"Azken urteetan hedatu den kontzientzia feministari esker sistema arrakalatzen ari gara"
Oiartzungo Feministen Asanbladak deituta, manifestazioa eta ekitaldia egin dituzte herrian zehar. Ehunka lagun bildu dira Doneztebe plazaren inguruan.
Martxoaren 8a da gaur, Emakumeen Eguna, eta Oiartzun aldarriz bete dute ehunka bizilagunek. Zientoka herritar hurbildu dira Doneztebe plazara helburu bakar batekin, eta hamabiak jo dituenean banderak eskuan hartu, eta herrian zehar borroka feminista aldarrikatu dute.
Herrian barna egin dute manifestazioa lehenbizi, eta plazan elkartu dira gero berriz ekitaldia egiteko. Han, irakurketarekin batena emanaldia egin dute Oiartzungo Feministen Asanbladako kideek. Bertan, aipatu dute martxoaren 8ak indar berezia hartu duela, eta baita egutegian egun garrantzitsu bilakatu dela erre. Hots, badakite “oraindik asko dagoela egiteko, bide berri luze asko urratzeko, eta urte luzez egun hau aldarrikapenerako baliatzen jarraituko badugu ere, orain arteko bideari erreparatu nahi genioke gaur, belaunaldiz belaunaldi irun dugun haria ehunduz heldu baikara honaino”.
Gero, duela 90 urteko altxamendu faxista izan dute hizpide, eta aipatu orduko hartan ere Emakume Abertzaleen Batzan zein talde miliziano eta abertzaleetako lehen lerroetan egon zirela emakumeak. “Horregatik, Pikoketan fusilatu edota Saturrarango kartzelan sartu gintuzten. Plaza honetan bertan ere gu zapaltzeko eta umiliatzeko ekintzak bizi izan genituen, burua soildu ziguten, Espainiako bandera soinean eramanarazi eta Viva España esatera behartu”.
Alabaina, gehitu dute giza eskubideen urraketa ez zela 1939. urtean bukatu, “Espainiako zein Frantziako Estatuek urte luzez gu zapaltzen jarraitu baitute, mendeku politika eta torturen bidez. Zapaldu, kolpatu, bortxatu eta bahitu egin gaituzte, baina bidelagunekin batera goaz aurrera”.
Bide horretan, kontatu dute etxe zulora kondenatuta egon direla, sukaldera, eremu pribatura, zaintza lanetara. “50 urte baino ez dira pasa lana egiteko, bankuko kontu bat irekitzeko, bidaiatzeko edota kontratuak sinatzeko senarraren baimena behar genuenetik. Nola jantzi ere lege bidez inposatu nahi izan digute. Baina gu ez gara konformatu eta debeku horiei aurre egin diegu desobedientziaz”.
Jaiotzetik bereizi izan dituztela aipatu dute gero, dominazio sistema betikotzeko emakume eta gizon gisa sozializatu, alegia. Infantilizatu egin dituztela eta kontatu dute, eta gehitu unibertsitatera joaten ez uzteaz gain, bozkatzen ere ez dietela utzi salatu dute. “Zapalkuntzen aurrean, ordea, kaleak hartu ditugu beti, eta borrokari esker lortu genituen duela 50 urte hezkuntza eta bozka eskubideak Euskal Herri osoan”.
Alabaina, arbuiatu dute nor maite behar zuten ere inposatu dietela. “1978 arte delitua izan zen sexu bereko pertsona maitatzea, baina kolektiboaren borrokari esker lortu genuen homosexualitatea despenalizatzea. Hiru urte baino ez dira genero autodeterminaziorako eskubidea lortu genuenetik. Mugimendu feministak bere egin du LGBTIQ+ eskubideen alde aldeko aldarria, eta lorpen batzuk egon badira ere, bide luzea dugu oraindik aurretik”.
Eta gehitu: “Urte luzeetan eliza eta ezkontza kaiola izan dira guretzat, ezkontza zibila eta dibortzioa ez baitira eskubide izan duela gutxira arte. Horrek, etxean indarkeria matxista etengabeetara kondenatu gaitu emakume asko eta asko. Gainera, gizonen kasuan ez bezala, bikotekidea ez zen pertsona batekin harreman sexualak izateagatik kartzeleratuak izan gara, emakumeen adulterioa delitu penala izan baita urte askoan”.
Noski, abortatzeko eskubidea ere izan da ukitu duten gaietako bat gaurko agerraldian, eta azpimarratu dute borrokaren fruitu izan dela eskubide hori. Hots, nabarmendu dute abortua galarazita egon denean eta haurdunaldia eten nahi izan dutenean ahizpatasunak salbatu dituela. “Kideek babestu eta lagundu gaituzte pixu klandestinoetara, kideek utzi digute dirua, kideek zaindu gaituzte”.
