Oiartzungo Mintzalagunak Arizmendienean izan dira
Eraikina bera zein bertako pasadizoak ezagutu dituzte Elena Zalakainen eskutik. Hilaren 23an, berriz, mugikortasun eta luzaketa tailerra egingo dute Adur Oiartzabalekin.
Iragan larunbatean Oiartzungo Mintzalagunek bisita gidatua egin zuten Arizmendienea museoan. Astero euskara praktikatzeko elkartzen dira taldeka, baina saioez gain, hilabetero egiten dituzte zenbait ekintza osagarri, eta bisita gidatua izan zen horietako bat.
Elena Zalakain oiartzuarra arduratu zen bisita gidatzeaz, eta hark kontatu zizkien Mintzalagunei Arzimendienea etxeko senideek bizitakoak. Noski, eraikina bera ezagutzeko aukera ere izan zuten Zalakain lagun zutela.
Hala ere, irteera hori ez zen izan martxoan egingo duten bakarra, hilaren 23an, Korrikaren aitzakian, mugikortasun eta luzaketa tailerra egingo baitute Adur Oiartzabal prestatzaile fisikoarekin. Jarduera horretan parte hartu nahi duen orok 684 80 54 92 zenbakira deitu edo idatzi beharko du.
Oraindik badago aukerarik Mintzalagun egitasmoan izena emateko, eta horretarako deia luzatu dute antolatzaileek.

