Enplegu eta etorkizunaren defentsan elkarretaratu dira Papresako langileak
Langileen artean handia da egonezina, "langileen batez besteko adina 50 urtekoa da, eta jendea urduri dago eta kezkatuta. Familia ugari daude eta etorkizuna zalantzakorra da".
Papresako langileen elkarretaratzea gaur. Papresako zuzendaritzak enpresaren salmenta, makina produktibo baten gelditzea eta 110 langileri eragingo liekeen Enplegu Erregulazio Espedientea aplikatzea aztertzen ari dela-eta, lanuzteak antolatu dituzte langileek azken asteotan. Gaur zuten azkena deituta, baina martxoko lehen hamabostaldirako ere deitu dituztela jakinarazi du Martin Otamendi LABeko kide eta Enpresa batzordeko presidenteak—LAB, ESK, ELA eta CCOO sindikatuek osatzen dute— , “astearte eta ostiraletan 12:00etatik 16:00etara elkarretaratzen jarraituko dugu enpresa aurrean”.
Egoerak berean jarraitzen duela azaldu dio HITZAri Otamendik, “ez dugu inolako kontakturik izan Cristian Lay Grupo Industrialekin (CL) eta Papresaren zuzendaritzak ere ez du ezer argitu. Jakin dugu prentsa bidez, Tarragonako (Katalunia) Diari de Tarragona egunkarian argitaratu dutelako bertako bi enpresa erosi nahian ere badabilela. Haiek ondulatua egiten dute, kartoia hartu eta kutxak eta ondulazioak egiten dituzte”.
Langileen artean handia da egonezina, “langileen batez besteko adina 50 urtekoa da, eta jendea urduri dago eta kezkatuta. Familia ugari daude eta etorkizuna zalantzakorra da”. Berriro esan du Otamendik, enpresa errentagarria dela, “lanpostuen %100 mantentzea eskatzen dugu, baita industria jarduera osoa”.
Aukerak ikusten dituzte horretarako, argi esan du enpresa batzordearen presidenteak, “baikor gaude”. Aurre jubilatutako langileak aintzat hartuta 220 langile ditu Papresak gaur gaurkoz. Eusko Jaurlaritzarekin duela bi aste bildu ziren eta laguntzeko prest azaldu dira Otamendik azaldu duenez, baita udala ere, “euren esku dagoena egiteko prest azaldu dira”.
