Pasaia tentsionatutako eremu izendatu dute
Izendapen horrekin, alokairuaren merkatuan esku hartu eta herritarren bizitegi egonkortasuna babestu ahal izango da.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoa jarraituta, Pasaiak bizitegi merkatu tentsionatutako eremu izendapena jaso du gaur. Izendapen horrekin, etxebizitzaren arloan neurri zehatzak hartu ahal izango dira orain, “alokairuaren merkatuan esku hartzeko eta herritarren bizitegi egonkortasuna babesteko”.
Pasaiako Udalak adierazi du udal gobernuak 2025ean egindako lanaren emaitza dela izendapena. Etxebizitzaren udal diagnostikoa egin ondoren, ekintza plan espezifiko bat diseinatu zuten. Udalbatzak onartu egin zuen plan hori, eta Eusko Jaurlaritzari eskaera formala egin zioten Pasaia tentsionatutako eremu izendatzeko. Prozesua “zorrotza eta teknikoki bermatua” izan dela jakinarazi du udalak, eta tokiko etxebizitzen merkatuan esku hartu beharra dagoela agerian geratu da.
Teo Alberro alkateak positiboki baloratu du izendapena: “Etxebizitza eskubidea da, eta gure betebeharra da eskubide hori duintasunez gauzatzeko lan egite. Plangintzarekin, datuekin eta erabaki politikoekin lan egin dugu. Izendapen honi esker, gure bizilagunen babesean aurrera egin ahal izango dugu”.
Iraitz Pazos Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen zinegotzia alkatearen ildotik mintzatu da: “Hau ez da adierazpen sinboliko bat. Alokairuaren merkatuan esku hartzeko, espekulazio dinamikak geldiarazteko eta bizitegi egonkortasuna bermatzeko tresna zehatz bat da”. Osoko bilkuran onartutako Etxebizitza Plana betez, aurten martxan jarriko diren beste proiektuen berri eman du Pazosek:
- Izarra proiektua eguneratuko da, Poblado inguruan etxebizitzak, aparkalekua eta igogailua ekarrik dituena.
- Donibaneko JJ Otaegin bizitoki berriak eraikitzeko proiektua idatziko da.
- Etxebizitzak birgaitzeko proiektua idatziko da Erti aretoa dagoen eraikinerako (Morales Oliver).
- Antxoko Luzuriaga II etxebizitza proiekturako azterlana idazten ari da udala, Jaurlaritzarekin hitzarmen berria landu eta operazioa bideragarri egiteko.
- Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren idazketa kontratatuko da 2026ko udaberrian.
Zer dakar izendapenak?
Tentsionatutako eremuaren aitorpenak alokairu gaietan neurri zuzenak eragingo dituela baietsi du udalak: erreferentzia indizeen arabera, prezioak mugatzea kontratu berrietan; aurreko kontratuaren aldean igoeren muga; hiru urtera arteko ezohiko luzapenak errentarientzat; betebehar handiagoak edukitzaile handientzat; eta babes handiagoa kalteberatasun egoeretarako. “Azken batean, egonkortasun handiagoa, aurreikusgarritasun handiagoa eta arrisku gutxiago neurriz kanpoko igoeretarako, udalerritik alde egitera behartuta ez egoteko”, esan du udalak.
Horrez gain, udalak, Jaurlaritzarekin eta aldundiarekin elkarlanean, honakoak bultzatuko ditu: etxebizitza babestua handitzea; hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea EAEko araudian aurreikusitako tresnen bidez; birgaitzea irizpide sozial eta energetikoekin; eta bitartekaritza eta alokairu eskuragarriko programa publikoak indartzea, etxebizitzak funtzio soziala eta ez espekulatiboa betetzen duen eredua sendotuz.
Udalaren helburua, hortaz, argia da: “Pasaian bizitzea posible izatea bertan lan egiten eta ikasten duenarentzat, eta nork bere bizi proiektua garatzen duenarentzat, gizarte kohesioa eta komunitate errotzea indartuz”.
