"La Anunciata ez itxi"
La Anunciata ikastetxearen komunitatea osatzen dutenek manifestazioa egin zuten atzo Antxon, itxieraren kontra.
Gure Zumardian bukatu zen atzoko manifestazioa. Kezka, ardura eta haserrea. Horiek adierazi zituzten atzo La Anunciata ikastetxeko langileek Antxon egin zuten manifestazioan. Urtarrilaren 29an jakinarazi zien ikastetxea kudeatzen duen Francisco Coll fundaziok jada erdialdera iritsi den ikasturte hau, azkena izango zela. Itxi egingo zuela 1939tik zabalik den hezkuntza zentroa. “La Anunciata ez itxi” eta “Hemen gaude, lanpostuen alde” izan ziren martxan zehar langileek gehien zabaldu zituzten mezuak. Alboan ikasleak, gurasoak, ikasle izandakoak eta oro har antxotarrak izan zituzten atzoko arratsalde euritsuan egin zuten manifestazioan. Ehunka kide batu ziren La Anunciataren defentsara.
ELA sindikatuaren laguntzarekin hasi dira mobilizatzen langileak. Atzoko deialdia lehen urratsa izan zen. Datorren asterako hiru greba egun iragarri dituzte langileek, hilaren 24, 25 eta 26rako. Langileek HITZAri esandakoaren arabera, ikastetxetik kanpo hartutako erabakia izan da itxierarena, Francisco Coll fundazioaren gidariak Madrilen baitaude. “Informazio oso gutxi dugu. Tantaka iristen ari zaigu”. Fundazioak, ikastetxearen jardueraren etetearen arrazoi nagusitzat ikasle falta eman du.
Urtarrilaren 29an izan zuten itxieraren berri, familiek bezala. Aurretik ez zekiten deus ere. 30 langilek galduko lukete lanpostua baldin eta itxiera gauzatzen bada, “horrez gain, hamarnaka ikasle eta familia ere kaltetuko ditu itxierak. Egun batetik bestera haur eta gazteen ikasketa prozesua ikastetxean jarraitzeko aukera zapuztu zaie”. Beharginek uste dute kaleratze kolektibo prozesua datozen egunetan hasiko dela, “eta kurtsoaren bukaeran denok kaleratuak izango garenaren susmoa dugu”.
Erabakiaren berri izan zutenean, jada martxan zuen ikastetxeak 2026-2027 ikasturterako aurrematrikulazio prozesua. Hori ere salatu zuten langileek. “Hurrengo ikasturtean ikaslerik ez izateko erabakia enpresak hartu du, hortaz”.
Atzoko martxa La Anunciatan hasi zuten. Antxori bira eman ondoren, Gure Zumardian bildu ziren hara bildutakoak. Langileen ordezkariek eskerrak eman zizkieten haien alboan izan ziren den-denei.
Jarraian, atzoko manifestazioaren hainbat irudi eta bideoa.




