Lurra zaindu, bertatik jasotzeko
Nekazal proiektuak dira Elika (Oiartzun) eta Lurraren Orena (Lezo). Agroekologian oinarritzen dute haien lana.
Azalera handien eta eredu intentsiboen garaiotan, badira oraindik tokikotik eta txikitik lan egiten duten nekazariak. Elikagai burujabetzaren garrantzia ezinbestekoa izan da Euskal Herrian mendez mende, baserrietako baratzeek emandako jakien eskutik. Elikagaiak sostengatzen gaitu egunerokoan, betebeharrak egiteko energia emanez, eta gertukoa kalitatearekin lotu arren, supermerkatuko atzerriko produktuak erostea da ohitura zabalduena. Baina tokitik sortzen duten nekazariek kontrakoa sustatzen dute: zirkuitu laburra, bertako eta garaiko produktua, eta lurraren zaintza.
Oarsoaldean eta Bidasoan ehunka pertsonek lantzen dute lurra, baina gehienek autokontsumorako helburua dute. Lanetik atera, botak eta galtza zaharrak jantzi eta aitzurra hartuz haien uzta zaintzen dute, astean ordu batzuk eginez. Baina badira ere baratzea haien lantoki moduan ikusten dutenak, profesionalki nekazaritza haien ogibide bihurtu dutenak. Oraingoan, Oarsoaldeko bi proiekturekin elkartu da HITZA, haien lanaren nondik norakoak ezagutzeko, eta ogibidearen alde polit eta itsusiaz galdetzeko. Oiartzungo Elika Kooperatibak eta Lezoko Lurraren Orena proiektuak haien bizipenak azaldu dituzte, lehen sektorea erdigunean jarrita eta nekazaritzaren egoeraz arituta.
Hamargarren urteurrena du aurten Elikak. «2016. urtean sortu genuen, behar batek bultzaturik. Garai hartan, liburu bat oinarri hartuz, elikaduraren garrantziaz konturatu, eta guk gurea sortzeko nahia izan genuen», esan du Jon Etxebeste Elikako kideak. Joseba Azkarragak idatzitako Euskal harriak liburua izan zen proiektu horren bultzada. Liburu horretan Azkarragak gizartearen eta haren krisiaren azterketa bat egiten du, 2008ko krisia ardatz hartuta, eta gizarteko arlo ezberdinak ikertu ditu. «Gai asko aztertzen ditu Azkarragak liburu horretan, eta horiei buruz hausnarketa bat eginez, konturatu ginen gauzak oso gaizki zeudela. Onbide batean gauzak hobetzeko zer egin dezakegu? Hori bera pentsatuz, konturatu ginen lehen pausoa garrantzitsuena zela, eta beraz, elikadura jorratu eta zaindu behar genuela». Horrela hasi zen Elika, eta pixkanaka, gaur eguneraino iritsi dira.

Lurraren Orenak ere baditu bere urteak. Lezoko Urreleku agroaldean kokatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lurretan dago. «2011 inguruan sortu zen agroalde hau. Zazpi partzela daude, eta aldundiak ematen ditu esleipenak. Baditugu azpiegiturak amankomunean, ur ponpak eta ur baltsak adibidez», azaldu du Josetxo Lukasek, Lurraren Orena proiektuko kideak. Lagun baten bitartez iritsi ziren Lukas eta haren bikote Nekane Tomasena Urrelekuko agroaldera, 2014. urte inguruan. Hasieran, harekin batera jardun zuten, eta ondoren, Lukasek eta Tomasenak hartu zuten proiektuaren ardura, ondasunen komunitate moduan erregistratuz. Urrelekura iritsi baino lehen Apaiziartza baserriaren inguruan ekin zioten biek laborantzari. «Bertan hasi ginen baratzea lantzen, eta orain bi eremuak zaintzen ditugu».
Kontsumo bideak
Lurraren Orenak 70 bazkide inguru ditu, 70 familia haien produktuak jasotzen dituztenak. «Astero ematen diegu haien otarrea, garaiko barazkiekin, hilabetero bazkide kuota bat ordainduta. Guk profesionalki jarduten dugu honetan, hau da gure ogibidea eta honetaz bizi gara», azaldu du Lukasek. Harpidedun zerrenda horrez gain, azoketara hurbiltzen dira, haien produktuak era zuzenean saltzera. «Orain arte Errenteriako azokan ibili izan gara, eta orain Tolosakora ere hurbiltzen hasi gara. Hori guztiaz gain, kontsumo elkarteak ere hornitzen ditugu, hala nola Labore, Artatxiki eta bestelako denda txikiak».
