Foru funtsaren diru gehigarria Auñamendira bideratzea eskatu du PSE-EEk
Sozialistek zehaztu dute aldunditik aurreikusi baino 234.000 euro gehiago jasoko dituela Lezok, eta kopuru hori Auñamendi auzoa birgaitzera bideratu nahi dute.
Joxean Sanchez, PSE-EEren udal taldearen eleduna, Auñamendin.Lezoko PSE-EE Udalen Finantzaketarako Foru Funtsetik 5.638.635 euro jasoko ditu Lezoko Udalak aurten, 2025eko kontuak itxi eta likidazioa egin berri du aldundiak. Hasierako aurreikuspena 5.404.944 eurokoa zen, Gipuzkoako ogasunak uste baino zerga bilketa handiagoa egin duelako, herrialdeko herri guztiek diru gehiago jasoko dute funts horretatik. Beraz, aurrekontuan zeudenak baino 234.000 euro gehiago jasoko ditu herriak. Gehigarri hori Auñamendi auzoa birgaitzera bideratzeko proposamena egin du Lezoko PSE-EEk, “batez ere Xoxolur eguneko zentroaren ingurura. Premiaz jardun behar da han espaloiak, barandak, hiri-altzariak, haur-parkea eta beraz, bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko”.
Herriko sozialisten aburuz, diru gehigarri hori auzoen hobekuntzarako bideratu behar da, “ezin dugu onartu aukera hori beste helburu batzuetan desegitea, benetako birgaitzea behar duten udalerriko puntuak dauden bitartean. PSE-EEk espero du EH Bilduk proposamen hori aintzat hartzea eta, ekintzekin, Lezoko auzo guztiak mantentzeko eta hobetzeko konpromisoa erakustea “, esan du Joxean Sanchez bozeramaile sozialistak.
Aurreikusita ez zen diru kopuru hori herriarentzat oso onuragarri izango dela adierazi du Sanchezek, “urrezko aukera” dela esan du “benetan behar den lekuan eta udal gobernua iristen ez den lekuetan jarduteko: auzoetan”. Hala, diru hori Auñamendin erabil dadin eskatzeko proposamen formala erregistratu du.
