Goñiren omenezko memorialean elite mailan ariko da Oihan Etxeberria
Aron Arbizu etxarriarrarekin bikotea osatuta, elite mailako binakako txapelketan lehiatuko da oiartzuarra. Gaur jokatuko dute partida.
Oihan Etxeberria (ezkerrean), artxiboko irudi batean. Goñiren omenezko XXXIV. memoriala jokatzen hasiak dira dagoeneko, eta gaur, zehazki, final laurdenak jokatuko dituzte. Hiru partidu jokatuko dituzte orotara gaurkoan, eta Oihan Etxeberria oiartzuarrak elite mailan jokatuko du partida, Aron Arbizu pilotari etxarriarrarekin bikotea osatuta.
Etxeberriak iaz Zumarragako kaiolako txapela jantzi zuen, eta horri esker aurten elite mailako bikote txapelketan ariko da. Zehazki, Etxeberria eta Arbizu Egiguren eta Cuairanen auka lehiatuko dira gaur, Zumarragako Beloki pilotalekuan, 18:30ean hasita.
“Kaiolan edo binaka jokatzea oso ezberdina da, kaiolan bakarrik zaude eta binaka, nolabait esateko, laguntzaile bat daukazu. Niri biak gustatzen zaizkit, hortxe ari gara, pixkanaka-pixkana hobetzen eta ea zer gertatzen den”, kontatu dio Oiarpeko aurrelariak Kirolzaleri.
Gainera, azaldu du iazko garaipenaren ondotik “gozatzeko asmoz” datorrela: “Arbizurekin tokatu zait, eta egia esan oso gustura nago. Nik uste afizionatu mailan dagoen atzelaririk onenetako bat dela. Saiatuko gara gurea ahalik eta hobekien egiten”.
Alabaina, Kirolzaletik ohartarazi dute Arbizuk eta Etxeberriak gogotik egin beharko dutela lan finalerdietan Arribillaga eta Elorzekin jokatu nahi badute. “Txapelketan, urtero bezala, afizionatu mailako onenak daude, eta oso gogorra da. Ikusi besterik ez da egin behar zein bikote dauden lehian. Nik uste partida borobilak irtengo direla eta txapelketa ederra izango dela”, gehitu du oiartzuarrak.
Eta, honela amaitu du hitzartzea. “Ez nuke esango bikote bat bestearen gainetik dagoenik, bikote denak antzekoak ikusten ditut, maila antzekokoak”.
