Tokiko aberastasuna bertan geratzeko, Gure Moneta
Diruaren erabileraren egungo logikatik askoz harago joango da Gure Moneta. Atzo aurkeztu zuten udazkenetik erabilgarri izango den tokiko moneta. Tresna ekonomikoa izateaz gain, tresna soziala ere bada.
Ekitaldi bukaerako talde argazkia. Tokiko aberastasuna bertan geratzea, tokiko ekonomiaren birlokalizazioa sustatzea, eta komunitatea balio batzuen gainean indartzea. Horiek dira Oarsoaldean udazkenean erabilgarri izango den tokiko moneta osagarriaren oinarrizko ezaugarriak. Gure Monetaren izaera eta misioa dira. Gure Moneta bakar bat ere ez da Euskal Herritik aterako, aberastasun guztia lurraldean geratuko da. Balio ekonomikotik harago doan moneta da, ordea; tokiko aberastasuna diru kontuetatik harago doalako: bertako ekonomia eta enplegua indartzeaz gainera, justizia soziala, trantsizio ekologikoa, euskara, edo feminismoa lantzeko tresna ere izango da. Gure Moneta izenak abizen asko ditu ondoan: tokikoa, soziala, bidezkoa, euskaltzalea, feminista, ekologista, inklusiboa, herritarrena, eta herriarena.
Atzo aurkeztu zuten Errenteria-Oreretako Lekuona Fabrikan Gure Moneta. Ipar Euskal Herriko Euskoan oinarrituta, Hego Euskal Herri osorako eredu izan daitezkeen esperientzia pilotuak martxan jarriko dituzte Oarsoaldean eta Nafarroako Baztanen. Aurkezpen jendetsu eta edukiz betea izan zen, eta monetak dituen alde guztien gaineko azalpenak eman zituzten hizlariek. 2026ko azken hiruhilekoan bi eskualde horietan abiatuko dena, aurrerago Euskal Herri osora zabaltzeko bokazioarekin dago landua, Euskal Herriaren moneta izateko. Moneta osagarria izango da Gure Moneta, euroarekin elkarbiziko da. «Tokiko moneta osagarriak estatu bakoitzean diru ofizialaren osagarriak dira, eta haiekin batera funtzionatzen dute. Guztiz legalak dira, eta araututa daude bai Europako legediaren arabera, bai eta estatu bakoitzak garatutako legedia espezifikoan. Gure moneta ez da munduko lehena», adierazi dute Gure Monetaren sustatzaileek. Udazkenean Baztanen eta Oarsoaldean izango da erabilgarri; aurrerago Hego Euskal Herrira hedatzea da asmoa; azken urrats batean Ipar Euskal Herriko Euskoarekin bateratzea da asmoa.
Hori baieztatzeko hainbat ereduren berri eman dute. Katalunian, adibidez, Grama moneta dute; Alemanian, Chiemgauer (Europako zaharrena da); Frantziako Bordele inguruan La Gemme; edo Banco Palma Brasilen. Baina Europako tokiko moneta garrantzitsu eta indartsuena Ipar Euskal Herriko Euskoa da: 6 milioi Eusko dituzte zirkulazioan 158 herritan. 4.500 norbanako dira bazkide, eta 1.500 enpresa edo profesional. Baztanen eta Oarsoaldean errotzen denean, kontinenteko mugaz gaindiko lehena litzateke. Eusko batek euro baten balioa du. Gure Monetaren prezioa ere hori izango da. Neurri batean, udazkenean Oarsoaldean nahiz Baztanen indarrean izango den, eta aurrerago Euskal Herri osora zabaltzeko asmoa duen monetaren ama da Euskoa, «ahalik eta azkarren» barreiatu nahi da nazio osora euskarri ekonomiko eta soziala.
Balioak
Balioetan oinarritutako tresna soziala izango da Gure Moneta. Arlo ekonomikotik, bertako ekoizle, hornitzaile, saltoki, enpresa eta elkarteen arteko elkartasuna sustatuko du, eta aberastasun hori lurraldean geldituko da, monetarekin bat egitea erabakitzen duten tokiko enpresa, saltoki nahiz eragileekin erabili ahal izango delako soilik. Monetarekin bat egingo dutenei euskarari lotutako konpromisoak eskatuko zaizkie. Ingurumen arloan, jokabide ekologista eta ekonomia zirkularraren aldeko egitasmoa izango da, ingurumena zaintzen duen nekazaritzaren alde eginez. Eta justizia soziala ere izango du oinarri monetak: «Gizarte orekatuaren, kohesionatuaren eta eraldaketa sozialaren alde egiteko aukera ere bada Gure Moneta, zaintza ikuspegi feminista landuz, gizarte inklusiboago eta pertsona guztien bizitzaren alde, edozein dela ere haien jatorria, sinismena edo bizimodua». Denena izango den monetaz ari dira bultzatzaileak, inor baztertuko ez duena.
