Martxoko agenda lepo Torrekuan
Teknologiaren talaiatik, hausnarketarako gonbidapena luzatu dute beste behin ere, eta horretarako askotariko gaiak aztertuko dituzten saioak ondu.
Torrekua teknologia libreen talaia gisa ateak zabaldu zitueneko ekitaldiko argazkia. Lepo dator Torrekuaren agenda martxoan. Teknologiaren talaiatik, hausnarketarako gonbidapena luzatu dute beste behin ere, eta horretarako askotariko gaiak aztertuko dituzten saioak ondu. Nabarmen jarri dute antolatutakoen artean, Urtzi Urkizu lezoarrak, Berriako kazetari eta idazleak egingo duen Streaming aroa bere liburuaren aurkezpena. Martxoaren 13an izango da hori, 18:00etan Torrekuaren hirugarren solairuan.
Ekhiñe Atorrasagastik gidatuta, liburuaren zehaztasunak eskainiko ditu Urkizuk, plataformek egungo gizartean jokatzen duten paperaren inguruan hausnartuta, eta horietan euskarak duen tokiaren gainean eztabaidatuz. Ikus entzunezko edukien kontsumo ohituren aldaketa, streaming plataforma handien atzean dagoena, haien funtzionamendua eta halako bestelako askori erantzuten saiatuko da Urkizu. Streaming plataforma horietan euskarak duen lekua ere aztertu du egileak.
Horrekin batera, hileko bigarren asteartero egin moduan Teknologia denontzat tailerra antolatu du martxoarako Talaios Kooperatibak. Martxoaren 10ean 17:00etatik 19:00etara izango da Torrekuaren hirugarren solairuan.
Martxoaren 11n berriz, Repair cafea tresnak konpontzeko tailerra egingo dute. Ordenagailu, tableta, telefonoak…Helburua matxuratutako tresnei berrerabilpena eta bigarren bizitza bat ematea da helburua. Torrekuako lehen solairuan izango da saioa, 17:30ean.
Otsailean hasitako ostatatze tailerrari jarraipena emango diote, berriz, martxoaren 12an 17:30etik 19:30era, Talaios kooperatibaren eskutik. Bertan internet propioa sortzeko aukera izango da, tresna libreak domeinu propioan ostatu eta erabiltzeko gakoak ikasiz eta auto ostatzearen kultura ezagutuz. Saioa edozein informatika maila duen pertsonentzako dago bideratua. Bideojoko garapen tailerra era izango da Talaios Kooperatibaren eskutik 17:30etik 19:30era martxoaren 26an.
Bukatzeko, Oarsopedia berreskuratuko dute hamaiketako formatuarekin berriro. Kalera atera eta argazkiak aterako dikiote inguruari ondoren commonsera igotzeko. Hilaren 31n izango da hori, 11:00etan Torrekuan elkartuta.