Elikako barazkien banaketari begira, Etxebestek hiru adar nagusi nabarmendu ditu. «Laboren gure barazkien zati bat saltzen dugu. Beste bat, otarretan, gure zerrendan dagoen jendeari. Azkenik, jada gaur egun gure salmentaren %40-50a dena, salmenta zuzena da, bertan egiten duguna». Makutxo baserriaren ondoan hainbat negutegi ditu Elikak, eta denbora aurrera doan heinean, handitzen doa proiektua. «Duela gutxi errekaren beste aldean beste negutegi batzuk jarri ditugu, udalak bertako lurrak utzi baitizkigu. Handitzen doan egitasmoa da hau, eta handitzen ari denez, lan karga ere bide beretik doa». Milaka barazki dituzte bertan, beti ere, garaikoak.
Elikan hiru langile daude gaur egun, hiru emakume direla nabarmendu du Etxebestek. Langileek baratzeko lanak egiten dituzte, eta noizean behin, Elika komunitateko jendearekin batera auzo lanak egiten dituzte. «Langileetaz hitz egiten dugunean, arrosak bezala dira, hau da, arantzak eta loreak dituzte. Duela urte bat gurekin hasieratik egondako langile batek proiektua alde batera utzi zuen, izandako gatazka batzuengatik. Horrek min handia eragin dio Elikako komunitateari, ez baitugu lortu langileen arteko harremanak berreskuratzea. Arantza handi bat dugu horrekin, pena handiarekin bizi izan dugu-eta afera hori», esan du Etxebestek. Orain pertsona berriak sartu dira, eta haien esku dago Elikaren produkzioa.
Oiartzungo lurretan dauden baratzeetan «ikaragarrizko lana» dagoela esan du Elikako kideak. «Nik ez dakit jendea konturatzen den zer nolako esfortzua egin behar den horrelako proiektu bat aurrera eramateko. Hemendik soldata baterako etekinak ateratzeko egundoko lana egin behar da, bai fisikoa eta baita psikologikoa ere». Etxebesteren ustez, gizarteak eta instituzioek aitortza handia zor diote lehen sektoreari, asko gutxiesten den esparrua baita. «Instituzioen aldetik inbertsio txiki bat eginez, bertako langileen egoera ikaragarri aldatuko litzateke, baldintzak asko hobetuko lirateke. Zulo handia dago hor dudarik gabe, baina baita gizartearen aldetik ere». Elikagai osasuntsuak erdigunean jartzea funtsezko kontzeptua da Etxebesteren ustez, eta hor gizarteak du erantzukizun handiena.
Instituzioen beharra
«Merkantilistak». Horrela definitzen ditu Lukasek nekazal politikak. «Euskal Herrian kontsumitzen diren produktuen %90 kanpotik ekarritakoak dira. Ez da bertako nekazaritza batere sustatzen». Lukasek oso argi du instituzioek alde batera uzten dutela lehen sektorea. «Askotan, ETBn nekazarien iragarkiak eta halakoak ikusten ditugunean, badirudi laguntza asko ematen zaizkigula, eta egoera ederrean gaudela. Baina ez, ez da horrela. Gure alde egiten diren aldaketa txikiak txalotzen ditugu, noski, ordezkapen planaren modukoak-eta, baina hori ez da nahikoa». Lukasen ustez, instituzioetan mahai sektorialak sortzea ezinbestekoa da. «Bizi baldintza duinak edukitzea funtsezkoa da, eta hori beste zerbaitekin lotu nahi nuke, errelebo faltarekin. Ez bagara duin bizi, nola lortuko dugu jende gaztearen interesa? Plangintza bat beharrezkoa dugu, eta horren barruan lur erreserbak nekazaritzarako gorde, horrela burujabetza hori bermatuz». Lukasek dio kontraesan asko daudela instituzioen aldetik, batzuetan lagungarriak diren planak onartzen direlako, baina gero Mercosurren itunaren moduko hitzarmenak sinatzerakoan, lehen sektorea kondenatu egiten dutelako.

Lurraren Orena proiektuaren helburu handienetariko bat Gaintxurizketako plataforma logistikoaren aurka egitea da. «Guk irmoki defendatzen dugu Gaintxurizketakoak nekazaritzarako maila goreneko lurrak direla, izendapen hori dutelako, eta elikadura burujabetzarako beharrezkoa dela eremu hau zaintzea. Bertan erreserba natural bat beharrezko dugu, plataforma logistikoa eraiki nahi dutenei hankak geldiarazteko». Gaintxurizketako plataforma logistikoaren proiektuak 70 hektarea natural suntsituko lituzke, dena hormigoiez batez. Idorreko portu bat planteatzen dute bertan, Pasaiako portuari laguntza emateko eta trenbide sarea bertan indartzeko. «Gaur egun, eskualdean dugun uharte natural bakarrenetarikoa da Gaintxurizketa, eta hori mantendu beharra dugu. Lurralde Plangintza Sektorialean argi eta garbi jartzen du lur hauek soilik nekazaritzara bidera daitezkeela». Apirilean plataforma logistikoaren bideragarritasun plana aurkeztuko dute. «Lurrarekin espekulatzen ari dira, argi eta garbi. Lurraren kalifikazioa aldatuz soilik, jada etekin ekonomikoak ateratzen dituzte. Oraintxe bertan zain gaude, ea zer berri ditugun, baina argi dugu alegazio prozesua irekitzerakoan guk gurea aurkeztuko dugula», azaldu du laborariak.