Horretaz gain, azaldu dute mende honen hasieran aitortu zirela indarkeria matxistak, eta 2003an hasi baziren ere erailketak zenbatzen, argitu. dute ordura arte emakume asko erail dituztela Euskal Herrian, gehiegi. “Oiartzunen bertan erail zuten Miren Nekane Goiburu, 1999ko abuztuaren 18an, 117 labankadaz. Bera ez da erailketa matxisten kontaketan sekula sartuko, beste ehunka emakumeren antzera. Mugimendu Feministaren indar erakustaldiari esker, hemen zaudeten guztioi esker, lortu dugu indarkeria matxistak izendatu eta etxeko indarkeria ez direla onartzea, ikusaraztea. Indarkeria sexuala, indarkeria bikarioa, indarkeria fisikoa, indarkeria psikologikoa, indarkeria ekonomikoa, indarkeria digitala, indarkeria obstetrikoa, indarkeria politikoa eta feminizidioa. Legezko aitortza horren aurretik ere bagenekien sistema honek jo-puntuan gintuela, indarkeria egiturazkoa dela eta guztiak direla indarkeria matxista. Orain arte bezala, besoak zabalik jarraituko dugu, indarkeria jasaten ari diren kideak sinesten eta babeserako konplizitate sareak ehuntzen”.
Hots, salatu dute eremu pribatura kondenatu dituztenez, orain gutxi hasi direla “plazak gure egiten”, bai eta ez dietela utzi kultur ekitaldietan parte hartzen ere. “Begira eduki nahi izan gaituzte, haiek txalotzen. 80. hamarkadan hasi ginen emakumeok sokatiran lekua egiten. Eta pixkanaka herri kiroletako beste modalitateetan presentzia areagotu genuen, 2005ean hartu genuen lehen aldiz parte herri kiroletako modalitate guztietako txapelketa ofizialetan. Berandura arte ezin izan dugu dantzarik egin Oiartzungo soka dantzan aurreskulari gisa, hamarkada honetan aurkeztu ditugu Maskaradak lehen aldiz, Lesakako zubi gainean ere duela sei urte hartu genuen parte lehenbizikoz, eta oraindik ere, ezin izan dugu alardeetan desfilatu”.
Bide horretan, argi utzi dute “azken urteetan hedatu den kontzientzia feministari esker sistema arrakalatzen ari gara eta horren adierazle da gaur Oiartzungo plaza. Gero eta gehiago salatzen ditugu jasaten ditugun erasoak, lotsa eta beldurra bandoz aldatzeko urrats garrantzitsuak eman ditugu, ahalduntzen, indartzen eta beldurrak gainditzen ari gara eta horretan jarraituko dugu. Elkarrekin”.
Orain arte egindako bidea txalotu dute, baina gehitu oraindik ehuntzeko hari ugari dituztela esku artean. “
Ehundu behar ditugu aniztasuna eta inklusioa: genero, klase, arraza eta sexu-orientazioaren intersekzionalitatea aitortuz eta erdigunean jarriz. Gure gorputzen burujabetza irutea dagokigu, gure gorputzen gaineko erabakiak gure esku egon daitezen”.
Hargatik, diote irauli egin behar dela emakumeen gain dagoen eta esplotazioan oinarritzen den zaintza sistema, zaintza bizitzaren erdigunean jarriko duen eredu justuago bat sortzeko. “Emakumeon alor desberdinetako prekarietatearekin amaitu behar dugu, desmerkantilizazioa eta desfamiliarizazioa bultzatuz, bizitzen sostengua ez adin merkatuaren eta familia eredu zapaltzaileen menpe egon”.
Maila guztietako indarkeria matxistekin amaitu behar dela aipatu dute, eta aldi berean, erreakzio faxistari aurre egin eta jendarte feminista eta antifaxista eraiki. Pertsona eta gorputz oro erdigunean izan dituen osasun sistema publiko eta unibertsala aldarrikatu dute, “eta politika feminista publiko sendoak bermatu, benetako eraldaketa sozial eta instituzionala gauzatzeko. Emakumeok plazak, oholtzak, botereguneak, zelaiak, pistak, gune publikoak, tabernak, dantza lekuak… hartu behar ditugu. Bizitzea merezi duten bizitzak ehundu behar ditugu! Sistema patriarkalak etengabe zapaldu gaitu, zapaltzen gaitu eta zapalduko gaitu, baina guk 90 urte baino gehiago daramatzagu borrokan, elkar sinesten elkar babesten, elkarrekin ospatzen, elkar defendatzen, elkarrekin dantzan. 90 urte baino gehiago elkarrekin, iruten eta ehuntzen”.
Eta honela amaitu dute agerraldia: “30. hamarkadan ez gintuzten isilarazi, ez gintuzten makurrarazi, ez gintuzten gelditu. Eta gaur ere ez gaituzte isilduko, ez gaituzte makurtuko, ez gaituzte geldituko. Gure lorpen guztiak sarearen, ahizpatasunaren, desobedientziaren, antolakuntzaren eta borrokaren fruitu izan dira. Belaunaldiz belaunaldi egindako lanari esker iritsi gara hona, eskuz esku haria pasatuz, arrakalak irekiz, hormak pitzatuz. Hariak gaur ez du etenik, eta ez du etenik izango. Jarrai dezagun sareak eta iraultzak iruten eta ehuntzen! Gora borroka feminista!”.
HITZA Oiartzungo manifestazio eta ekitaldian izan da, eta zenbait irudi atera ditu:
