Olinpiar Jokoak Trintxerpera iritsi dira
Martxan dira Trintxerpeko Inauteriak. Karmengo Ama ikastetxeko ikasleek festen sua piztu dute, inauterietako dantzak egin baitituzte gaur Andonaegi frontoian.
Martxan dira Trintxerpeko Inauteriak. Gaurtik igandera (hilaren 20tik 22ra) bitartean, barruti urdina hiru eguneko festa giroan murgilduko da. Karmengo Ama ikastetxeko Lehen Hezkuntzako ikasleak izan dira festen sua piztu dutenak, inauterietako dantzak egin baitituzte gaur Andonaegi frontoian. Goizerako euria iragarria zegoenez, kaleak hartu ordez pilotalekuan egin dituzte inauterietako dantzak. Ikasleek, irakasleek, familiek eta herritarrek txiki utzi dute Andonaegi, lepo bete da.
Aurtengo mozorrotzeko gaia Olinpiar Jokoak dira, eta gai horren inguruan mozorrotu dira Karmengo Ama ikastetxeko kide guztiak. Gimnasia, atletismoa, surfa, hipika, dominak, sugar olinpikoa, herrialdeetako banderak… ez da ezer faltatu. Hau hasiera besterik ez da izan, eta trintxerpetarrek hiru egun dituzte aurretik mozorroaren festaz gozatzeko.
HITZA Andonaegi frontoian izan da. Hona hemen goizak utzitako hainbat argazki:
Trintxerpeko Inauteriak 2026
Hilak 20, ostirala
- 18:30: Kalejira txistulariekin, Serafin Esnaola plazatik hasita.
- 21:00: Konpartsen aurkezpena frontoian.
Hilak 21, larunbata
- 12:30: Kuadrillen poteoa Sastakai txarangarekin, Serafin Esnaola plazatik abiatuta.
- 17:00: Konpartsa eta kuadrillen desfilea. Ibilbidea: Gudari plaza, Euskadi etorbidea eta Correos. Konpartsak: Lezoko eztandak, Txasiss, Show Time, Coco Dance, Boveda eta Fama.
- 19:30: Matraka elektrotxaranga. Ibilbidea: Euskadi etorbidea, Correos, Gudari plaza eta Serafin Esnaola plaza.
- 21:00: Inauterietako haur afaria, Karmengo Amako gimnasioan.
- 00:00: DJ Javi, Serafin Esnaola plazan.
Hilak 22, igandea
- 12:00: Buruhandi eta erraldoien konpartsa dultzainekin. Ibilbidea: Euskadi etorbidea, Gudari plaza eta Serafin Esnaola plaza.
- 17:00: Konpartsa eta kuadrillen desfilea: Ibilbidea: Gudari plaza, Euskadi etorbidea eta Correos. Konpartsak: Illunbe Musika Banda, Lezoko eztandak, Thamesis, Txasiss, Show Time, Boveda eta Fama.
- 19:30: Bakailaoaren ehorzketa. Ibilbidea: Azkuene, Euskadi etorbidea eta portua.
