Lezoko Herri Olinpiadak: lau hilabete, lau egun
Lezoko Herri Olinpiadek aro berriari ekingo diote aurten. Herriko komite olinpikoak jada jakinarazi ditu aro berri horretako datu orokorrak.
Piztu Lezoren gazte olinpiadetako artxiboko irudia, 2019koa. Lezoko Herri Olinpiadek aro berriari ekingo diote aurten. Herriko komite olinpikoak jada jakinarazi ditu aro berri horretako datu orokorrak: lau hilabeteko lau egunetan egingo dituzte herritarren eta kuadrillen arteko kohesioa eta elkar ezagutza indartzea asmo dituen egitasmoaren jarduerak, euskara eta herrigintza oinarrian izango direlarik. Bihar (hilak 27, ostirala) has daitezke kuadrillak edo taldeak olinpiadatarako izena ematen. Su olinpikoa iristear da.
Martxoaren 14an, apirilaren 25ean, maiatzaren 16an eta ekainaren 27an egingo dituzte aurtengo lau egun olinpikoak. Egun bakoitzean proba bat izango da. Horietan guztietan pilatzen diren puntuen arabera, irabazle bat izango dute 2026ko Lezoko Herri Olinpiadek.
Jarduerak egin ahal izateko, taldeak behar dira. Komiteko kideek zehaztu dute taldeek 8-10 kide artekoak behar dutela izan, eta adinari muga bakarra jarri diote: 15 urte aurten betetzea. Hau da, 1926tik 2011ra artean jaiotakoek osa ditzakete taldeak. Hala ere, azaldu dute taldeak ez direla finkoak izango, eta egunen batean taldekideren batek ezin badu agertu tokatzen den jarduerara, ordezkoa bilatu beharko duela.
Izen ematea Tiñelu tabernan edo olinpiaden Instagram eta Facebook sare sozialetan egin dezakete interesa dutenek.
Aro berria
Martxoaren 14an abiatuko dena Lezoko Herri Olinpiaden aro berria da. Lehen olinpiadak 1990eko hamarkadaren hasieran izan ziren (HITZAk ez du jakiterik izan zehazki zein urtean izan ziren; litekeena da 1992 edo 1993 urtekoa izatea I. Herri Olinpiada). Hala, horren harira, orduko horien antolatzaile izan zen Zabarre Taldeak erreportajea egin zuen Lezo 11 aldizkarirako (hemen klik eginda hori jaitsi daiteke, PDF formatuan), aipatuz lehen horiek zer nola joan ziren, eta olinpiaden balioak eta helburuak zein ziren. Hainbat urtez egin zituzten lehen aroko olinpiada horiek.
Bestelakoan, Piztu Lezoren ekimenez eta hainbat egun berezitan (batez ere herriko festen testuinguruan) asteburu bateko edo biko kuadrillen arteko olinpiadak antolatu izan dira (albiste honekin batera doan irudia 2019koa da), baina horiek gazteei bideratuak zeuden. Orain martxan jarriko direnak lezoar ororentzat izango dira.
