Gaur hasiko dira Martxoaren 8aren gaineko jarduerak
Jatorri askotariko emakumeek elkar ezagutzeko guneak 'Emakumeen desira eta plazera: zor den aitortza' mahai ingurua egingo du Trintxerpeko alkateordetzan, 17:00etan.
Pasaiako Udalak eta herriko eragileek egitarau anitz eta zabala ondu dute Martxoaren 8a goratzeko. Jarduerak hilabete osoan zehar egingo dira, eta gaur (hilaren 4a, asteazkena) egingo da lehena. Jatorri askotariko emakumeek elkar ezagutzeko guneak saio berezia egingo du Trintxerpeko alkateordetzan, 17:00etatik 19:30era. Emakumeen desira eta plazera: zor den aitortza izenburupean, mahai inguru bat egingo dute. Sarrera doakoa da, aretoko edukiera bete arte.
Jatorri askotariko emakumeek elkar ezagutzeko gunean saio bat egiten da hilean behin, orokorrean hilabete bakoitzeko azken asteazkenean. Saio horietan, emakume migratuen taldeko kide batek bere herrialdea aurkezten du, eta horri buruzko galderak egiteko aukera egoten da, “kulturarteko elkarrizketa aberasgarri bat sortuz”.
Hizkuntzari dagokionez, ongietorria eta agurra euskaraz egiten dira, eta beti egoten da euskarazko hitz edo esaldi batzuen lanketa jolas edo dinamikaren batekin. Parte hartzaile gehienak emakume migratuak izaten direnez, hizkuntza nagusia gaztelania izan ohi da, eta beharrezkoa den kasuetan ingelesa edo frantsesa ere erabiltzen dute; helburua baita emakumeak “espazio atsegin eta eroso” batean sentiaraztea.
Gaurko saioaren ondoren, hurrengoak apirilaren 29an eta maiatzaren 27an izango dira.
Martxoaren 8ko egitaraua
Martxoak 4
- 17:00: Mahai ingurua: Emakumeen desioa eta plazera: zor den aitortza. Trintxerpeko alkateordetzan.
Martxoak 5
- 17:30: Herriko sekretuaren bila ihes gela, 7-12 urte arteko gazteentzat. Trintxerpe-San Pedroko ludotekan.
Martxoak 6
- 11:30: Auzoan bizikidetza sostengatzen duten ahotsak eta sareak jarduera. Ondoren, luntxa. Trintxerpeko Gernika plazan.
Martxoak 7
- 09:30: Autodefentsa tailerra. Donibaneko Kulturgunean.
- 14:00: Bertso bazkari musikatua. Bixi-Bixi elkartean.
Martxoak 8
- 12:00: Lore moreak izeneko haurrentzako jolasak. Trintxerpeko Azkuene parkean.
- Pasaiako Mugimendu Feministak elkarretaratzeak egingo ditu.
Martxoak 11
- 17:30: Ipuin kontaketa: Babak eltzetik ateratzen, Ixabel Agirresaroberekin. Antxoko liburutegian.
Martxoak 13
- 18:30: Amaieratik hasi. Euskal Feminismoa, aldaketarako paradigma liburuaren aurkezpena eta solasaldia. Donibaneko Kultur Aterpean.
Martxoak 31
- 18:00: Feminismoa: gaur, orain, inoiz baino beharrezkoago? kafe solasaldia. Antxoko Elokaldetodas-en.
Martxoan zehar
- Emakumeen argazki erakusketa digitala erakusketa, Pasaiako lau pantailetan.
