herrialdean, “Gipuzkoako hiriarteko autobus zerbitzuan inoiz erregistratu den kopururik altuena, 2024an baino 2,4 milioi gehiago”, azaldu du Dominguezek.
Lurraldebus garraio zerbitzuaren erabiltzaileen profilaz ere mintzatu da Dominguez, eta hala, nabarmen jarri du hamarretik sei emakumeak izan direla, “zehazki %66,31 emakumeak dira erabiltzaile horiek, eta %33,69 gizonak”. Pozik azaldu da Dominguez “errekorra” izan direlako iazko datu horiek: “Oso argi dugu garraio publikoak hezkuntza, osasuna, lana edo aisialdia bezalako oinarrizko eskubideetarako sarbidea ematen duela, baita aukera berdintasuna bermatu ere errenta maila eta bizilekua edozein dela ere”.
Hori horrela, aurten zerbitzuak zabaldu eta hobetzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du diputatuak, “horretarako Lurraldebusek 68,4 milioiko aurrekontua izango du, besteak beste, Oarsoaldeko eta Bidasoko emakida berria abian jartzeko”. 30 minutuko gehieneko maiztasunak edo linea berriak aurreikusi ditu; hala nola, Oiartzun Donostiako ospitale gunearekin lotuko duena.
