Etxebizitza larrialdiari arduraz erantzuteko deia
Kotxetegietan babestutako alokairuko etxebizitzak eraikitzeko proposamenaren atzean «proiektu landurik» ez dagoela gelditu da agerian astearteko plenoan. Arduraz jokatzeko eskatu dute.
Plenoa lepo, asteartean. Bizitegi larritasun betean derrigor da etxebizitzaren gaiari arduratik heltzea. Izan ere, gaur-gaurkoz, asko dira diru sarreren ia erdia alokairua edota hipoteka ordaintzera bideratzen dutenak, eta beste asko, emantzipaziorako eskubiderik ere ez dutenak. Testuinguru horretan heldu zen duela bi hilabete Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda sailetik Gaztañoko Topoko kotxetegietan babestutako alokairuko 170 eta 200 etxebizitza artean eraikitzeko proposamena; Eusko Jaurlaritzarenak diren lurretan eraikiko zirela eta 33 milioi euro bideratuko zituela horretara jakinarazi zuen Denis Itxaso sailburuak. Asteartean plenora eraman zuen gaia PSE-EEk mozio bihurtua, gainontzeko alderdiei posizionamendua hartzeko eskatuz, proiektuaren alde edo kontra zeuden esateko, alegia. Hiru zuzenketa aurkeztu zizkioten sozialisten mozio horri PPk, EAJk eta gobernu taldeak—EH Bilduk eta Elkarrekin Errenteriak osatzen dute—. Hasieratik egonezina eragin du Gaztañoko auzotarrengan kotxetegietan etxeak eraikitzeko proposamen horrek. Ez zuten asteartean hutsik egin, eta proiektuaren gaineko iritzia eraman zuten plenora.
«Posizionamendua» eskatzea zuen helburu mozioak Isaac Palencia sozialisten bozeramaileak esan zuenez, «alde zaudeten edota kontra zaudeten esatea»; helburua urrun, gaia lantzeko moduak jarri zituzten erdian gainontzeko alderdiek, baita bizilagunek ere. Azken horiek galde-eskeen atalean hartu zuten hitza.
Etxebizitzak kotxetegietan eraikitzeko proposamena bera jarri zuen zalantzan Elkarrekin Errenteriako Yolanda Martin zinegotziak. «Proiekturik ez dago, infografia bat baino ez, bizilagunak ez dituzte informatu, eta gure auzoak baldintzatuko dituzten proiektuak bertan bizi direnekin adostu eta partekatu behar dira». Ziurtasunik gabekoa eta zalantza ugarikoa, hala definitu zuen proposamena, eta eskaera zehatza egin zien sozialistei, «ez ditugu bizilagunak nahasi behar. Lehentasuna etxebizitza eskuragarri eta duinak eraikitzea da» HAPOari ere aipamena Martinek, pleno horretan eman baitzitzaion hasierako onespena dokumentu berrituari, eta behin betiko onartzen dutenean, hura izango baita udalerriaren etorkizunerako iparrorratz, «HAPOa idazteko egindako parte hartze zabal eta irekia nabarmen jarri nahi dut».
Gogorrago mintzatu zen EAJko bozeramaile Elixabete Murua: «Zaila egiten zait mozioa kalifikatzea. Etxebizitzaren gaiak ardura eskatzen du eta ez azaleko mozio bat, egiturazko eta premiazko arazoa delako. Horri ezin diogu heldu landu gabeko proposamenekin, benetako proiektu batean oinarrituta ez dauden eta errealitate urbanistiko eta administratiboarekin bat ez datorren itxaropena sortzen duten proiektuekin». Gehiago sakondu zuen egindako kritika horretan, eta proiektu teknikorik, hirigintzan aldaketa eskaerarik, edota bideragarritasun azterketarik ez duela Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailaren proposamenak gaineratu zuen.
