'Jalgi Hadi', Korrikako bizipenak bideoan bildu nahi dituen dokumentala
Ander Iriarte oiartzuarrak parte hartzaileek Korrikan bizi dute emozioa eta giroa bildu nahi ditu iruditan. Korrikalari orok izango du ikus entzunezkoan parte hartzeko aukera.
Ander Iriarte oiartzuarra Jalgi Hadi dokumentala ari da grabatzen Mirokutana ekoiztetxearekin, eta AEK-Korrika euskararen iragana, oraina eta etorkizuna irudikatzea du ardatz ikus entzunezkoak. Dagoeneko grabatu dituzte zenbait pasarte, baina orain jendarteari egin diote dokumentalaren protagonista izateko gonbita.
Ikus entzunezkoaren sortzaileek “Korrikaren indarra eta emozioa” zuzenean jaso nahi dituzte, eta horrexegatik, hain zuzen, lasterketa bera grabatuko dute bertatik bertara. Gauzak horrela, dokumentalean parte hartzeko bi aukera luzatu dituzte: bideo testigantzak bidaltzea edota Korrika makila eramatea.
Korrikako ohiko lekukoarekin batera, zenbait herritan kamera bat duen makila bat ere ibiliko dela aurreratu dute sortzaileek, eta jakinarazi dute parte hartzaileek eskuz esku pasatuko dutela kamera “Korrikan bizi duten emozioa eta giroa” grabatzeko.
Alabaina, bideo testigantzak bidaltzeko aukera ere zabaldu dute, eta horretarako kanal bat ireki dute, non parte hartzaileek bideo batean kontatu dezaketen eurentzat euskara eta Korrika zer diren. Hots, nabarmendu dute grabaketak Korrikan bertan, aurretik edota nahi den unean gin daitezkeela, eta ondoren esteka honetara bidali behar direla.
Jalgi Hadi dokumentalaren proiektua iragan ikasturtetik dago martxan, eta helburua 2027ko Zinemaldian aurkeztea da. Bide horretan, zuzendari oiartzuarrak AEKri honakoa azaldu dio: “Helburua da hirugarren berpizkunde baten txinparta piztea, Euskal Herria herri bakar gisa ulertuta, hiru administrazioetako mugetatik harago”.
