Uraren kudeaketan EH Bilduren "koherentzia politiko falta" deitoratu du Lezoko EAJk
Aurreko legealdiko udal gobernuak Añarberekin egin zuen akordioa kritikatu, baina egungoak horrekin jarraitzen duela kritikatu dute jeltzaleek.
Alaitz de La Maza eta Laura Martinez Lezoko EAJko zinegotziak.Lezoko EAJ Aurreko legealdian Lezoko Udalak (gobernu taldea EAJk eta PSE-EEk osatzen zuten) akordioa egin zuen Añarbeko Urak erakundearekin 2022ko otsailean, herriko urak erakundeak osotasunean kudea zitzan; hil horretako udalbatzarrean berretsi egin zen akordioa, udal gobernuko kideen aldeko botoekin. Ordura arte, ur horien %70a kudeatzen zuen Añarbek, eta Jaizkibelgoak udalak (%30). Orduko hartan oposizioan zen EH Bilduk kritikak egin zizkion akordio horri. Horren harira, Lezoko EAJk adierazi du egungo EH Bilduren udal gobernuak duela lau urteko akordio horrekin aurrera jarraitzen duela, eta hori “koherentzia politiko falta” dela iritzi du.
“Aurreko agintaldian, EH Bilduk kontratu horrekin desadostasun argia erakutsi zuen, Jaizkibelgo ura udalerri osoa hornitzeko nahikoa zela esanez. Hala ere, baieztapen hori okerra zen, inguruko baserriak bakarrik hornitu baitzitzakeen. Gaur, EH Bildu gobernuan dagoela, akordioak zutik jarraitzen du, eta horrek agerian uzten du EAJk bere garaian hartutako erabakia zuzena zela”, azaldu dute Laura Martinez eta Alaitz De La Maza zinegotzi jeltzaleek.
Irizpide “biraketa” egin du EH Bilduk herriko EAJko kideen arabera: “Honek agerian uzten du bere politikaren sendotasun falta, eta orain zuzendu egiten du aurretik kritikatu zuena”. Jeltzaleek, bere aldetik, funtsezko gaietan, “hala nola uraren kudeaketan”, etorkizunerako ikuspegiarekin jardun zutela adierazi dute, “beti bizilagunen interesak eta udalerriaren iraunkortasuna interes politikoen gainetik jarriz”.
