Lezoko Udala: "Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorrarekin dugun konpromisoa irmoki berresten dugu"
Lezoko Udalak, bertan ordezkaritza duten talde politiko guztien izenean, Martxoaren 8aren harirako erakunde adierazpena egin du.
Lezoko Udalak, bertan ordezkaritza duten talde politiko guztien izenean, Martxoaren 8aren harirako erakunde adierazpena egin du, “emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorrarekin dugun konpromisoa irmoki berresten dugu”, adierazi du. Berdintasuna printzipio demokratiko ukaezina dela adierazi du udal erakundeak, “eta gizarte justu, aske eta kohesionatu baten funtsezko zutabea”.
Berdintasuna ez dela aukera bat esan du udalak, ezta ideologia bat ere: “Giza eskubide unibertsala da, aitortua eta babestua. Hamarkadetan emakumeek, mugimendu feministak, erakundeek eta pertsona aliatuek kolektiboki borrokatuz eta lan eginez lortu duten eskubidea da, batez ere, diskriminazioa desagerrarazteko, askatasunak zabaltzeko eta guztientzako aukerak bermatzeko helburua duena”.
Berdintasunik gabe erabateko demokraziarik ez dela iritzi du udalak, eta indarkeria matxista desagerrarazten ez den bitartean guztientzako askatasunik ez dela azaldu du: “Berdintasunean hezten duen, estereotipoak baztertzen dituen eta errespetuan, askatasunean eta duintasunean oinarritutako harremanak sustatzen dituen gizartea aldarrikatzen dugu; baita indarkeria matxistaren biktimak eta bizirik atera direnak aintzat hartzen, laguntzen eta entzuten dituena ere”.
Asteazkenean, hilaren 11n, aurkeztuko da Lezoko Berdintasun Kontseilua. Sortu berri den mahai horrek antolatu ditu herrian Martxoaren 8aren harirako jarduera eta mobilizazioak, Emakumeen Nazioarteko Egunetik harago doazenak: “Politika feministek eta gure bizitzak baldintzatuko dituzten erabakiek zeharkakotasuna bermatu behar dute. Eta, beraz, erabaki horiek hartzen dituzten egiturek herri boterea eta gobernantza eredu berriak behar dituzte. Lezon, Berdintasun Kontseiluak izan nahi du tresna berri hori, tokitik eragingo duena, inguruan aldaketa errealak eragin ditzakeena, denon bizitzak erdigunean jarriko dituen begirada, hain zuzen ere”..
Beraz, Martxoaren 8ari lotutako ekitaldietan parte hartzera deitu ditu udalak lezoarrak, “Emakumeek jasaten duten indarkeria sistematikoaren aurka, giza-eskubideen urraketa salatzeko eta elkartasun uhina indartzeko, herritar guztiei martxoaren 8aren inguruan antolatutako ekintzetan parte hartzera eta manifestaziora batzera dei egiten diegu”.
