La Anunciata ikastetxea irekita nahi dute
Ikastetxea kudeatzen duen fundazioak zentroa ixteko asmoa plazaratu zuen urtarrilaren 29an. Langileen aldarrikapena argia da: La Anunciata ez ixtea eta beren lanpostuak berreskuratzea.
La Anunciata ikastetxearen etorkizuna kolokan dago. Zentroa kudeatzen duen Francisco Coll fundazioak ikastetxea ixteko eta bere jarduera eteteko asmoa plazaratu zuen urtarrilaren 29an, ordezkaritza sindikalarekin aldez aurretik ezer negoziatu gabe. Irakasleek, langileek eta familiek egun horretan bertan izan zuten zentroaren itxieraren berri, aldez aurretik inolako informazio edo argibiderik jaso gabe. Bat-batekoa eta ustekabekoa izan da dena. La Anunciata 1939an sortutako ikastetxea da. Ia 90 urteko bidea osatu du, baina bere jarduna errotik eten daiteke orain.
Sortutako egoeraren aurrean «desadostasuna eta ezinegona» adierazi dute La Anunciatako langileek. Horietako bat da Ane Etxeburua Urbizu irakaslea. Etxeburuak argi utzi du zentroa ixteko erabakia «aldebakarrekoa» izan dela, enpresak (Francisco Coll fundazioak) hartu baitu ikasturte bukaeran ateak ixteko erabaki hori. Ikastetxearen itxierak aurrera jarraitzen badu, zentroak dituen 30 langileak kaleratuko dituzte, eta dituzten 211 ikasleen ikasketa prozesua eten egingo da, La Anunciatan jarraitzeko aukera zapuztuz. Hortaz, 30 lanpostu kolokan daude orain.
Etxeburuak adierazi du enpresak hiru arrazoi eman dituela zentroa ixteko: ikasleen galera, Batxilergoa galdu izana eta eraikinaren egungo egoera. Egoera, baina, «bestelakoa» dela baietsi du irakasleak: «Hori da haiek esaten dutena, baina egoera bestelakoa da, ikastetxea indarra hartzen ari delako. Datorren ikasturtean Batxilergoa berreskuratuko genuen, eta eraikina primeran dago, 2024an patioa berritu baikenuen. Iaz ere galdara aldatu genuen. Ikastetxea, gainera, primeran dago: gela pila, aretoa, gimnasioa edota kantxak dauzka. Hori guztia pikutara botako da». Zentroa ixteko erabakia, gainera, une estrategiko batean hartu dela jakinarazi du Etxeburuak: 2026-2027 ikasturteko matrikulazio kanpaina baino lehen, epe hori otsailean hastekoa baitzen. «Egoera horrek ikasleen jarraipena baldintzatzen du. Hurrengo urtean ikaslerik ez izateko erabakia enpresak hartu du», zehaztu du ikastetxeko irakasleak.
Langileen aldarrikapena eta borroka argia da: La Anunciata ez ixtea eta lanpostuak mantentzea. Horien defentsan kalera atera dira langileak azken egunotan. Hilaren 19an manifestazioa egin zuten Antxoko kaleetan, eta hilaren 24tik 26ra bitartean, hau da, aste honetako asteartetik ostegunera, greban izan dira. Bizitzen ari diren egoeraren aurrean, ikastetxeko komunitatearen eta herritarren «elkartasuna eta bultzada» beharrezkoak izango direla nabarmendu dute zentroko langileek, eta mobilizazioetan parte hartzera animatu dituzte.
Negoziazio prozesua
Langileek irtenbide bat nahi dute, eta iragan ostiralean negoziazio prozesu bat ireki zuten enpresarekin. Lehen bilera hori informatiboa izan zen, eta orain kontsultarako epea irekiko da. Prozesu hori martxoaren erdialdean bukatuko dela aurreikusi dute langileek, bizpahiru asteko ibilbidea izatea planteatu baitute. Dagoeneko bilerak hitzartu dituzte enpresarekin, eta akordio batera iristen saiatuko dira. Etxeburuak baietsi du prozesu hori bukatu ondoren izan beharko luketela behin betiko erabakia.
«Herri bati ikastetxe bat kentzea, bizitza kentzea» dela ziur da Etxeburua. Bien bitartean, beren lanpostuen defentsan eta La Anunciata ez ixteko borrokan jarraituko dute langileek, egun batetik bestera kale gorrian utzi nahi dituztelako ikastetxeko 30 beharginak, aldez aurretik ezer komunikatu gabe: «Oso injustua izan da dena».
