Emakumeen ahotsek Pasaia astinduko dute
Udalak eta herriko hainbat eragilek egitarau anitz eta zabala ondu dute Martxoaren 8a goratzeko, 'Gure ahotsek mundua astintzen dute' lelopean.
Martxoaren 8a gainean da, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta egun hori goratzeko, Pasaiako Udalak, Trintxerpeko Topaketak, Bekoz-Bekok, Entre Orillasek, Ekaitza Gazte Taldeak eta Bixi-Bixi elkarteak egitarau anitz eta zabala ondu dute, Gure ahotsek mundua astintzen dute lelopean. Horien artean hitzaldiak, solasaldiak, aurkezpenak, erakusketak edota mobilizazioak antolatu dituzte, eta jarduerak martxo osoan zehar garatuko dira.
Honakoa adierazi du Aintzane Taberna Berdintasun zinegotziak: “Martxoaren 8aren bueltan urtez urte egitarau sendo eta parte hartzailea osatzea ezinbestekoa da borroka feministak modu eta forma desberdinetan bizirik eta ikusgarri jarrai dezan. Egun bakarreko aldarrikapena baino askoz gehiago izango da; egiturazko zapalkuntzei aurre egiteko herri mailako lanketa kolektiboa da”.
Eta jarraitu du: “Emakumeon ahotsak, esperientziak eta borrokak erdigunean jartzea dagokigu, eta instituzioek herriko mugimendu feministarekin elkarlanean urrats ausartak egitea. Era berean, egitaraua belaunaldi guztiei zuzendutakoa da. Txiki, gazte, heldu zein adinekoei zuzendutako jarduerekin, berdintasuna eta askatasuna eguneroko praktiketan txertatu nahi ditugu”.
Berritasunen artean, Herriko sekretuaren bila izeneko ihes gela antolatuko da, eta emakumeen argazki erakusketa digitala ikusgai egongo da Pasaiako lau pantailetan. Hona egitarau osoa:
Martxoak 4
Udaleko Migrazio eta Berdintasun arloek Emakumeen desioa eta plazera: zor den aitortza izeneko mahai ingurua antolatu dute. Saioa Trintxerpeko alkateordetzan izango da, 17:00etan.
Martxoak 5
Udalak Herriko sekretuaren bila izeneko ihes gela egingo du Trintxerpe-San Pedroko ludotekan, 17:30etik aurrera. Iniziatiba berri hori 7 eta 12 urte arteko gazteei begirakoa da, eta helburua da genero berdintasunaren balioa modu “dibertigarri eta parte hartzailean” lantzea. Ihes gelaren bidez txikienek berdintasunaren, errespetuaren eta eskubideen inguruko oinarrizko kontzeptuak ulertzea eta eguneroko bizitzan aplikatzea nahi du udalak.
Martxoak 6
Emakumeen arteko entzute taldeak Auzoan bizikidetza sostengatzen duten ahotsak eta sareak izeneko jarduera parte hartzailea eta dinamikoa antolatu du. Saioan zehar, Adinkideko kakorratz lanak egiten dituztenek landutako pankartaren eredua ikusgai izango da. Ondoren, luntx bat egingo da. Topaketa Trintxerpeko Gernika plazan egingo da. Eguraldi txarrarekin Trintxerpeko jubilatuen egoitzara lekualdatuko litzateke jarduera.
Martxoak 7
Bixi-Bixi elkarteak autodefentsa tailerra egingo du Donibaneko Kulturgunean, 09:30etik 13:30era. Ondoren, bertso bazkaria egingo da Bixi-Bixiko egoitzan, 14:00etatik aurrera. Bertan, Nerea Ibarzabal eta Uxue Alberdi bertsolariak eta Beñat Antxustegi eta Eneko Sierra musikariak izango dira. Sarrerak Berezi okindegian eros daitezke. Informazio gehiagorako, 667 72 21 44 telefonoa ahalbidetu du Bixi-Bixik.
Martxoak 8
Ekaitza Gazte Taldeak Lore moreak izeneko haurrentzako jolasak antolatu ditu Trintxerpeko Azkuene parkean, 12:00etatik aurrera. Pasaiako Mugimendu Feministak elkarretaratzea egingo du. Ordutegia udal webgunean eta sarretan argitaratuko da.
Martxoak 11
Ixabel Agirresarobek Babak eltzetik ateratzen liburuaren ipuin kontaketa egingo du Antxoko liburutegian, 17:30ean. Sinopsia: Neskek hamaika estutasun pasatzen dituzte. Beraiek erabakitzeko gaitasuna badutela ikusiko dute saioan zehar, adarra jotzeko ere bai.
Martxoak 13
Naia Torrealdaik Amaieratik hasi. Euskal Feminismoa, aldaketarako paradigma liburua aurkeztuko du. Ondoren, solasaldia egingo da. Saioa Donibaneko Kultur Aterpean izango da, 18:30ean. Topaketaren helburua da minak politizatu eta emozio kolektiboetatik abiatuta, askatzaileak izango diren proposamenak eta jarduteko bideak iradokitzea.
Martxoak 31
Bekoz-Bekok eta udalak Feminismoa: gaur, orain, inoiz baino beharrezkoago? kafe solasaldia antolatu dute. Saioa Antxoko Zumalakarregi kalean kokatuta dagoen Elokaldetodas-en izango da, 18:00etan.
Martxoan zehar
Entre Orillas elkarteak eta udalak Emakumeen argazki erakusketa digitala erakusketa ikusgai jarriko dute Pasaiako lau pantailetan.
Kontrakoa aipatzen ez bada, jardueretarako sarrera librea izango da, aretoetako edukierak bete arte. Informazio gehiagorako, udalak Berdintasun sailaren helbide elektronikoa eta 943 34 40 34 / 911 telefono zenbakia ahalbidetu ditu.
Martxoaren 8ko egitaraua
Martxoak 4
- 17:00: Mahai ingurua: Emakumeen desioa eta plazera: zor den aitortza. Trintxerpeko alkateordetzan.
Martxoak 5
- 17:30: Herriko sekretuaren bila ihes gela, 7-12 urte arteko gazteentzat. Trintxerpe-San Pedroko ludotekan.
Martxoak 6
- 11:30: Auzoan bizikidetza sostengatzen duten ahotsak eta sareak jarduera. Ondoren, luntxa. Trintxerpeko Gernika plazan.
Martxoak 7
- 09:30: Autodefentsa tailerra. Donibaneko Kulturgunean.
- 14:00: Bertso bazkari musikatua. Bixi-Bixi elkartean.
Martxoak 8
- 12:00: Lore moreak izeneko haurrentzako jolasak. Trintxerpeko Azkuene parkean.
- Pasaiako Mugimendu Feministak elkarretaratzeak egingo ditu.
Martxoak 11
- 17:30: Ipuin kontaketa: Babak eltzetik ateratzen, Ixabel Agirresaroberekin. Antxoko liburutegian.
Martxoak 13
- 18:30: Amaieratik hasi. Euskal Feminismoa, aldaketarako paradigma liburuaren aurkezpena eta solasaldia. Donibaneko Kultur Aterpean.
Martxoak 31
- 18:00: Feminismoa: gaur, orain, inoiz baino beharrezkoago? kafe solasaldia. Antxoko Elokaldetodas-en.
Martxoan zehar
- Emakumeen argazki erakusketa digitala erakusketa, Pasaiako lau pantailetan.
