"Lan gaixotasuna onartzea espero dugu"
Gaur aztertu du Donostiako Gizarte Arloko lehenengo aretoak Paisako langile ohi batek Lanerako Ezintasun Iraunkorra onar diezaioten jarritako demanda.
Asviameren elkarretaratzea epaitegi aurrean gaur. Amiantoarekin kontaktuan urteetan lan eginda, biriketako gaixotasuna diagnostikatu zioten 2024an Pasaiako herritar bati, eta gaur aztertu du Donostiako Gizarte Arloko lehenengo aretoak Lanerako Ezintasun Iraunkorra onar diezaioten jarritako demanda.
1978 eta 1987 artean Errenteria-Oreretako Productos Aislante Paisa enpresan lan egin ostean. Paisa, ERT Explosivos Rio Tinto bihurtu zen gero, eta ERCROSS azkenik. Enpresaren sekzio guztietan aritu zen lanean, eta bereziki, bolanteen sekzioan. Ondoren JM Berasarti Ayerdi enpresan aritu zen lanean, eta horren bitartez Cementos Rezolan aritu zen lanak egiten.
Duela bi urte biriketako minbizia diagnostikatuta amiantoarekin lanean aritutako langileen fitxategian txertatu zuen OSALANek, eta laneko gaixotasunagatik Lanerako Ezintasun Iraunkorra eskatu zuen. INSS Gizarte Segurantzako Espainiako Institutuak ez zion eskaera onartu, “amiantoarekin harremanetan izan dela frogatuta gelditu ez delako”.
Asviamek, Amiantoaren Biktimen Euskal Elkarteak azaldu du, Paisa eta beste enpresetan amiantoarekin kontaktuan urteetan izan ostean heldu dela kaltetuaren demanda epaitegira, eta INSS Gizarte Segurantzako Espainiako Institutuari amiantoagatik sortutako gaitzen diagnostikoaren zuzentarauak betetzen has dadila galdegin dio: “Amiantoagatik gaixotasunak oztopatzeari utz diezaiola eskatzen diogu, eta sustantzia kantzerigenoen gaineko segurtasun neurriak exiji ditzan enpresetan”.
Elkarretratzea egin dute epaitegiaren aurrean demanda aztertzekoa zen saioa hasi aurretik. Asviame elkarteko Jesus Uzkudun itxaropentsu azaldu da eta esan du espero dutela epaitegiak aitortuko diola gaixotasuna amiantoarekin kontaktuan lan egitearen ondorioa dela, eta onartuko diola hortaz, Lanerako Ezintasun Iraunkorra.