Eko zigilua
Elikak eta Lurraren Orenak hainbat gauza dituzte amankomunean, baina bien ardatzak berberak dira: agroekologiatik landutako nekazal proiektuak dira. Haien landareak era ekologikoan hazten dituzte, hau da, ingurumena eta lurra zainduz egiten dute haien lana. «Lurraren osasunaren mantentzea bermatu egin behar dugu. Horretarako, dibertsifikazioa, errotazioa, uzten leku aldaketak eta ongarri berdeak ezinbestekoak dira, besteak beste», esan du Lukasek. Elikako Etxebestek uste du ekologikoari beti «izen panpoxoak» jartzen zaizkiola, baina, berez, duela 100 urte egiten zen nekazaritza dela orain egiten dutena, organikoa edo ekologikoa deritzona. Ekologikoaren zigilua duen baratze orok Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren baldintzak bete behar ditu, eta horretarako, urtean hainbat bisita egiten dituzte kontseiluko ikuskariek. «Dena oso ondo erregistratu behar dugu. Zer eta noiz landatzen dugun, zer erabiltzen dugun, zer nolako ongarriak ditugun… Dena koaderno batean apuntatzen dugu, eta ondoren, haiek ikusten dute ea denak bat egiten duen», azaldu du Lukasek.
Ekologikoa, kilometro zerokoa, zirkuitu laburrekoa… Askok diote modan dagoen elikadura dela gaur egun. Elikaduraren zaintzari geroz eta garrantzia gehiago ematen zaio egungo gizartean, baina horrek ez ditu erosketa ohiturak aldatu. Garbi jaten den heinean, jendeak supermerkatuetan erosten jarraituko du, askoren ustetan, bertako letxuga batek eta etxe ondoko baratzekoak kalitate berbera dute eta. Gainera, pestizidaz eta plastikoz beteriko barazki eta fruituak aurkitzen dira egun supermerkatuetan, eta hori bera lehenesteak, ingurumenaren kaltea sustatzen du esparru ugarietatik. «Garrantzitsuena lehen lerroan jarri behar dugu, eta hori elikadura da. Gauzak aldatuko dira, baina poliki-poliki. Egun badugu gizartearen zati bat, txikia, ohartu dela elikaduraren garrantziaz, eta haiek abiatuko dute aldaketa. Horrez gain, energiarekiko dependentzia apaltzeko, nazioarteko erakundeek beti gomendatu izan dute zirkuitu laburra lehenestea. Hurbileko sareak ezinbestekoak dira, eta horrela askoz osasuntsuagoak eta burujabeagoak izango gara».
Ekologikoaren atzean ezkutaturik iruzur ugari daudela uste du Lukasek. «Askotan etiketetan gezurra esaten da, eta ekologikoa edo organikoa bezala aurkezten dena ez da halakoa. Guk badakigu zer ekoizten dugun, eta argi dugu gurea nutritiboa dela, eta horren bermeak ongi zaintzen ditugula. Guk lurretik jasotzen duguna berehala dago kontsumitzailearen eskutan. Aldiz, modu industrialean ekoizten dutenen barazkiak garraiatu egiten dira, askotan hozkailuetan, eta noski, hor zenbat eta egun gehiago pasa, elikagaia geroz eta okerragoa izango da». Kontuan hartuta, laborariak esan duen moduan, Euskal Herrian kontsumitzen diren produktuen %90a atzerrikoa dela, edozein dendatako barazki batek milaka kilometro izango ditu eginak.
Negua bihar bukatuko da, eta beraz, baratzean aldaketak datoz hemendik gutxira. Neguko barazkiek udako produktuei lekua utzi behar diete, eta horretarako lurra prestatu egin behar da. «Trantsizio fase batean» dago baratzea Etxebesteren ustez, udarari begira prestaketak egiten hasi behar dira eta. Lukasek, aldiz, uste du negutegien laguntzarekin neguko barazkiei iraupena apur bat luzatzen dietela, eta udakoei hasiera aurreratu egiten dietela. «Maiatza aldean dena prest eduki behar dugu, ekainerako jada udako barazkiekin hasteko. Oraintxe genero asko dugu, eta oso pozik gaude. Beste langile bat jarri behar izan dugu gure alboan, eta horregatik dugu Nando gurekin. Udan lan asko edukiko dugu, eta hori aurreikustea garrantzitsua da».
