"Ez dugu onartuko eraso egin dieten emakume eta adin txikikoak zalantzan jartzea"
Irungo ikastetxe batean 13 eta 15 urte bitarteko adin txikiko ikasleei diru edota opari truk sexua izateko proposamenak egiten zituen irakasle batentzat 22 urteko kartzela zigorra eskatu du fiskaltzak. Feministen asanbladak, besteak beste, salatuaren "zuriketa kanpaina" salatu du.
Martxoaren 8an Oiartzungo Feministen Asanbladak deituta egindako mobilizazioa. Leire Perlines Irungo institutu bateko irakasle batentzat 22 urteko kartzela zigorra eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak zenbait ikasle adingaberi diruaren edo oparien truke sexu harremanak izateko proposamenak egiten zizkiela egotzita. 13 eta 15 urteko adin txikiko ikasleei egiten zizkien akusatuak eskaintza horiek, eta berriki, Oiartzungo Feministen Asanbladak gogor salatu du akusatuak hilaren 10ean “Gipuzkoako hedabide ezagun bat” baliatu izana azken berrien aurrean bere burua zuritzeko.
Ildo horretatik jarraituz, feministen asanbladak irmoki gaitzetsi ditu salatuaren “biktimizazioa eta zuriketa kanpaina”. Horrela diote: “Are gehiago, lotsagarria, umiliagarria eta erabat berbiktimizatzailea iruditzen zaigu erasotzaileari komunikabideetan bere burua sinesgaitzak diren aitzakiekin justifikatzeko tartea eman izana. Hedabideak ezin dira erasotzaileen diskurtsoak normalizatzeko eta zabaltzeko tresna bihurtu, ezta erasotuen duintasuna eta segurtasuna arriskuan jartzeko ere”.
Bide horretan, babes eta elkartasun osoa adierazi dizkiete sexu abusu eta jazarpen egoerak bizi izan dituzten emakume zein adin txikikoei, eta, bestalde, kritikatu dute akusatuaz hedabideetan azken egunetan zabaldutakoa ez dela ikastetxe bateko gertaera isolatu bat izan, urteetan errepikatutako jokaera baizik. Are, nabarmendu dute emakumeen zein adin txikikoen testigantzek agerian utzi dutela hori: “Ez dugu onartuko eraso egin dieten emakume eta adin txikikoak zalantzan jartzea, ez eta haien aurkako difamazio saiakerarik egitea ere”, jarraitu dute.
Feministen asanbladatik kontatu dutenez, taldekideek 2024. urtearen bukaeran izan zuten lehen aldiz gizon horren jarreren berri, eta ohartarazi dute orduz geroztik herrian egindako kanpaina anonimoaren bidez gizon horrek egindako hainbat erasoren berri izan dutela. “Asko dira adin txikikoak zirenean gertatutakoak, horietako batzuk bere irakasle boterea erabilita jazarriak izan direnak, baina eraso hauek ez dira soilik hezkuntza esparrura mugatu. Oiartzungo Feministen Asanbladaren atea jo duten guztiekin elkartu gara, baina jakin badakigu gehiago ere badirela. Ez da gertakari soil bat, behin baino gehiagotan, hainbat ikastetxe eta hainbat esparrutan gauzatu baititu akusatuak horrelako jokabide desegokiak”.
Zuriketa kanpaina
Bestalde, ohartarazi dute “gogorrak” direla jaso dituzten testigantzak, baina ez dagoela horiek publiko egin beharrik, “gizon honek aitortzen baititu, erabateko inpunitatez, berak egindako erasoak 2020an argitaratutako liburuan. Bertan argi bistaratzen da hainbat ikastetxeetan izan dituela praktika desegokiak, eta liburu hau bera baliatzen du bere burua zuritzeko”.
Liburuan erasotzaileak dio ikasle nerabeak bere magalean esertzen zirela, adin txikiko ezagunak zeuden ikastetxeak hautatu izan dituela ‘club de fans’ efektua sortzeko, ikasleekin telefono pertsonalaren bidez harremantzen dela, edota jolasgaraian haietako batekin giltzapetzen dela.
Gainera, hasieran aipatutako hedabidean ikasleei gaztelaniaz hitz egiteagatik espediente bat ireki ziotela argudiatzen du. “Liburuan, ordea, ‘comunicarme por WhatsApp con una alumna’ eta ‘tener demasiada cercanía amistosa con los alumnos del centro’ ere aipatzen dira arrazoi gisa beste hainbaten artean”.
Gauzak horrela, Oiartzungo Feministen Asanbladak salatu du akusatuak bere boterea nahieran erabili duela urte luzez ikasgeletan, patioan edota bestelako aisialdi espazioetan, “baina gu ez gara beldur. Ez dugu haren zuriketa kanpaina sinesten. Emakumeen ahots urratuak entzun ditugu, eta badakigu non egon nahi dugun, haiek sinesten ditugu. Gure herrikideen testigantzek kolpatzen gaituzte, eta min ematen digute. Nahikoa da, nazkatuta gaude! Erasorik ez erantzunik gabe!”.
Azkenik, asanblada feministak komunikabideei eskatu die ez izateko erasotzaileen bozgorailu: “Utzi erasotzaileei tartea emateari! Utzi erasotzaileak zuritzeari! Utzi gu erasotzeari! Sarea da gure indarra eta guk erasotuak sinesten ditugu! Zuekin gaude!”, amaitu dute.
