Hilaren 25eko 06:48en aurretik eta ondoren, Korrika asko Lezon
Lezoko Korrika Batzordeak ekitaldi sorta zabala antolatu du Korrikari harrera egiteko, eta behin Lezotik pasa denean euskararen olatuaren gainean jarraitzeko.
23. Korrika Lezon izan zenekoa, 2024ko martxoaren 23an. Jakina da 24. Korrika hilaren 25eko 06:48an iritsiko dela Lezora, Gaintxurizketako biribilgunera zehazki. Hara joateko deia egin du Oroitzene AEK-k Korrikak eta Bidasoa aldetik datozen martxalariek ikus dezaten euskararen aldeko indar handi bat badela Lezon; indarrak berreskuratzeko, bai lezoarrek zein hala nahi duten Korrikazaleek, gosaria izango dute. Baina une horren aurretik eta ondoren, herrian badira bi urtetik behin AEKren sostengurako eta euskarari aldeko ufada emateko 11 egun eta hamar gaueko jarduera izerditsuari lotutako ekitaldiak. Horien berri eman du Oroitzene AEK-k (beheko zerrendan xehetasunak).
Ekitaldi horietatik nabarmenenak hilaren 24ko Korrika Txikia, 26ko Dinokorrika, edo 27ko Korrika Gaztea dira. Baina handiena, Korrikaren hilaren 25eko pasaeraz gain, hilaren 28ko Lezoko Korrika Eguna izango da. Egun osorako jarduerak antolatu dituzte egun horretarako. Horien berri izateko baliatu beheko koadroko informazioa.
Ibilbidea
Oroitzenek hilaren 25ean 24. Korrika Lezon egingo duen ibilbide zehatzaren berri eman du, plano eta guzti. Hala, lehenik eta behin lezoarren lehen lekukoa Gaintxurizketakoa izango da, Korrikaren 1.593. kilometrokoa hain zuzen. Handik Gaintxurizketako bide zaharra hartu, eta Elias Salaberria kaletik iritsiko da martxa herrigunera, handik kiroldegirantz egin, Altamirako biribilgunera iritsi, eta Polentzarrene kaletik Andreone liburutegira heldu, eta Kale Nagusia hartzeko. Kale Nagusitik Gurutze Santuaren plazarako bidea hartuko du Korrikak, handik Zubitxo kaletik beherantz egin, eta Jaizkibel hiribidea hartzeko Donibanerantz. Han, termika zegoen puntuan, emango diete lekukoa sanjuandarrei Korrikaren 1.606. kilometroan, 07:32 inguruan.
Jarraian, Korrikak Lezoko herrigunean izango duen ibilbidearen mapa, eta beherago Lezoko Korrika Batzordeak ondu duen egitaraua.

24. Korrika. Lezoko egitaraua.
Hilak 13, ostirala
- 18:00etan, Oroitzene AEKn, peto ofizialen banaketa eta brindisa.
- 22:00etan, Txerrimuñon, Alperrak, tunanteak eta maleanteak ikuskizuna eta pintxo-potea Piztu Lezoren eskutik.
Hilak 14, larunbata
- 19:00etan, Gezala Auditoriumean, Laburbiraren barruko lanen emanaldia.
Hilak 15, igandea
- 09:30etik, Karlos Saldise plazatik eta Xoxolur Mendi Klubak antolatua, Eskolarteko Ibilbide Neurtua. Hemen informazio gehiago.
Hilak 24, asteartea
- 15:30ean, Goiko Plazan hasita, Korrika Txikia.
- 18:00etan, ludotekan, Kuxkutailerra.
Hilak 25, asteazkena
- 06:48an iritsiko da 24. Korrika Lezora, Gaintxurizketako biribilgunera zehazki. Ondoren, gosaria.
- 18:00etan, Oroitzene AEKn, Korrikaren abestiaren koreografia tailerra.
Hila, 26, osteguna
- 11:30ean, termika zenetik, Dinokorrika.
Hilak 27, ostirala
- 12:00etan, Lezo Institututik eta Pasaia-Lezo Lizeotik, Korrika Gaztea.
Hilak 28, larunbata. Lezoko Korrika Eguna.
- 10:00etan, txistulariak.
- 11:00etan, Korrikaren kantaren koreografia tailerra Karlos Saldise plazan.
- 12:00etan, haurrentzako herri kirolak Karlos Saldise plazan.
- 14:00etan, herri bazkaria Karlos Saldise plazan, eta ondoren bingo musikatua.
- 17:00etan, Kuadrillen Arteko III. Sokatira Txapelketa Karlos Saldise plazan.
- 18:00etatik aurrera, txaranga herritik.
