Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako martxa, igandean
Errolda eskubidea efektiboa izateko irizpide garden eta komunak aldarrikatuko dituzte hilaren 22ko martxan. 11:30ean abiatuko da, Trintxerpetik.
Urtero antolatzen dute aipatutako martxa hori SOS Arrazakeria Gipuzkoak, medicusmundi Gipuzkoak eta Euskadiko GGKE Koordinakundeak, eta aurtengoan ere ez dute hutsik egin. Hori horrela, dei egin diete bizilagun orori igandean 11:30ean Trintxerpeko azokatik abiatuko den XXIX. Martxan parte hartzeko.
Martxa horretan errolda eskubidea efektiboa izateko irizpide garden eta komunak aldarrikatuko dituzte. “Leku guztietan, pertsona guztien eskubideak erdigunean jartzen dituen gizartea” defendatzen dutela diote, eta, azpimarratu erakunde antolatzaileek eta herritarrak Martxara batzera animatu nahi dituztela: “Garrantzitsua delako, beharrezkoa delako, eta gure ardura ere badelako”.
Horretaz gain, antolatzaileek gogoratu dute 2025ean EUDELek (Euskadiko Udalen Elkartea) “irizpide komun eta homogeneoak” proposatu zituela bazterkeria egoeran zeudenen errolda erregulazioa errazteko. “Horregatik, Euskadi osoan irizpide hauen ezarpena eskatzen dugu”, gehitu dute. Era berean, udalei “malgutasuna, gardentasuna, irisgarritasuna eta talde zaurgarrienei babesa ematea” eskatzen diete Martxara batu diren kolektiboei: “Honek guztiak ondorioak ditu”, diote. “Errolda falta bazterkeriara kondenatzea da: osasun bazterkeriara, bazterkeria sozialera eta bazterkeria juridikora”.
Gainera, “inor ikusezin izango ez den gizartea bermatzeko eta erroldak saltzeko merkatu lotsagarriekin bukatzeko” modu bakarra benetako errolda dela diote: “Eskubide eta betebehar bat da”. Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako martxa 11:30ean irtengo da Trintxerpeko Azokatik, eta Donostiako Bulebarrean amaituko da.
