"Diskurtso antifeministak erasoaldi politiko eta kolektiboki antolatua osatzen dute, eta eztabaida publikoan ezin dira beste iritzi bat bezala onartu"
Emakumeen Eguneko adierazpen instituzionala adostu dute Oiartzungo Udaleko EH Bildu eta EAJ taldeek. Mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.
Emakumeen Eguna da igandean, martxoak 8, alegia, eta adierazpen instituzionala adostu dute Oiartzungo Udaleko EH Bildu eta EAJ taldeek. Bertan, martxoaren 8ko ospakizun eta mobilizazioekin bat egin eta herritarrak horietara gonbidatzeaz gain, zenbait konpromiso hartu dituzte “emakumeen eta gizonen arteko genero berdintasun erreala lortzeko”.
“Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorrarekin dugun konpromisoa irmoki berresten dugu. Printzipio demokratiko hori ukaezina da, eta gizarte justu, aske eta kohesionatu baten funtsezko zutabea”, hasi dute adierazpena.
Era berean, diote ahotsa “irmo” altxatzen dutela berdintasuna defendatzeko eta aldarrikatzeko, “bere diskurtsoa zokoratzen eta zalantzan jartzen ari baita komunikabideetan, sare sozialetan eta, modu kezkagarrian, giza harremanetarako eguneroko espazioetan”.
Gainera, azaldu dute mugimendu antifeminsita baten goraldian dagoela gizartea, diskurtso erreakzionario eta misoginoetan adierazten dena. “Narratiba horiek oinarrizko konkistak zalantzan jartzea, nahasmendua sortzea eta indarkeria matxisten existentzia deslegitimatzea bilatzen duten. Diskurtso antifeministak erasoaldi politiko eta kolektiboki antolatua osatzen dute, eta eztabaida publikoan ezin dira beste iritzi bat bezala onartu”.
Bide horretan, irmo diote berdintasunaren defentsa ez dela aukera bat, ezta ideologia bat ere, giza eskubide unibertsala baizik, aitortua eta babestua. “Hamarkadetan kolektiboki borrokatuz eta lan eginez lortu duten eskubidea da emakumeek, mugimendu feministak, erakundeek eta pertsona aliatuek, batez ere, diskriminazioa desagerrarazteko, askatasunak zabaltzeko eta guztientzako aukerak bermatzeko. Horrez gain, azpimarratu nahi dugu emakumeen eskubideak mundu osoan defendatu behar diren giza eskubide unibertsalak direla, eta edozein ideologia, erregimen edo diskurtso politikok urratzen dituenean irmoki gaitzetsi behar direla”.
Gauzak horrela, berdintasunean hezten duen, estereotipoak baztertzen dituen eta errespetuan, askatasunean eta duintasunean oinarritutako harremanak sustatzen dituen gizartea aldarrikatzen dute, baita indarkeria matxisten biktimak aintzat hartzen, laguntzen eta entzuten dituena. “Iza ere, ozen eta garbi esaten dugu berdintasunik gabe ez dagoela erabateko demokraziarik, eta indarkeria matxistak desagerrarazi gabe, ez dagoela guztiontzako askatasunik. Martxoaren 8an euskal udalek dei egiten diegu herritar guztiei eta erakunde guztiei batuta eta elkartuta irmo egon gaitezen lortutako eskubideak defendatzeko eta atzera pausorik gabe, berdintasun erreal eta eraginkorrerantz aurrera egiten jarraitzeko”.
Azkenik, Oiartzungo Feministen Asanbladak herrian egingo dituen egitasmo eta mobilizazioak babestu eta horietan parte hartzeko deia egin dute bi udal taldeek.
Oiartzundo Udalak hartu dituen konpromisoak:
- Indarkeria matxisten kontrako plana garatzea, tokiko arreta eta koordinazio protokoloak eguneratzeko urratsak emateko helburuarekin.
- Emakumeen ahalduntzea sustatzen duten sexu aholkularitza zerbitzua eta emakumeentzako aholkularitza juridiko zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko apustuari eustea.
- Burujabetzen prozesuan, zaintza mahaiarekin aurrera egitea. Ikuspegi feministatik herriko egoeraren diagnostikoa egiten ari dira, zaintza arloan dauden ahulgune eta indarguneak identifikatzeko.
- Eskualde mailan indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko autolaguntza zerbitzua eskaintzen jarraitzea.
- Berdintasun planean jasotako neurriak garatzen jarraitzea. Esaterako, Xanistebanetako omenduak aukeratzeko prozeduran berdintasun irizpideak txertatzea.
- Udal politiketan genero zeharkakotasunetik lanean jarraitzea.
- Herriko elkarte feministak sustatzen jarraitzea.
- Berdinsarea udalen arteko gunean parte hartzea.
