Ia 500 ekitaldi eta 60.000 ikus entzule jaso ditu Landetxek hiru urtean
Oiartzungo Udalak Landetxe Kultur Aretoaren hirugarren urteurrenaren balorazioa egin du. 2023ko martxoaren 10ean ireki zuten lehenengoz.
Hiru urte bete ditu Landetxe Kultur Aretoak. 2023ko martxoaren 10ean ireki zuten lehenengoz, eta orduz geroztik ia 500 ekitaldiz gozatzeko aukera izan dute 60.000 ikus entzulek.
Ekain Susperregi Ibarguren zinegotziak adierazi duenez, duela hiru urte Landetxe martxan jarri zenetik, ekitaldi zein ikus entzule kopuruak “nabarmen” egin du gora urtez urte: “%30etik gorako igoerez ari gara, hasierako urteez ari garenaren jakitun”. Bide horretan, jakinarazi dute 2023an 110 ekitaldi egin zirela bertan, eta 2025ean, berriz, 165. Ikusle kopuruan ere izan da igoerarik: 2023an 14.700 izan ziren, eta 2025ean, haatik, 21.200.
Hilabeteroko egitaraua osatzeko zenbait irizpide edota lehentasun hartzen dituzte kontuan, hala nola, genero oreka, diziplina aniztasuna, eskaintza euskaraz izatea eta emankizunaren gaiaren gaurkotasuna. “Adin eta gustu ezberdinei zuzendutako kalitatezko euskarazko eskaintza egitea da Landetxe Kultur Aretoaren xedea”, dio Susperregik.
Gainera, zinegotziak azpimarratu nahi izan du hasieratik ekitaldi gehienak herriko eragile eta elkarteek antolatzen dituztela, eta udalarenak, ondorioz, gutxiago direla. Hiru urte hauetan hori horrela mantendu dela diote. “Datu interesgarria eta harro egoteko modukoa da hori, herriko dinamiken isla baita; eta dinamika horiek osasuntsu daudenaren seinale”, hartu du hitza Garazi Urdampilleta Astibia alkateordea.
Era berean, kontatu dute hiru urteren buruan hasieran ikusle ziren batzuk orain antolatzaile ere badirela, ekitaldi asko direla bi eragile edo gehiagoren artean antolatzen direnak, eta asterokoak edo maiztasun jakinekoak diren ekitaldi eta emanaldia ere badaudela Landetxeren egitarauan.
Urdampilleta: “Hiru urte hauetan bere bidea eta lekua egin du Landetxek, kultur erreferentzia bat da herrian gaur egun eta pausaje lasai eta irmoz aurrerantzean ere oiartzuarrek elkarrekin amestu, gozatu eta lan egiteko espazioa izan nahi du. Herriko ehuna josten eta zabaltzen jarraitzeko bitartekoa”.
