Sarrigurengo emakumearen hilketa matxista salatu du udalak
Hilketa matxista gogor gaitzetsi eta gizarte parekide baten alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.
Iragan ostiralean gizonezko batek 28 urteko bikotekidea eta lau adingaberen ama hil, zein erasotzailearen ama larri zauritu zituen Sarrigurenen (Nafarroan). Gizona hilketa egin eta handik gutxira atxilotu zuten, eta gaur eramango dute epailearen aurrera.
Bide horretan, Oiartzungo Udalak gertakariak gaitzetsi ditu, eta adierazi du Euskal Herrian gertatu den lehenengo hilketa matxista izanagatik ere, 2003az geroztik 133 emakume eta hamahiru haur hil dituztela gizonek. Zehazki, horietatik 25 Nafarroan izan dira. “Oiartzungo Udalak hilketa matxista gogor gaitzetsi eta gizarte parekide baten alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi du”, zehaztu dute.
Gertakaria salatzeko, Oiartzungo Feministen Asanbladak elkarretaratzea egingo du gaur 18:30ean Doneztebe plazan, eta udalak bat egin du deialdiarekin. Era berean, herritar oro gonbidatu dute euren gaitzespena adierazteko plazara gerturatzera.
