'Elizalde Life Berri' aurreproiektuak ez du diru laguntzarik lortu
Europako Life programaren diru laguntza deialdira aurkeztu zuen udalak proiektua. Hurrengo deialdietara aurkezteko aukera badagoela jakinarazi dute.
Elizalde herri eskolaren beharrei erantzuteko asmoz, Oiartzungo Udalak ikastetxea erabat eraberritzeko aurreproiektua landu zuen 2025eko udan eskola komunitateko kideekin elkarlanean. Elizalde Life Berri gisara izendatu zuten egitasmoa, eta sei urteko lanak zein bost milioi euroko aurrekontua aurreikusita, udalak txosten hori Europako Life programaren diru laguntza deialdira aurkeztu zuen.
Orain, baina, ebazpena argitaratu dute, eta Oiartzungo Udalak jakinarazi du Elizalde Life Berri proiektuak ez duela lortu eskatutako Europako diru laguntza. Zehazki, ebazpenak dio proiektuak sakonagoa izan behar duela, xeheagoa, alegia.
Joana Mendiburu Garaiar, Oiartzungo alkatea: “Ez da erabateko ezetza, hurrengo deialdietara aurkezteko aukera egon badago”. Hala ere, orain arte egindako bidea goraipatu nahi izan du Mendiburuk: “Momeentuz nahikoa izan ez bada ere, lan handia egin da komunitateko kideekin elkarlanean etorkizuneko Elizalde herri eskola irudikatzen. Etorkizunean HHtik DBHra arteko ikasgela eta espazioak behar eta metodologia pedagogiko berrietara egokitzeko eta eraikina energia ikuspegitik jasangarriagoa izateko proiektua lantzen lan handia egin da”. Gauzak horrela, alkateak eskolako komunitateko kideak eskertu ditu egindako lanagatik.
Egoera horren aurrean, Oiartzungo Udalak lanketa gidatzeko eskatuko dio Hezkuntza Sailari, berea baita hezkuntza konpetentzia, eta, ondorioz, “gisa honetako gaien arrakastaren giltza”. Hezkuntza konpetentzia Eusko Jaurlaritzarena den arren, beharra eta nahia ikusita hartu zuen egitasmoa udalak, udan.
Proiektuaren hasieratik partekatu dute proiektua Hezkuntza Sailarekin, baina diru laguntza deialdira udala baino ez zen aurkeztu. “Ezezko horren ondoren, Hezkuntza Sailari eskatzen diogu proiektua bere egiteko, eta dagokion konpetentzia zein ahalmenetik etorkizuneko pausoak gidatzeko”, amaitu du alkateak.
