Donibaneko Lezobidea kalean hobekuntzak egin ditu udalak
Barruti Batzarretan jasotako kezka bat erantzunez, Lezobideko zebrabidean ikusgarritasuna hobetu eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko lanak egin dira.
2025ean Barruti Batzarrak martxan jarri zituen lehen aldiz Pasaiako Udalak. Saio horietan bizilagunen beharrizanak jaso eta udal jardueraren berri eman zuten udal ordezkariek. Saioak lau barrutietan egin ziren, eta bertan jasotako kezka eta eskaerak lantzen ari da udala iazko maiatzetik. Udalak aurki iragarriko ditu 2026ko Barruti Batzarren datak, eta iazko etxeko lanen garapenaren berri eman eta aurrera begirakoak jasoko dituzte udal ordezkariek.
Donibaneko saioan bizilagunek Lezobidea kalean ibilgailuek zuten gehiegizko abiaduraren inguruko kezka helarazi zuten. Sanjuandarrek hainbat aukera proposatu zituztela jakinarazi du udalak, hala nola, edukiontziak lekuz aldatzea, zebrabidearen ikusgarritasuna eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko. Horrez gain, abiadura murrizteko neurri zehatzak ere eskatu zituzten.
Kezka horien aurrean, udal gobernuak Lezobidean segurtasuna eta erabilgarritasuna hobetzeko esku hartzea abiatu zuen. Horretarako, udaleko zenbat zerbitzu eta sail bildu ziren egoera aztertzeko, eta honako urratsak emango dituzte:
- Meipiko biribilgune ondoan dauden edukiontziak zebrabidetik aldentzea, oinezkoen pasabidearen ikusgarritasuna hobetzeko eta oztopo bisual hori ezabatzeko.
- Bide markak berritzea, seinaleztapen horizontala hobetuz eta ibilgailuen abiadura murriztera bideratutako pintura lanak eginez.
- Datozen egunetan plastikozko pibote batzuk jarriko dira, ibilgailuen abiadura murrizteko helburuarekin.
Bide marrak efektu optiko baten bidez ibilgailuen abiadura murrizteko diseinatuta daudela jakinarazi du udalak. Erreiaren ertzetan triangelu zuri batzuk margotu dituzte, eta errepidea estutu egiten denaren sentsazioa ematen dute. Horrek instintiboki oina azeleragailutik altxatzera eramaten duela zehaztu du udal erakundeak.
Seinaleztapen hori DGTaren neurri berrien parte dela jakinarazi du udalak, eta tarte arriskutsuetan edo zeharbideetan segurtasuna hobetzeko erabiltzen da. Lan horiek udaleko Zerbitzu sailak gauzatu ditu azken asteetan.
