"Indarkeria matxista ez da kasualitatea, sistema zapaltzaile honen ezinbesteko tresna baizik"
Sarrigurengo erailketa matxista salatzeko, elkarretaratzera deitu zuen Oiartzungo Feministen Asanbladak; "amorruz eta minez" salatu dute erailketa.
Sarrigurengo hilketa matxista salatzeko Doneztebe plazan egindako elkarretaratzea. “Oiartzungo Feministen Asanbladatik amorruz eta minez salatzen dugu gure lurraldean aurten izandako lehen erailketa matxista. Sarrigurenen Tatiana erail du bere bikotekideak arma zuri batez, eta haren ama ere larri zauritu du erasotzaileak. Eraso hau ez da gertaera isolatu bat: feminizidio bat da, gure kale eta etxeetan dirauen indarkeria zisheteropatriarkalaren adierazpen gordinena”. Horrela atzi zuen atzo Oiartzungo Feministen Asanbladak Sarrigurengo erailketa matxista salatzeko deitutako elkarretaratzea.
Euren elkartasun eta babes osoa adierazi nahi izan zien Doneztebe plazan elkartu zirenak Tatianaren senideei, baina bereziki haren semeari, erasoa etxe barruan ikusi behar izan baitzuen. “Zauritutako emakumea lehenbailehen sendatzea opa dugu. Ez zaudete bakarrik”, jarraitu zuten.
Eraso berri horren aurrean, baina, bazuen zer esana Oiartzungo Feministen Asanbladak, eta nabarmendu zuen indarkeria matxista ez dela kasualitatea, sistema zapaltzaile honen ezinbesteko tresna, baizik. “Kapitalismoak, kolonialismoak eta patriarkatuak gure gorputzak eta bizitzak kontrolatu nahi dituzte, eta kontrol hori mantentzeko bortizkeriarik gordinena erabiltzen duten emakume identitate zein gorputz disidenteon aurka”, gehitu zuten.
Era berean, azaldu zuten erailketa hori banatze prozesu baten testuinguruan gertatu zela, eta, patriarkatuak gizonei ematen dien zigorgabetasunak eta jabe izatearen usteak elikatzen duela indarkeria hori. “Emakumeak bere bidea egitea erabakitzen duenean, gizonak indarkeria erabiltzen du bere nagusitasuna berresteko. Ez da pasio kontu bat, boterearen erabilera hiltzailea baizik”.
Horretaz gain, gizonei euren ardura hartzeko deia egin zieten: “Behin eta berriz galdetzen dugu: non zaudete gizonak? Indarkeria matxista ez da emakumeon arazoa, gizonek sortzen eta elikatzen duzuen egiturazko arazoa baizik. Zuen isiltasuna konplizitatea da. Interpelazio zuzena egiten dizuegu: apurtu itun patriarkalak, utzi gure bizitzak kontrolatzeari eta hasi zuen pribilegioak eta indarkeria mekanismoak deseraikitzen. Erantzukizuna zuen gain dago”.
Eta, ildo beretik jarraituz, erakundeei “diskurtso hutsak eta keinu sinbolikoak” alde batera uzteko exijitu zieten, bai eta “benetako baliabideak” jartzeko eskatu ere emakumeen eta haien seme alaben babeserako. “Sistema honek ez gaituela babesten erakusten du behin eta berriz; instituzioek ardura zuzena dute prebentzioan eta arreta integralerako baliabide publikoen gabezian”, gehitu zuten.
Gainera, oroitarazi zuten berriki erailketa matxistei aurre egiteko protokoloa berritu duela Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak, eta “bertan aipatzen den bezala, erantzun kolektiboa da gure indarrak”. Hargatik, Euskal Herriko herri eta auzo guztietan mobilizazioak egitera deitu zuten atzokoan: “salaketa plazetara eraman behar dugu eraldaketa politikoa bultzatzeko”.
Azkenik, argi utzi zuten: “ez gara biktimak, subjektu politikoak gara. Autodefentsa feminista ez da soilik norbera defendatzea;, gure arteko aliantzak eraikitzea da, elkar zaintzea eta biolentziari aurre egiteko gaitasun kolektibo eta politikoa garatzea. Gure bizitzak defendatzeko prest gaude, elkarrekin eta tinko”.

