Zahartzen ari da, baina berritasunekin dator
Gaur hasiko da 40. Lesoinu. Urteek aurrera egiteak sor ditzaketen inertziek ez dute eraginik herriko musika zikloan, eta aurten, disko berri bat aurkeztu eta emakumeen emaria aitortuko dute.
Tomas Garbizuren obrekin ondutako diskoa igandean aurkeztuko dute.zuzeu.eus Edukiz eta izaeraz beteta dator aurtengo Lesoinu, Lezoko Aste Pedagogiko Musikala. 40. ekitaldia izango du aurtengoa, eta hamabost emanaldi eta saio programatu dituzte Tomas Garbizu Musika Eskolak eta Lezoko Udalak elkarlanean antolatzen duten kulturaren arorako. Azken urteetan bezala, astebetetik haragokoa da Lesoinuren egitaraua, ekitaldi gehienak gaurtik (hilak 27, ostirala) martxoaren 28ra arte izango baitira; azken saioa maiatzaren 9rako utzi dute. Eduki eta izaera berezi horren harira, bi izenburu: Martxoaren 8aren bueltan egingo diren emanaldietan emakumeak nagusi izango dira, eta gainera, lezoartasuna beste behin agerian geldituko da. Izan ere, herriko musikarien partaidetza egitarauaren barruko emanaldietan nabarmena bada ere, disko bat aurkeztuko dute: Tomas Garbizu lezoarraren hain ezagun ez diren piezekin osatutako Mila ertz diskoa igandean aterako da argitara Gezala Auditoriumean egingo den ekitaldian (12:30).
Mamitsu hasiko da Lesoinu. Batez ere, pianoetatik aterako diren notek jarriko dituzte lau hamarkada bete dituen egitasmoaren lehen hotsak: gaurko (ostirala) 19:00etan, Itxaso Aristizabalek Valentin Larrearen errepertorioan oinarritutako kontzertua emango du Gezalan; bihar (larunbata) egun osoz Euskal Herriko musika eskoletako 100dik gora ikaslek piano jaialdia egingo dute herriko antzokian; eta etzi (igandea) 18:00etan Ane Vazquez pianistak eta Ioannes Sagarzazu biolin jotzaileak emanaldia egingo dute Gezalan.
Baina asteburuko izarra, herriko musikari entzutetsuenaren igandeko aitortza izango da. Gezalak jasoko du Tomas Garbizuren obrekin ondutako Mila ertz diskoaren aurkezpen musikatua, Lezoko eta Euskal Herriko hainbat musikariren ekarpenarekin. «Garbizuren ezohiko errepertorioaren zati bat jarri nahi dugu musikazaleen eskura. Bertan dauden pieza batzuk oso gutxitan interpretatu dira jendaurrean, eta beste hainbat behin ere ez. Honek ematen dio disko honi interes berezia», azaldu du Xanti Espina Tomas Garbizu Musika Eskolako zuzendariak.
Emakumeen ekarpena
Joan den astean aurkeztu zuten 40. Lesoinu Mikel Arruti alkateak eta Xanti Espinak. Alkatearen aburuz, ez da makala gisa horretako kultur ziklo batek hainbeste urtez irauteko gaitasuna izatea, «erraz esaten da, baina jada 40. ekitaldira iritsi da Lesoinu». Astebeteko iraupena zuen iniziatiba, jada hilabete baino gehiagokoa bilakatu dela balioetsi zuen alkateak: «Herrian egiten diren egitasmo nagusienetakoa da. Musika eskolako ikasleei ematen die aukera musika beste era batera ikasteko, eta aldi berean, herritar orori aukera ematen digu kulturaz eta musikaz gozatzeko». Doan izango dira saio guztiak.
Espinak nabarmendu zuen emakumeen emaria handia izango dela aurtengo Lesoinun. «Martxoaren 8aren inguruan direnez ekitaldi asko, emakume interprete, sortzaile eta konpositoreei garrantzi berezia eman nahi izan diegu», zehaztu zuen herriko musika eskolako zuzendariak, «musikaren munduan egin duten eta egiten duten ekarpena aitortu nahi diegu horrela emakumeei». Musika eskolaren eta herriaren arteko harremana eta lotura sendotzeko espazio irekia da Lesoinu, Espinak azaldu zuenez. Irekia, partekatua eta guztientzat eskuragarria. «Jardueran guztien helburua da hezkuntza musikala indartzea, eta parte hartze kulturala sustatzea».
Musika zikloaren egitarau osoa ikusteko, joan HITZAren agendaren atalera.
