"Errigora omenduari garrantzia handia eman diogu"
Judith Arruabarrena Ugartemendia Oarsoaldeko Korrikako arduraduna da. Eskualdeko herri zein barruti bakoitza koordinatzea eta antolatzea da oiartzuarraren aurtengo Korrikako betebeharra.
Judith Arruabarrena Ugartemendia, Oiartzungo AEKn. Leire Perlines Apalategi Oiartzungo Intxixu AEK-ko irakaslea da Judith Arruabarrena Ugartemendia oiartzuarra, baina baita 24. Korrikako Oarsoaldeko arduraduna ere. Koordinazio lanak egin da, eta aitortu du egun handiaren aurreko egunetan lanez gainezka dabiltzala.
Zein da 24. Korrikako zure aurtengo rola?
Nire aurtengo edizioko rola eskualdeko arduraduna izatea da. Orain arte nahiz eta AEK kide izan eta beste edizioetan parte hartu, aurtengoan arduradun lanetan nabil.
Noiz eta nola hasi zinen Korrikaren antolaketan parte hartzen?
Korrika bi urtetik behin izanik, hirugarren edizioa da hau.
Zer suposatzen du zuretzat Korrika egitasmoan parte hartzeak?
Korrika txikitatik bizi izan dudan zerbait da; zerbait berezia du, baina antolakuntzan sartzen zarenean, oraindik bereziagoa bihurtzen da. Emozio eta tentsio asko elkartzen dira dena ongi ateratzeko, eta dena ongi ateratzen dela ikustean izugarrizko emozioa izaten dugu. Finean, txikitatik datorkigun zerbait da.
Zer suposatzen du eskualdeko arduraduna izateak?
Eskualdeko AEK kide guztiak ari gara jo eta ke lanean, baina, azkenean, nire lanak gehiago du koordinazio alorretik. Gure euskaltegiak ez daude barruti guztietan, eta eskualdeko eremu guztia da arduradunak kudeatzen duena, baina lanean denok gabiltza.
Zein talde edota eragile batu dira antolakuntza lanetara?
Batzordeetara gerturatu direnak eta, ondorioz, laguntzen ibili direnak ikastetxeak, euskara taldeak, herrietako bestelako eragileak, gazte mugimenduak, talde feministak, auzo elkarteak, kirol taldeak… denetik gerturatu da.
Zenbat denbora lehenago hasten zarete prestaketekin?
AEK barrenean aurreko urtean hasi genituen prestaketa lanak, ibilbidea diseinatzen eta abar, baina kanpora begirako lanak egiten abendu edota urtarrilean hasi ohi gara. AEKren motor handi hori hilabete horien bueltan jartzen da martxan.
Zein dira koordinazio lanetan izaten dituzuen erronka nagusiak?
Koordinazioa bera. Eragile, herri edota barruti bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta denon arteko oreka eta koordinazioa bilatzea da zailena.
Nola antolatzen da lekukoaren ibilbidea eta kilometroen banaketa herrien artean?
Aurten ohitura aldaketa bat etorri da, eta orain egingo duguna da lekuko hartze distantzia jarri. Beraz, partekatzen baldin bada hasieratik eragile edo norbanako horiek batera sartu beharko dira lekukoa hartzera. Orain arte zatika joaten ginen sartu-atera dinamika horretan, baina hori ekiditeko sistema hau jarri dugu martxan.
Zein da boluntarioen eta herritarren papera antolaketan?
Laguntzeko hamaika modu daude: lekukoa hartzea eskuratzea, petoak erostea edota antolatzaileen batzordeetara joatea, esate baterako. Batzorde horietan Korrika bera antolatzea izan daiteke lanetako bat, edo baita Korrika txikia ere, Euskara zein Korrika egunak antolatzen esku bat botatzea… Horretaz gain, leku askotan tonbolak egiten ditugu eta bertako artisau, komertzio eta tabernariek euren ekarpenak egiten dizkigute. Edozein ekarpen ongi etorria da gurean.
Nolakoa izaten da Oarsoaldeko herritarren erantzuna Korrikaren aurrean?
Uste dut berezia dela. Harrera oso ona izaten du, jendea gogotsu eta zain egoten baita noiz iritsiko. Lehengo batean esan zidan ikasle batek izugarrizko gogoa zuela Korrika iristeko, baina pasatzen denean luze egiten zaiola berriro beste bi urte luzez itxaron behar izatea.
Aurtengo edizioan zer jarduera edo egitasmo berezi antolatu dituzue?
Betiko ohiturak jarraitu ditugu. Urtez urte egon diren ohiturak mantendu ditugu, baina Errigora omenduari garrantzia handia eman diogu. Gure Korrika Kulturalaren barnean protagonismo handia ematen saiatu gara.
Gazteen parte hartzea nola ikusten duzue? Badago dinamika berezirik horiek erakartzeko?
Aurten, esaterako, Gazte Euskaltzaleen Sareak sortu du nolabaiteko mugimendu bat gazteak Korrikara erakartzeko; izan ere, sortu duten zapi gorria soinean eramateko deia luzatu dute.
Bestalde, herrietako batzordeetan gazteen mugimenduek beti izaten dute presentzia, eta parte hartze handia izaten dute.
Zure ustez, zein ekarpen egiten du Korrikak eskualdeko hizkuntza ohituretan?
Alde batetik, unea izaten da aldarrikatzeko euskara gure hizkuntza dela, baita hala dela sentitzeko ere. Euskal komunitatea sendotzen duela ere esango nuke, eta uste dut erakusten duena dela badagoela euskaraz bizitzeko modurik. Eskualdea bera oso ezberdina da izaeraz, eta herriz herri edota auzo zein barruti bakoitzean hizkuntza ohiturak ezberdinak dira, baina gero eta jende gehiago animatzen da euskaraz egitera.
Bestetik, gure ikasleak direnak ere Korrikak eurena sentitzeen dute; urte guztiak zehar egoten dira gurekin eta poztasun handiz bizitzen dute. Poliki-poliki lortzen da nolabaiteko normalizazio horretara jauzi egitea.
Korrikak jende asko biltzen duela bistakoa da. Esango zenuke euskaraz hitz egitera ausartzen ez den jendea erakartzen duela mugimendu handi horrek?
Euskararekiko nolabaiteko atxikipena duenak, baina gazteleraz edota beste hizkuntza batean bizi denak, ikusten du euskara ez dela gutxi batzuk bakarrik hitz egiten duten hizkuntza bat, eta uste dut horrek animatzen dituela parte hartzera edota hitz egitera.
Oraindik eros daitezke kilometroak?
Oraindik ez da aukera hori itxi, baina lekuko hartze gehienak dagoeneko hartuta daude. Alabaina, norbaitek interesa edukiko balu gurekin jarri beharko litzateke harremanetan, baina dagoeneko txoko guztiak betetzen ari gara azkar-azkar.
Korrikan parte hartu edo ez zalantzan dagoen horri zer esango zenioke?
Nik animatuko nuke nolabait parte hartzera: hamar metro, ehun metro edota herri guztia zeharkatzera, korrika ari direnei animatzea, hasiera zein azken eguneko festara hurbiltzea… Berezia da, eta, gainera, bi urtetik behin pasatzen da. Gainera, euskararen aurkako oldarraldiaren aurrean, gure hizkuntza babesteko beste modu bat da.
