Adinari ez erreparatzeko saiakera olinpikoa
Martxan dira Lezoko Herri Olinpiadak, joan den larunbatean egin zuten lehen saioa. Belaunaldien arteko ezagutza indartzeko eta adin arrakala lausotzeko batu dira.
Joan den larunbateko lehen jardunaldiko talde argazkia.Lezoko Herri Olinpiadak Su olinpikoa piztuta izango da Lezon datozen asteetan. Aro berriko Lezoko Herri Olinpiadak hasi ziren joan den larunbatean. Lau jardunaldiko aro olinpikotik lehena izan zen hilaren 14koa; hurrengo saioak apirilaren 25ean, maiatzaren 16an, eta ekainaren 27an (lau talde onenekin finala) izango dira. Arrakastarekin hasi dira euskaratik herri giroa, herritarren arteko harremana, eta herria bera pizteko berpiztu den egitasmoa: oraingoz, 10 taldetan 100 lezoar ari dira parte hartzen. Ostiralean, lehen saioaren bezperan, egin zuten taldeen herri aurkezpena.
Lehen jardunaldiaren balorazio baikorra egin du Lezoko Komite Olinpikoak. Koldobike Gezala pilotalekuko aterpean egin zituzten probak, «uste dugu jendeak oso ondo pasa zuela». Zalantzak zituzten ea eguna nola aterako zen. «Gauzaren bat unean-unean erabaki behar izan genuen, baina gustura gaude jendeak oso ondo pasa zuelako. Egun polita izan zen».
1990ko hamarkadaren hasieran egin ziren lehengoz Lezoko Herri Olinpiadak. Hainbat urtez herria euskaraz girotzen izan ondoren, aro hori bukatu zen. Kuadrillen arteko olinpiadak eta jolasak egin izan dira azken urteetan Piztu Lezoren ekimenez, baina horiek batez ere herriko festen atariko Gazte Egunaren testuinguruan gauzatu dira. 2026ko Lezoko Herri Olinpiadetan izena eman duten taldeen artean gazteek eta ez hain gazteek osatutakoak daude; 1990ko hasierako horietan parte hartutako pare bat ere badaude.
Komite Olinpikoko kide Ainhoa Martinez Cordero (Lezo, 1976) eta Unax Forcada Reguera (Lezo, 2004) izan da HITZA. Aurtengoak nola sortu diren kontatu dute, ilusioz, gogoz eta indarrez.
Pintxo-potean
Ostiral bateko pintxo-pote batean hasi zen jada hezurmamitu diren olinpiadak berreskuratzeko bidea. «Unax eta ni garai batean egiten genituen olinpiadei buruz hitz egiten hasi ginen pintxo-pote hartan. Eta berotu ginen. Gaia mugitzen hasi ginen», aitortu du Martinezek. Beste herrietako ereduak ezagutzen hasi ziren, tartean Hondarribian egiten dituzten Herri Olinpiadenak, edo Villabonakoenak. Paraleloan, Lezoko Komite Olinpikoa osatzeko bideari ekin zioten, eta ardura erakunde horretan aritzeko sei kidek eman zuten baiezkoa. «Egia esan, oso gogor hasi ginen lanean. Baina genuen grina lausotzeko hautua egin genuen. Hala, nire garaiko ideiekin, eta gazteek egin izan dituzten probekin, olinpiadak sortu ditugu», zehaztu du Martinezek.
Forcadak aipatu du ez zuela espero hainbeste taldek eta kidek izena ematea. Pozik dago izan duten harrerarekin. Martinez bereziki poztu du haren garaiko olinpiadetan izan ziren kideekin bi talde sortu direla, «eta hirugarren bat bidean da».
Herria osotasunean kontuan hartu, eta ez adinaren arabera. Izan ere, olinpiaden helburuetakoa da herriko kuadrillen, edo adin tarte ezberdineko taldeen arteko zatiketarekin haustea, sakabanatuta den hori batzea, aisia jarduera euskaldun baten bitartez. «Gerta daiteke, eta gertatu da, seme-alabak gurasoak animatzen izatea probetan. Gerta zitekeen ere bai gurasoak seme-alaben kontra aritzea; azken hori oraingoz ez da gertatu, nahiz eta intentzioa hori izan…».

Koldobike Gezala pilotalekuan egin zituzten lehen eguneko probak. Argazkia: Lezoko Herri Olinpiadak.
Inork ez daki ezer
Lau jardunaldietako proben ezaugarrietako bat da probalekura iritsi arte egin beharrekoen gaineko informazio gutxi izango dutela taldeek. Hamar taldeetako bakoitzak kapitain bat du, eta hari pasatzen diote probetara eraman beharrekoen oinarrizko informazioa, «baina zer egin, egunean bertan esango diegu. Goazen unea bizitzera eta gozatzera», esan du Martinezek. «Hala ere, proben berri ez ematearen arrazoietako bat izan daiteke Piztu Lezorekin egindako olinpiadetan ere hala egiten zela, xarma horri edo misterio horri eutsi nahi genion», Forcadak.
Probak ez dira fisikoak. «Gogoa bakarrik behar da». Olinpiada izena izan arren, aisia egitasmoa da. 1990ko hamarkadakoen espiritutik badute zerbait, baina proben izaera bestelakoa dela aipatu dute Komite Olinpikoko kideek. «Baina gauza bat garbi dugu: lehen olinpiadetan, eta oraingoetan euskara dugu ardatz». Gainera, egungoetan emakume asko daudela azaldu dute Komite Olinpikoko kideek. «Aurrekoak eta oraingoak elkartu, eta aurrera egin dugu. Ilusioz gainezka gaude. Esker berezia eman nahi diegu laguntzen ari diren boluntario guztiei. Haiek gabe ezinezko litzateke hau guztia aurrera eramatea».
