Soldatak igotzeko, kalera atera behar
Hilak 17an langileen arteko 1.500 euroko gutxieneko soldatak aldarrikatzeko greba orokorrera deitu dute. Mugimendu handiko eguna izatea espero dute ELA eta LAB sindikatuetako kideek.
Datorren asteartea, hilak 17, greba eguna izango da. Greba orokorra deitzeko arrazoia argia da: langileen arteko gutxieneko soldata propioa 1.500 eurora igotzea. Aldarrikapena aspalditik datorren kontua da, eta azken egunotan greba orokorraren egunaren nondik norakoak fintzen dabiltza Jon Urkola ELA sindikatuko kidea eta Aratz Altzaga LAB sindikatuko kidea. Biek argi dute greba egitea ezinbestekoa dela langileek egungo egoera hobetzeko, «irtenbide bakarra da». Bi sindikatu horiekin batera Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek ere egin dute greba orokorrerako deialdia.
Greba bat antolatzea ez da egun batetik besterako kontua, eta sindikatuek aurretiazko lanketa prozesu luzea egin dute. «2020ko greban ere 1.500 euroko gutxieneko soldata aldarrikatu genuen», gogorarazi du Altzagak.
Langileek gai horren gaineko iritzi garbia dute, «eztabaidaezina da». Urkolak argi dio langile klasearen artean oso zaila dela soldatak altuagoak izan behar dutenaren aurkako iritziak biltzea. «Guk sentsazioa dugu toki guztietan baietz esaten digutela, arrazoia dugula, eta gaia garrantzitsua dela», gehitu du. Altzagak eta Urkolak gogorarazi dute langileen erantzuna zein izan zen: 150.000 sinadura inguru bildu eta Eusko Jaurlaritzan aurkeztu zituzten.
Eusko Jaurlaritzan ez zuten gaia eztabaidatu, eta egoera horren aurrean erabaki bat hartu beharra zuten sindikatuek. «Bi aukera genituen: gaia kaxoian sartu eta lanketa egiteari utzi, edo aktibazio soziala bultzatu», azaldu du Urkolak. Sindikatuetako kideek aho batez erabaki zuten gaiak merezi zuela eta grebara deitu behar zutela.
Orain arte jasotako erantzunarekin pozik dagoela azaldu du Altzagak, enpresa batzordeek aurkeztutako atxikimendu eskaera guztiak sinatu dira. LABeko kideak inoiz baino atxikimendu gehiago jaso dituztela nabarmendu du. Kuantitatiboki gutxi izan arren, kualitatiboki ia guztiak baiezkoak izan dira, %90 gutxi gorabehera. «Horrek asko esan nahi du».
Aurreikuspenak beteta
Langileak mugitzen ari dira, eta mugimendu handiko eguna izango da datorren asteartekoa. Greba egunetan ohikoa denez, goizean goiz informazio piketeak egingo dituzte Oarsoaldeko eta Bidasoko industria-guneetan eta merkataritza-guneetan. «Enpresak martxan direnean taldeak antolatuko ditugu batzarretan bozkatutakoa egia den edo ez ikusteko», adierazi du Altzagak. 06:00tan Bidasoko langileak Gabiria industria-gunean elkartuko dira, eta 09:30ean Hondarribiko Eroskiko aparkalekutik eta Gal futbol zelaitik kotxe karabanak abiatuko dira erdigunera. Mendibilen ere informazio piketeak izango dira ordu berean.
Oarsoaldean ere mugimendua izango da. 05:00etan dute lehen hitzordua Mamuteko aparkalekuan, eta bertan Errenteria-Oreretako greba batzordearekin batera piketeak antolatu dituzte. 07:30ean auto karabana antolatu dute Oarsoaldeko herrietara, eta behin buelta emanda, 09:00etan, Mamutera itzuliko dira. «Egun osoan zehar intzidentzia sendoa egongo dela uste dugu».
Piketeak egin ostean, herriguneetara abiatuko dira grebalariak herriko merkataritzan ere borroka egunak eragina izan dezan. 12:30ean, Gipuzkoako manifestazio nagusia deitu dute Donostian, eta Pio XII plazatik Bulebarrera egingo dute. Oarsoaldeko eta Bidasoko langileei bertara joateko dei egin diete sindikatuetako kideek.
Arratsaldean, berriz, eskualde mailako mobilizazioak izango dira Irunen eta Errenteria-Oreretan. Bidasokoa Mendelutik abiatuko da 18:00etan, eta hondarribiarrek eta irundarrek San Juan plazarainoko bidea egingo dute. Oarsoaldean, berriz, zutabeak antolatuko dituzte Pasaiatik, Lezotik eta Oiartzundik Errenteriako mobilizazioarekin bat egiteko: hango manifestazioa 18:30ean hasiko da, Gamon Zumardian.
Greba orokor deialdiaren garrantziaz galdetuta, sindikatuetako bi kideek argi dute horren muina politikoa dela. «Duela urte batzuk ezinezkoa zirudiena mugitzea lortu dugu deialdiarekin, Madrilen alderdi politikoek gaiarekiko duten birkokapena ikusten ari gara», azaldu du Urkolak. Aldiz, sindikatuek badakite martxoaren 18an langileek ez dutela gutxieneko 1.500 euroko soldata edukiko. «Hala ere, gaiarekiko berriak izango ditugu epe motzean».