Hori gutxi ez, eta eraikitzeko proposatutako eremuak erabilerarik ez duela esan badute ere, hori ez dela zuzena esan zuen Muruak: «Herritarrekin zintzoak izan nahi badugu, lehenengo kotxetegien erabilera eten beharko litzateke, desafekzioa eta afekzio berria egin, planeamendua aldatu, lurreko kutsadura garbitu beharrezkoa bada, proiektua idatzi, lizitaziora atera… Errealistak izanik hamar urte baino gehiago beharko genituzke etxebizitzak eraikita ikusteko».
Plangintza, udal eskumena dela ekarri zuen gogora, eta «aldebakarreko iragarpenak» arbuiatu zituen, «udalak dituen eskumenei irmo eutsi eta gauzatu beharko ditu etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko».
«Inposaketarik» ez dute onartuko
Kotxetegietan sozialistek «irtenbide bakar» gisa aurkeztu duten proposamena «parakaidismo ariketatzat» jo zuen Eneko Del Amo Hirigintza zinegotziak. Datuak eman zituen: «73 etxebizitza ditugu egin gabe nahiz eta udalak Esnabiden 27 babes ofizialeko etxebizitza egiteko doan eta kargarik gabe lurren lagapena egin zion Eusko Jaurlaritzari 2023ko urtarrilaren 21ean, eta Altzaten, berriz, baldintza beretan 45 etxebizitza eraikitzeko lurrak. Oraindik ez dira eraikitzen hasi».
Datu gehiago eman zituen zinegotziak: «2025ean, Gipuzkoan babes ofizialeko 59 etxebizitza baino ez dira egin prentsan azaldutakoaren arabera, eta gurera etorrita, 2008tik hamahiru urte pasa ziren 2021ean 51 etxebizitza dotazional eraikitzeko. Halako iragarpenak egiten ditugunean betetzen ez diren espektatibak sortzen ari gara». Etxebizitzak eraiki behar direla aitortuta, kopuruarekin tematzen direnei mezua helarazi zien: «Etxebizitza politikak zuzen, egoki, koordinatu eta planifikatuta egin behar dira. Udalei, finean gure lurraldea antolatzea dagokigu eta horri errespetua zor zaio». Udalari Kotxetegietan 200 etxebizitza eraikitzeko oztopo izatea egotzi diotenei ere gogorarazpena: «500 etxebizitza egitea planteatu dugu, baina orden baten barruan, HAPOaren estrategiaren barruan; etxebizitzak eraiki behar dira, baina baita hiria ere. HAPOa behin betiko onartu eta hurrengo egunean izango du Eusko Jaurlaritzak 500 etxebizitza eraikitzeko aukera horretarako egokiak iruditzen zaizkigun espazioetan». Ezinbestekoa jo zuen, gainera, ETS Euskal Trenbide Sareak Topoa udalerrian integratzeko duen proposamena azaltzea, «behin argitzen duenean ikusiko dugu, eta ez alderantziz, ez dugulako Topoaren integrazioa hirigintza garapen baten menpe».
Gaztañoko auzotarrek argi esan zuten hitza hartu zutenean, «ez dugu inposaketarik onartuko». Haiekin harremanetan jarri ez izana, proposamena auzoan aurkeztu ez izana bete-betean eragingo dien proposamena izanik onartezina iruditzen zaie. Proposamena beraren «asmoa» zalantzan jarri zuten plenoan. Izan ere, auzotarrek ere jaso dute Kotxetegien beharra izango duela Topoak, epe luzerako izango dela han: «Bai Etxebizitza Saila, bai Mugikortasun Saila, biak PSE-EEren esku egonik, haien kontrajarritako irizpide hauek zer pentsatua ematen digute, eta etxebizitza arazoa joko politikorako erabiltzen ari zaretenaren zantzua hartzen diogu, jende askorengan nahasmendua sortuz».
Hori horrela, eskaera zehatza PSE-EEri auzotarrek, «utz iezaiozue bazterrak nahasteari gai honekin». Gobernu taldearen zuzenketak egin zuen aurrera.
