Pentsio duinen aldarria, Korrikara
Gaurkoan, modu berezian egin du Duintasunak protesta, Korrikara eraman baitu pentsio duinen aldeko aldarria. Duintasunak eta AEKk antolatu dute Gazte izanen korrika.
Gazte Izanen Korrikara eraman du aldarrikapena Duintasunak Duintasuna kalera atera da gaur, hileko lehen astelehenero egiten duen bezala. Gaurkoan baina, modu berezian egin du, Korrikara eraman baitu pentsio duinen aldeko aldarria. Duintasunak eta AEKk antolatu dute Gazte izanen korrika. Euskararen aldeko lasterketarekin bat egin aurretik, irakurketa pentsiodunek, Herriko Plazan.
Aipamen berezia Martxoaren 3ari, Gasteizi, langile mugimenduari. 50 urte bete dira Gasteizen greba orokor baten testuinguruan Espainiako Poliziak langileen kontrako sarraskia egin zuela. Zaramagako San Frantzisko elizaren barruan batzarra egiten ari ziren milaka langileei gas negar eragileak jaurti zizkieten poliziek, indarrez aterarazteko eta, elizaren ate bakarretik irteten ziren bezala, tiro egin zieten. Bi mila tiro baino gehiago egin zizkieten poliziek langileei. Bost lagun hil zituzten: Pedro Maria Martinez Ocio, 27 urtekoa, Forjas Alavesas lantegiko langilea; Francisco Aznar Clemente, 17 urtekoa, okina eta ikaslea; Romualdo Barroso Chaparro, 19 urtekoa, Agrator enpresako langilea; Jose Castillo García, 32 urtekoa, Grupo Arregui taldeko Basa enpresako langilea; eta Bienvenido Pereda Moral, 30 urtekoa, Grupos Diferenciales enpresako langilea. zaurituak, 150 izan ziren.
Langile mugimenduaren historia oso luzea dela, baita haren borroka ere, eta gaur gaurkoz indarrean dirauela jarri dute nabarmen, “horregatik hilaren 17an grebara deitu dute sindikatuek. Pentsiodunek ez dugu jada lanik egiten, baina elkartasunez bat egingo dugu eta kalera aterako gara greba horretan parte hartuz manifestazioan gure pankartarekin eta geure aldarriekin”.
Martxoaren 8ari, Emakumeen nazioarteko Egunari ere erreferentzia ezinbestean Duintasunak, “jubilatuek egun horretan ere deitutako protestetan parte hartu behar dugu, jubilatuen artean emakumeak baitira zigor handiena jasotzen dutena, miseriazko pentsioak jasota. Pentsioetan dagoen arrakala ere salatzen ari gara behin eta berriz”.
Eskaera zehatza, 1.500 euroko Lanbidearteko Gutxieneko soldata, baita kopuru horretan bermatzea gutxieneko pentsioa. Zaintza sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoa aldarri gaur ere pentsiodunek, “Martxoaren 8an 12:00etan abiatuko da manifestazioa Herriko Plazatik mugimendu feministak deituta, eta Duintasunak, Iztietako anbulatorioan egingo du bat protestarekin”. Izan ere, bertan izango dira pentsiodunak, Iztietako anbulatorioan urgentziazko zerbitzu duina urteko 365 egunetan bermatzeko eskatzen, baita kalitatezko osasungintza sistema publiko publiko duina exijitzen.
Mikel Martin Gogoan
Mikel Martin ere erdi-erdian gaurko pentsiodunen mugimenduaren hileko lehen astelehenean; gaur bete dira hiru urte Martin hil zela eta hura gogoan lore eskaintza egingo diote gaur herriko hamaika eragilek. 18:00etan gelditu dira topoaren erdialdeko geltokian, eta 18:30ean lore eskaintza egingo diote Gaztañon.
Julen Zabala EHGAMeko militanteak hartu du hitza. LGTBI+ mugimenduaren aldarria lau haizetara zabaltzeagatik batez ere ezaguna, hamaika borrokara lotuta bizi izan zen Martin, baita pentsiodunen mugimenduaren borrokara, “Mikelek ulertzen zuen mundu hobeago bat lortzeko borroka guztiak lotuta zeudela. Zaintza eta osasungintza duin eta kalitatezkoaren aldeko borroka ere bere egin zituen”. Mobilizazio guztietara ortzadar bandera eramaten zuen Martinek, eta bandera hori bera atera du Zabalak bildutakoen txalo artean, Martinen aldarria egin eta haren oroimenak bizirik jarraitzen duela erakutsiz. “Mundu hobeago baten alde egin zenuen borrokak bizirik dirau, gogoan zaitugu”, bukatu du Zabalak.
Udal langileek, grebara deitu dute
Duintasunarekin batera Herriko Plazan gaur udal langileak. Horiek, martxoaren 17an Gutxieneko soldata hemen erabaki, 1.500 eurokoa leloa duen grebarekin bat egitera deitu dute. Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata lortzeko egindako bide “demokratiko” guztiak “zapuztu” egin dituztela jarri du nabarmen hitza hartu duen langileak, “Confebaskek negoziazio mahaia blokeatu egin dute eta erabaki politikoei dagokienez EAEko zein Nafarroako gobernuek 150.000 herritarrek babestutako Herri Ekimen Legegilea baztertu egin dute. Patronalak irabaziak areagotu ditu langileak pobretzearen kontura, eta aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzen ari da, eta Hego Euskal Herrian 300.000 langilek, 1.500 euro baino gutxiago kobratzen dute, eta gehienak, emakumeak, gazteak eta migranteak dira”.
Greba orokorrera deitzeko sobera arrazoi direla esanda, horretara deitu dituzte herritarrak, “patronala eta alderdi politikoak interpelatzera goaz, eta horretarako langileak, elkartasuna eta parte hartzea ezinbestekoa da, indibidualismoa alde batera utzi eta kolektiboaren indarra behar dugu”.
Herriko Plazatik abiatuta hasi dute Gazte Izanen Korrika ondoren pentsiodunek. Erdiko kalea, eta Santa Klara kalea pasata, azken horren bukaeran batu dira Jesusen Bihotza erresidentziako egoiliarrak euskararen aldeko lasterketara; greban diren langileak ere batu dira puntu horretan. Errepidetik barrena eraman dute lekukoa txandaka, eta bukatzeko hamaiketakoa egin dute Foru plazan.
