Iritsi berrientzako protokoloa berritu du udalak
Berrikuntza nabarmenena udalak hilabete bukaeran zabaldu asmo duen harrera bulegoa da.
Harrera protokolo berria du udalak. Urte beteko laneko prozesuaren ostean, udalerrira iritsi berrientzat harrera protokolo berria du Errenteria-Oreretak. 2015ean landu zuena berritu du horretarako. Protokolo berria lantzeko azken urteetako datu kuantitatiboak eta informazio kualitatiboa baliatu dituela azaldu du udalak, herrira iritsi berri diren pertsonen harrera ereduaren inguruan hausnartu eta politika berritzaileak diseinatzeko. Prozesu horretan udalerriko eragile, udal teknikari eta politikariek parte hartu dute.
Prozesuaren helburu nagusia izan da harreran inplikatuta dauden eragile sozial eta instituzionalen papera eta esku hartzea ordenatzea eta bizilagun berriei harrera integral, gizatiar, duin eta enpatikoa bermatzeko bideak zehaztea.
Landu den protokoloaren baitan, harreran bermatu beharreko zortzi printzipio eta ikuspegi jaso dira, baita jarduteko prozedura orokorra eta, pausoz pauso, egin beharreko ibilbidea ere. Era berean, protokoloaren eta jarduteko moduaren jarraipen eta ebaluazio sistema bat ere zehaztu da,” izan ere, harrera politikak esku-hartzeko modu dinamiko eta aldakor gisa ulertu behar baitira”.
Harrera bulego berria, berritasun nagusia
Askotariko partaidetzarekin osatu den prozesuan zehar hainbat estrategia proposatu direla azaldu du udalak, bestalde, Errenteria-Oreretak harrera herria izaten jarrai dezan lehentasunezkotzat jo direnak.
Harrera protokolo berriak dakarren berrikuntza nabarmenetariko bat, hain justu, harrera bulego bat martxan jartzeko proposamena da. Errenteriara bizitzera etorri berri direnei zuzendutako gune zerbitzu berria izango da, udalerriari buruzko informazioa eta orientazioa modu koordinatuan eta norberaren jatorrizko hizkuntzan jasotzeko baliabide berria izango dena. Zerbitzu berri hau martxoaren amaieran jarri asmo du martxan Udalak.
Protokolo berria dagoeneko ikusgai dago Errenteriako udalaren webguneko kultur aniztasunaren (klik egin hemen)
