'Urmendi beti herri. 0-3 bizirik!' herri plataforma aurkeztuko dute
Eusko Jaurlaritzak udal haur eskolari diru laguntzarik ez emateko erabakia hartu izana salatzen dute. Bihar aurkeztuko dute herri plataforma.
Arriskuan da Urmendi 0-3 proiektua, eta larrituta dago herria. Komunitate oso bat dago ikusmiran, eta egoera horren aurrean, herritarrak, gurasoak eta langileak antolatzen hasi dira “herri proiektua den heinean berau babesteko”. Hartara, Urmendi beti herri. 0-3 bizirik! herri plataforma sortu dute, eta bihar aurkeztuko dute 17:00etan, Doneztebe plazan. Gainera, udaleko plenoa 18:00etan izango da, eta bertan Urmendiko komunitatea osatzen duten zenbait herritarrek hitza hartuko dutela aurreratu dute.
“Larritasunez bizi dugu Eusko Jaurlaritzaren testuinguru politikoan ematen ari den jokaldi anker hau, ez baitie aurrerantzean udal haurreskolei diru ekarpenik egingo. Honen bidez, udal haurreskolak Haurreskola Partzuergora sarera bultzatzen dira, 0-2 etapan soilik, eta gure kasuan, Oiartzunen 0-3 proiektu propioa desegitea dakar. Guzti honen aurrean, herri proiektuari gure babes osoa adierazi nahi diogu eta ozen esan nahi dugu Urmendi herriarena dela eta ez dugula inposaketarik ez eta oztopo burokratikorik onartuko! “.
1999an sortu zen Urmendi Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoa, herriko bi haur eskola pribatu, udal haur eskola, Haurtzaro Ikastola eta udalarekin batera, eta nabarmendu dute herriko hezkuntza eskaintza batzea zuela helburu proiektuak. Hezkuntza alorretik, “kalitatezko herri proiektu bateratu bat eratzea” lortu zela diote duela 27 urte, “gaur egun arte indartsu eta herritarren babesarekin funtzionatu duena. Oiartzungo herritar orori zabalik dago, eta bizitzaren hastapeneko fase honen garrantziaz jabeturik, heziketa eta zaintza testuinguru integral bat eskaintzea ditu helburu”.
Bide horretan, herri plataforma osatzen dute ikasle ohi, guraso, ahaide eta herritarrek plazaratu dute “asko” zor dietela Urmendiko hezitzaileei zein urtetan zehar poliki-poliki ehuntzen joan diren proiektuari.
Era berean, nabarmendu dute lehen haurtzaroaren ezaugarriak eta garrantzia jendarteratzen “lan nekaezina” egin duela Urmendik: “Bizitzako lehen zikloaren duintasuna egunez egun umiltasun handiz defendatu duen proiektu pedagogikoa da, erakutsiz 0-3 urteen garapen zikloa identitate propioa duen urrezko bizi etapa dela, berariazko zainketa eta akonpainamendua eskatzen dituena haurra osasuntsu eta osoki garatzeko”.
Gainera, azpimarratu dute elkarbizitzaren eta ongizate sozialaren alde “izugarrizko ekarpena” egiten duela Oiartzunen “pertsonak eta zaintza haien logika eta jardunaren erdigunean jartzea egiazki lortuz”. Are; diote esperantza ereiten duen proiektua dela herritarrentzat, eta komunitatea eraikitzen duela “familiak emozionalki lagunduz eta zaintza eta heziketa praktiketan ahaldunduz”.
Hots, diote proiektu lokala dela Urmendi 0-3 haur eskola herritarra. “Txikitik sortu zen eta Oiartzungo tokiko ezaugarri eta beharrei erantzunez proiektu pedagogiko ezin eder eta eredugarriagoa eraiki du, mimoz eta jakintza handiz”. Urteetan zehar hausnartzen, formatzen eta garatzen jarraitu duela ere gehitu dute, eta jakina dela badela hamarkada bat baino gehiago “Euskal Herri mailan altxor pedagogikoen artean kokatzen dutena hezkuntza adituek”.
Ildo horretatik jarraituz, azaldu dute aipatutako kalitate pedagogiko hori ahalbidetu duela “herri proiektu lokal bezala izan duen autonomiak eta garapenak, ekipo pedagogikoaren kohesioak eta jarraikortasunak, eta nola ez, kalitatezko zerbitzu bat eskaintzeko Urmendiko profesionalek erakutsi duten konpromisoak”.
Horregatik guztiagatik, irmo diote garapen horrek Eusko Jaurlaritzarentzat ere eredugarri izan behar lukeela, eta aztertu beharko luketela zergatik den “hain arrakastatsua proiektua, beste herri eta txoko batzuetara zabaldu ahal izateko hezkuntza esparrua aberasteko”.
Gauzak horrela, Urmendi beti herri. 0-3 bizirik! herri plataformatik larrituta adierazi dute ez dutela ulertzen “alde bakarrez eta inposaketaren bidez, udal haur eskolari diru laguntzarik ez emateko erabakia hartu izana, horrek halako harribitxia haustea dakarrelako, zentralizaziora eta homogeneizaziora bultzatuz eta etorkizuna arriskuan jarriz”.
Azkenik, jakinarazi dute plataforma osatzen duten guztiek ibilbide oparoa opa diotela aurrerantzean ere Urmendiri, eta espero dutela bestelako elkarrizketa eta adostasun bat bideratzeko maila politikoa erakutsiko dutela Hezkuntza Saileko arduradunek.
Herri plataformak Telegrameko kanala ere sortu du, eta bertatik emango dute euren proiektuaren berri.
