"Ez da ulergarria euskara eta euskal hiztunak jasotzen ari diren tratua"
Agerraldi publikoa egin du gaur gobernu taldeak eta LEPari jarritako helegiteari aurre egiteko auzibidea agortuko duela jakinarazi.
Gobernu taldea euskararen kontrako erasoa salatzeko agerraldian. Auzibidea agortuko du udalak, bururaino eraman, 25 administrari hautatzeko prozedurari aurkeztutako helegiteari aurre egiteko. Horrela jakinarazi du gaur Aizpea Otaegi alkateak, Errenteriako Udaleko Gobernu Taldea osatzen duten zinegotzi guztiekin batera egin duen agerraldi publikoan.
Hautsak harrotu ditu Argia-k egindako ikerketa lan sakonari esker Errenteriako Udalaren deialdiaren kontrako helegitearen atzean talde antolatua dagoela jakiteak. Atzo zabaldu zituen agerkari horrek bi artikulu. Osakidetzako Unidas por la Libertad Linguistica plataforma zegoela helegite horren atzean frogatzen zuten idatzizko eta entzunezko mezuak argitaratu zituen Argia-k lehenik ikerketaren lehenbiziko artikuluan. Bigarren publikazio batean, helegiteak aurkezteko doako abokatua Euskara Denontzat elkarteak ordaindu zuela, eta operazio guztiaren pertsona gakoetako bat Sabin Zubiri izan zela zehaztu zuen. Zubiri CCOO sindikatuko erreferentzia nagusia dela euskara-eskakizunen arloan, eta Euskara Denontzat elkarteko presidente zehaztu du agerkariak bere publikazioan.
Gaur helegite horren jomuga izan den Errenteriako Udalak hartu du hitza aferaren gaineko iritzia eman eta hartu dituen erabakien jakinarazpena egiteko agerraldi publikoan. Gobernu taldea osatzen duten bi alderdietako zinegotziak—EH Bildu eta Elkarrekin Errenteria— izan dira Reina Aretoan, eta haien izenean mintzatu da Aizpea Otaegi alkatea. Ideia nagusia, honakoa: Errenteriako Udalak herritarren hizkuntza hautua bermatzen jarraitu nahi duela eta 25 administrari plaza lehiaketa oposizio ireki bidez betetzeko deialdira bildutako oinarriak egokiak eta zuzenak direla. Hortik harago jo, eta gainera, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailak emandako txostenarekin, udalbatzak onartutako 2026ko lanpostuen zerrenda eta langileen plantilarekin, eta sindikatuekin adostutako lan eskaintza publikoen plangintzarekin bat datorrela.
Hori horrela, adostasun eta kontsentsu zabaletan oinarritutako orain arteko bidea “oztopatzera” datorrela helegitea uste dutela udal ordezkariek adierazi du.
Hautaketa prozesua ezaugarritzeko modua herritarren zerbitzura dagoen kalitatezko administrazio baten oinarriekin bat datorrela sinistuta azaldu dira ordezkariak, “gobernantzaren bikaintasunarekin eta herritarrek administrazioekin askatasunez aukeratzen duten hizkuntzan harremanak izateko duten eskubidearekin”.
Prozesuaren gaineko argibide gehiago eman ditu Otaegik. Azaldu du udalak ez duela prozesua bertan behera uztea erabaki, «baina prozesuarekin bere horretan aurrera egitea ere ez dugu erabaki egokitzat jo». Izena eman duten 860 hautagaiak babestu nahi izan dituela udalak, eta hainbeste izanik, hautaketa prozesua antolatzeko aurreikusitako baliabideen kudeaketa zuhurra egin adierazi du. Prozesua behin-behinean etetea erabaki du udalak, horrenbestez, eta irailean izango den epaiketarako ahalik eta ongien prestatzea erabaki.
Helegitea aurkeztu duen pertsona ez da udal langilea, ezta prozesuan izena emandako hautagaia ere, eta horrek, esku artean duten informazioarekin batera, helegitearen lehentasuna ez dela langileen lan egoera agerian utzi duela adierazi du alkateak, «bestelako motibazioak ditu». Gaineratu du, euskararen ofizialtasunaren esanahia eta ondorioak Espainiako Konstituzio Auzitegiak garatuak dituela, baita estatuko gainerako autonomia erkidegoetan ere: «Katalunia, Valentzia edo Galizian eskatzen da enplegatu publikoek bere erkidegoko bi hizkuntza ofizialak jakitea, eta hori guztia Konstituzio Auzitegiak berretsi du hainbat epaietan. Zergatik izan behar du deialdi honek, edo EAEn helegitea jarri zaizkien gainerako administrazioetako deialdiek araubide horrekiko salbuespena?».
Konpromisoa azaldu du udalak bitarteko guztiak jartzeko helegiteak aurkako ebazpena izan dezan, eta deialdiak aurreikusitako baldintzekin aurrera egin dezan, «administrazio aurreratu eta euskalduna izateko orain arte egindako bidea, eta 25 administrarien hautaketa prozesuaren deialdiarekin hautatutakoa zuzena eta egokia delako».
Elkarretaratzea
Eraso antolatuari erantzuna emateko elkarretaratzera deitu du ostiralean, hilak 13, Oreretako Euskaltzaleon Pizkundeak. Protesta 19:00etan izango da CCOO sindikatuaren egoitzaren parean —Zumardian—. Izan ere, Argia-k egindako ikerketaren ostean, Sabin Zubiri jarri du erasoaren buru. Zubiri CCOO sindikatuko erreferentzia nagusia da euskara eskakizunen arloan, eta Euskara Denontzat elkarteko presidente.
