Atlantikaldia herritarren eta eragileen proposamenekin jantzi nahi dute
'Uhinak' izenburupeko 13. Atlantikaldia irailaren 17tik 20ra artekoa izango da. Egitaraua osatzeko proposamen bilketan hasi da antolakuntza.
2026ko irailaren 17tik 20ra artekoa izango da 13. Atlantikaldia. Antolakuntza jada hasi da Uhinak izenburupean egingo den kulturen arteko festari forma ematen, programazio artistikoa lantzen ari dela aurreratu dute. Baina ezinbesteko ikusi du herritarren edo eragileen eraginpean egin behar dela aurten ere Atlantikaldia, beraz, haien ideia eta proposamenak jasotzeko epea zabaldu du, hilaren 18an hasi eta maiatzaren 1era arte.
“Atlantikaldiak jaialdiaren izaera eta balioekin bat egiten duten kultur jarduerak eta proposamenak bilatzen ditu, kulturen arteko topaketari eta adierazpide artistikoen aniztasunari irekita daudenak”, esan du antolakuntzak. Proposamenak hainbat diziplinatakoak izan daitezke (musika, dantza, arte eszenikoak, tailerrak, parte hartzea sustatuko duten ekimenak edo bestelako kultur ekimenak) eta adin ezberdinetako publikoari zuzenduta egon daitezke, haurretatik hasi eta helduetaraino. Hala, horiek helarazteko jaialdiaren webguneko formularioa baliatu behar dute interesdunek.
Bibrazio kolektiboa. Hori islatu nahiko da irailaren 17tik 20ra Atlantikaldiarekin herriko kale eta plazetan. “Uhinek lekuak, pertsonak eta kulturak lotzen dituzte. Jaialdira iristen den proposamen bakoitzak oihartzun berriak sortzeko eta adierazpide ezberdinen arteko topaketa indartzeko gaitasuna du”, adierazi dute antolatzaileek, “mugimenduaren, transmisioaren eta kulturen arteko loturaren metafora gisa aztertzeko, musikaren, artearen eta herritarren parte hartzearen bidez”.
Antolakuntzak jasotako proposamenak hainbat irizpideren arabera baloratuko ditu: urtean zehar egiten diren ohiko jardueren errepikapena ez izatea; elementu berritzaileak txertatzea; herritarren parte hartzea sustatzea; eragileen arteko lankidetzatik sortzea; eta kultur aniztasuna bultzatzea.
Jarraian den bideoan, aurreko urteetan proposamenak bidali, onartuak izan, eta egikaritu dituzten eragileen iritziak ikus-entzun daitezke. Material hori Atlantikaldiaren antolakuntzak bidali du HITZAra.