Atzoko aurkezpenean balio horien guztien adierazpideak izan ziren. Batetik, Ipar Euskal Herriko Euskoaren esperientziaren berri eman zen; bestetik, bi herritarrek sor daitezkeen zalantzen gaineko informazioa emateko interbentzioa egin zuten haien esperientziatik abiatuta; gainera, tokiko arlo ekonomikoari so eginez, Labore Oarsoko eta Niessen enpresako kideek ere atxikimendua adierazi zuten, arlo ekonomiko guztietako eragileei bat egiteko eskatuz (Baztango bi merkatarik ere haien ekarpena egin zuten), eta monetak izan ditzakeen indarguneak eta zalantza esparruak plazaratuz; ildo sozialaren berri emateko Oarsoaldeko AEK-ko nahiz Oreretako mugimendu feministako kideek euren ikuspuntua azaldu zuten.
Alor politiko-instituzionalak ere tartea izan zuen Lekuona Fabrikan. Izan ere, beste askoren artean eskualdeko lau udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundia Gure Monetaren babesle dira. Haien izenean, Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak (Oarsoaldea Garapen Agentziaren presidente ere bada) eta Unai Andueza Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko Zuzendari Nagusiak hitz egin zuten. Tokiko nahiz mugaz gaindiko perspektiba eman zioten bi politikoek Gure Monetari. Oarsoaldeko lau udalen, Baztangoaren eta aldundiaren babesaz gainera, nazio mailako beste erakunde eta egitura batzuen bultzada ere badu monetak, hala nola Udalbiltzarena, Olatukoop-ena, Dendartean Gipuzkoako Merkatarien Elkartearena, Euskalgintzaren Kontseiluarena, Bilgune Feministarena, LAB sindikatuarena, edo Ipar Hegoa fundazioarena. Horiei guztiei, ehunka norbanako eta boluntario gehitu behar zaizkie.
Bazkideak
Gure Monetak bazkideak behar ditu. Egitasmoaren sustatzaileek adierazi dutenez, proiektuari sostengua emango diotenak behar ditu egitasmoak aurrera egin ahal izan dezan. Bazkidetza egiteko bi modu daude: bat, herrietako boluntarioek emango dituzten eskuorrien bidez, eta bestea, Internet bitartez Gure Monetaren webgunean. Bazkidetza hiru modalitatekoa izan daiteke: herritarrena, elkarte eta eragile sozialena, eta enpresa nahiz profesionalena. «2026. urtearen bukaerarako 1.000 bazkide laguntzaile lortzeko erronka jarria dugu», esan dute Gure Monetaren sustapenean dabiltzanek.
Bazkide egitearekin batera, aukera izango da monetaren erabiltzaile izateko, bazkidetzarekin batera kontu pertsonal bat zabaltzeko aukera izango delako. Bazkide izateko ez da ezinbesteko baldintza Oarsoaldeko edo Baztango biztanle edo eragile izatea. Euskal Herriko norbanako edo enpresa-eragile oro izan daiteke bazkide; udazkenean Oarsoaldean eta Baztanen Gure Moneta zirkulazioan denean, bi eskualde horietan monetarekin bat egin duten espazioetan (saltokiak, enpresak, eragileak…) erabili ahalko dute moneta; aurrerago, beste tokietara zabaltzen denean, horietan ere erabiltzeko aukera izango dute. Tokiko moneta osagarri bakoitzak euro bateko balioa izanen du.
Atzo zabaldu zen ofizialki Gure Monetari sostengua emateko kanpaina, Herriz herri, moneta bat izenburukoa. Bazkideez gainera, egitasmoak aurrera egin dezan beharrezkoak izango dira moneta ordaintzeko modu gisa onartuko duten merkatari, enpresa, ekoizle, elkarte eta askotarikoen konpromisoa. Horren lanketan ari dira Oarsoaldeko Gure Monetako ordezkariak.
Monetaren helburu sozialaren gaineko adibide bat eman zuten Ipar Euskal Herriko Euskoaren arduradunek atzo egin zen aurkezpenean. Azaldu zuen bazkide diren elkarteen artean orotara 80.000 euro banatu zirela 2025ean, bazkideek hala erabakitako bideetatik.
Aplikazioa, txartela eta dirua
Gure Monetaren Oarsoaldeko eta Baztango talde eragileetako kideek atzokoan adierazi zutenez, hiru eratara erabili ahalko da: diru fisikoa izango du, txartela izango du, eta sakelako telefono bidezko aplikazioa ere izango du. Moneta, esan bezala, baiezkoa eman duten establezimendu, enpresa edo eragileekin salerosketak edo ordainketak egiteko erabili ahalko da. Onarpena ematen duten horiek monetaren balioekin bat egin behar dute ezinbestean, Gure Monetaren sustatzaileek berretsi dutelako moneta ez delako ekonomiarekin soilik harremana duen tresna bat.
Udazkenerako izango da erabilgarri moneta. Udarako, ordea, Gure Monetaren izen propioaren berri emango dutela adierazi zuten atzokoan.
Jarraian, atzoko aurkezpenaren irudi sorta eta bideoa.
